ETAPA MAILAKOAK
hIZAN saioa
Datorren asteartean, hilaren 16an, hIZAN saioa izango dugu Linoko irakasle gelan, eguerdiko 12:45ean.
Ebaluazio bilerak
Datorren astean, HH4 eta HH5eko ebaluazio bilerak burutuko dira:
- HH4: astelehena, hilak 15, eguerdiko 12:30ean.
- HH5: osteguna, hilak 18, eguerdiko 12:30ean.
Lagun txiki lagun handi
Ekainaren 18an, ostegunez, ikasturteko azken Lagun txiki lagun handi saioa egingo dute HH5 eta LH6ko lagunek. Gozatu!!!
Ikasturte amaierako familientzako argazki sorta
Gogoan izan, datorren ostegunean, ikasturtean zehar ateratako taldeko argazki-sorta partekatuko dugula familiekin. Aurreko batean aipatu bezala, tutore bakoitza arduratuko da bere taldeko argazkiak familiei bidaltzeaz. Jakinarazpenean idatziko dugun mezutxoa Inikaz jasoko duzue.
Animo ekipo!!! azken txanpa da eta!!!
IKASTOLA MAILAKOAK
2026-27 eskola egutegiak
Asteko ohar hauekin batera bidaltzen dizuegu 2026-2027 ikasturteko eskola-egutegia, datorren ikasturtearen antolaketa eta data nagusiak kontsultatu ahal izateko.
ERRIOLA GUNEA BUELTAN DA!
Aurten ere Erriola Guneari kolorea jartzeko asmoz hasi gara lanean. Hori horrela, ohiko gastronomia gunea antolatu nahi dugu eta gure kultura eta hizkuntza balioan jarriko ditugu 5 egunetan zehar.
Horregatik, denon laguntza ezinbestekoa izango zaigu. Erriola Gunean parte hartu eta txandaren bat egiteko prest al zaude? Bete honako galdetegia. Tradizioz uztailaren 25eko afari bitarteko txanda langileek osatu izan dugu. Giro paregabea izaten da eta lankideak beste modu batera ezagutzeko aukera paregabea. Hala ere, beste egunen bat hobeto badatorkizu ere ongi etorria izango zara.
Horrez gain, urtez urte gaztetxoak ere auzolanean hezteko asmoarekin, pixkanaka lan gehiago egiteko aukera izaten dute. Aurten, muntatze eta desmuntatzean, goizeko prestaketetan, afarietarako mahaiak eta aulkiak kokatzen, afari bitarteko txandetan edota uztailaren 25eko bazkaria zerbitzatzen laguntzeko aukera eskainiko zaie. Horregatik, DBHkoen kasuan ikasleekin gaia lantzea eskertuko genuke eta gainontzekoei inguruko gazteak animatzea. Horretarako, honako galdetegi hau bete beharko dute.
Edozein zalantza, proposamen edo iradokizun izanez gero, idatzi erriolagunea@oreretaikastola.eus helbidera.
Denon artean Erriola Gunea eraikiko dugu!
Erriola Guneko lantaldea
Euskaltzaleon Martxara eta Araba Euskarazera bat egiteko deialdia
Zuzendaritzatik dei egin nahi dizuegu datozen egunetan egingo diren euskararen aldeko bi hitzordu garrantzitsutan parte hartzera.
Batetik, ekainaren 13an Iruñean egingo den Euskaltzaleon Martxan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Mobilizazio honek euskaltzaleak elkartu nahi ditu, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko eta euskararen etorkizunaren aldeko konpromisoa indartzeko.
Bestetik, ekainaren 14an Amurrion ospatuko den Araba Euskaraz 2026 jaian parte hartzeko deia ere egiten dizuegu. Aresketa Ikastolak antolatutako aurtengo edizioak “Taupadak berpiztu!” leloa du, eta euskararen erabilerari eta komunitatearen indarrari bultzada berria ematea du helburu. Egunean zehar adin guztietarako jarduerak, kultur ekitaldiak eta ospakizunak izango dira.
Ikastola gisa, euskararen transmisioa eta erabilera sustatzea dugu oinarrietako bat. Horregatik, uste dugu garrantzitsua dela gure konpromisoa ikasgeletatik harago ere erakustea, euskararen aldeko ekimen hauetan parte hartuz eta babesa emanez.
