HIZKUNTZAK

LH Asteko oharrak (23.02.10)

 


Etapa mailakoak


Mila kilo zorion

Mila kilo zorion

dizugu eskaintzen,

beste urte berri bat

duzulako hasten.

Baietz asmatu zenbat

dituzun betetzen,

zergatik ez ditugu

txaloka kontatzen?

  • Otsailak 13: Oihana Latasa
  • Otsailak 16: Amaia Olaso

Inauterietako bazkaria

Datoren ostiralean, otsailak 17, Frantxillan inauterietako bazkaria antolatu dugu. Asteazkenerako, kafe gelan jarritako orrian izena eman mesedez.

Asteko kanta

Inauteriak gainean ditugunez, girotzen hasteko txaranga hotsak entzungo ditugu astean zehar. 

Ostegun eta ostiralean aldiz, herriko Inauterietako Diana entzungo dugu.


Ikastola mailakoak


Kilometroak 23: “Egunkariatik Berriara, 20 urte” otsailaren 20tik 24ra

Pasa den astean Kilometroak 23ren urteko mugarri nagusiak aurkeztuta, “Egunkariatik Berriara, 20 urte” dugu hurrengo hitzordu nagusia. 2003ko otsailaren 20an, orain hogei urte, guardia zibilak, epaile baten aginduz, “Euskaldunon Egunkaria” itxi zuen; ekainean heldu zen haren oinordekoa, “Berria” egunkaria. Kilometroak 23ren urteko egitarauaren barruan, gogora ekarriko dugu gertaera hura eta euskal gizarteak eman zuen erantzuna.

Langile atarian (albisteen atalean) topatu duzue otsailaren 20tik 24ra bitartean herrian egingo diren ekitaldien egitaraua. Azken eguneko bi hitzorduak ez beste guztiak irekiak izango dira: Esmalteriako Ostiralak tailerrean parte hartzeko izena eman behar da eta “Kantu bat gara” emankizunerako sarrera erosi behar da.

  • Esmalteriako Ostiralak: apuntatzeko aukera jada zabalik dago. Langile ataritik egin dezakezue.
  • “Kantu bat gara” emankizuna: sarrerak otsailaren 14an, 18:00etan, jarriko dira salgai 20€an sarrerak.errenteria.eus webgunean (langile atarian ere baduzue sarbidea) eta Lekuona Fabrikako leihatilan.

“Pulunpa (e)ta Xin!”, lehen aldiz gurean aplikatu eta saritu berria izan den harrera- eta murgiltze-plana

Odei Guiradoren “Pulunpa (e)ta Xin! Erdal jatorria duten ikasleentzako harrera- eta murgiltze-plana” graduondoko lana gure ikastolan aplikatu da lehen aldiz; zehazki LH 4. mailan. Orain egun gutxi jaso du Euskaltzaindiaren Mintzola egitasmoaren 2022ko ikerketa sarietako bat.

“Pulunpa (e)ta Xin!” Euskal Herrira iritsi berriak diren erdal jatorriko ikasleentzat garatutako harrera- eta murgiltze-plan integrala da. Egitasmoa Ikastolen Hizkuntza Proiektuan kokatzen da eta Zirimola Ikastolen Aisialdi Proiektua du oinarri. Gutxiagotutako hizkuntza eta kultura baten testuinguruan gaudela aintzat hartuta, euskaratik eta euskaraz lan egiteko esku-hartze pedagogikoa proposatzen du, horren ardatz dituela euskara, hizkera eta ikastolako eremu informalak, kulturartekotasuna, emozioak, ludikotasuna, jolasa eta atxikimendua.

Esan bezala, lehen aldiz, iritsi berriak diren bi haurrei harrera egiteko aplikatu da gure ikastolan. Esku-hartzearen ostean, emaitzek erakutsi dute egoki eragin daitekeela erdal jatorriko haurren euskalduntzean, euskararekiko, euskal kulturarekiko, eta komunitatearekiko atxikimendua sustatuz. Hain zuzen, euskaratik eta euskaraz ikastolako eremu informalak baliatuz, jolastuz, gozatuz, partekatuz, eta adimen emozionala landuz.


Bestelakoak


Hainbat artikulu interesgarri