Animatu eta parte hartu. Elkarrekin, euskararen taupadak indartsu mantentzen jarraituko dugu.
Ikastolaren Eguneko balorazio galdetegia
Ikastolaren Eguna pasa berritan, joan den larunbateko festan modu batera edo bestera parte hartu eta ospakizuna posible egin zenuten guztioi eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu. Zuen inplikazioari eta ekarpenari esker, beste behin ere egun berezi eta eder bat bizitzeko aukera izan genuen.
Era berean, festan parte hartu zenuten lankide guztiak ondoko galdetegia betetzera animatu nahi zaituztegu. Zuen iritzia, balorazioak eta proposamenak oso garrantzitsuak dira guretzat, datozen urteetan ere denon gustuko eta denon artean eraikitako Ikastola Eguna antolatzen jarraitzeko.
Eskerrik asko aldez aurretik zuen denboragatik eta ekarpenengatik.
Ikastolaren eguna lantaldea
Enpresa batzordetik: Euskaltzaleon martxa, Ekainak 13an!!
Euskalgintzaren Kontseiluak larunbatean Iruñean egingo duen Euskaltzaleon Martxara joateko deia luzatu nahi dizuegu.
- Ofizialtasuna Euskal Herri osoan.
- Jauzia hizkuntza politiketan.
- Adiministrazioa euskalduntzeko berme juridikoak.
- Lan mundua euskalduntzeko neurri eraginkorrak.
Larunbatean Iruñera, euskaraz bizitzeko beharrezkoa den dena aldarrikatzera!!
Orereta Ikastolako LAB
Asteko prentsa bilduma
Hemen duzue ikusgai Ikastolen Elkarteak argitaratu duen asteko prentsa bilduma.
Garapen Jasangarrirako Helburuen astea
Aste honetan DBHn Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) astea ospatzen aritu gara. Maila bakoitzean helburu desberdinak landu ditugu.
DBH 1. mailako ikasleek 14. GJHa landu dute: Urpeko bizitza.
DBH 2. mailako ikasleek 2. eta 10. GJHak landu dituzte: Goserik ez eta Desberdintasunak murriztea hurrenez hurren.
DBH 3. mailako ikasleek 1. eta 3. GJHak landu dituzte: Pobrezia desagerraraztea eta Osasuna eta ongizatea hurrenez hurren.
DBH 4. mailako ikasleek 16. GJH landu dute: Bakea, justizia eta instituzio sendoak.
Astean zehar egindako lanketei amaiera emateko, ekintza solidario berezi bat antolatu dugu maila bakoitzean.
DBH2ko ikasleek elikagai-bilketa kanpaina bat prestatu dute, eta jasotako elikagaiak Zaporeak erakundearen bidez Lesbosera bidaliko dira, premia handiena duten pertsonengana irits daitezen. Elikagai-bilketa ekainaren 12tik 18ra egingo da, gure Ikastolako hiru egoitzetan: Esmalterian, Linon eta Añabitarten. Bertan bilketa-guneak prestatuko dira, familiek beren ekarpenak egin ahal izateko. Ahal den neurrian iraupen luzeko elikagaiak lehenetsiko dira: pasta, arroza, lekaleak, olioa, espeziak, kontserbak (atuna…). Hortaz, ANIMATU zuek eta zuen ikasleak ere bertan parte hartzera!
DBH3koek berriz, Kenyan bizi den eta baliabide ekonomikorik ez duen pertsona bati protesi bat egiten lagunduko dute. Horretarako, ikasleek “Helpies” izeneko panpinatxo solidarioak prestatu dituzte, eta haien salmentatik lortutako dirua protesi hori finantzatzera bideratuko da, “Ayudame 3D” Gobernuz Kanpoko Erakundearekin. Ekimen honen barruan, ekainaren 15ean, 11:00etatik 14:00etara, Niessengo plazan (Xabier Olaskoaga plazan), Garapen Jasangarriko Azoka ttiki bat antolatuko dugu. Bertan, “Helpies” panpinatxoak erosteko aukera izango dute herritarrek. Hortaz, ANIMATU zuen familiako kide eta lagunak horretara!
Eskerrik asko zuen elkartasunagatik.
DBHko ikasturte amaierako lantaldea.