HIZKUNTZAK

HH Asteko Oharrak (24.05.17)


ETAPA MAILAKOAK


Klaustroa

Datorren asteartean, klaustroa egingo dugu ohiko leku eta orduan. Gai-zerrenda astelehenean izango duzue ikusgai.

MusikART saioak

Gogoan izan datorren astean MusikART saioekin hasiko garela.

Baso eskola

Datorren astearte eta ostegunean, HH5ekoek egun osoko saioa izango dute baso eskolan.

Ikasturte amaierako taldeko argazkiak

Azken urteetan bezala, ikasturte amaieran taldeko 4-5 argazki bidaliko dizkiegu familiei. Dagoeneko karpetak sortuak daude hodeian. Igotzen dituzuen argazkiak modu honetara izendatu, mesedez: ikasgela_ikasturtea_argazkiaren zenbakia (Adibidez: HH3B_23-24_1).

Ikastola Eguna 2024

Hemen duzue Ikastola Eguneko ikuskizunari lotutako informazioa.


IKASTOLA MAILAKOAK


Hezkuntza Batzordea: maiatzeko bileraren deskargua

Maiatzaren 15ean egin zen Hezkuntza Batzordearen ikasturte honetako hirugarren bilera. Langile atarian duzue laburpena (gainaldean ezkerraldean dauden ikono-zerrendako “organoetako aktak” atalean).

Ikastola Eguna 2024: lehen xehetasunak

Ekainaren 1ean ospatuko dugu Ikastola Eguna. Denok gonbidatuta gaude, apuntatu hitzordua agendan.

BOLUNTARIOAK

Urtero egutegian gorriz azpimarratuta izaten dugun eguna antolatzen ari da Ikastola Eguneko lantaldea, eta egitaraua eta festa aurrera atera ahal izateko, boluntario gisa lanean aritzeko jendea behar da. Bete langile atarian topatuko duzuen inprimakia zertan laguntzeko prest zaudeten adieraziz.

BAZKARIA ETA EDALONTZIAK

Orain bi urte hasitako bideari jarraiki, esperientzia atsegina eta ona dela baloratuta, bazkaria autogestionatua izango da: norberak ekarriko du jatekoa eta Ikastolak Baserriaren inguruan horretarako aulkiak eta mahaiak jarriko ditu. Edalontziak ere, iaz eta aurrekoan bezala, norberak ekartzea gomendatzen da. Salgai ere egongo dira 1€ren truke.


ETAPA ARTEKOAK


LH5 | “Gure eskulturek Ikastolako ganbaran bukatuko zutelakoan, Xenpelar Etxean ikusi ditugu”

LH 5. mailako ikasleek Ann Weber artista estatubatuarraren lana oinarri hartuta plastikako klaseetan sortu dituzten eskulturak herriko Xenpelar Etxeko erakusketa aretoan egon dira ikusgai apirilaren 15etik 20ra. Tarte horretan, Ann Weberren beraren zorion-mezuak ere jaso dituzte sare sozialetatik, eskultore estatubatuarrak pozarren hartu baitu gure gaztetxoen lanaren eta erakusketaren berri.

Urduritasunak eta emozioak baretuta, mailakide guztien ordezkari gisa, Aroa Lujanbio, Itsaso Lopez, Itoiz Apaolaza eta Xalbat Maya elkarrizketatu ditugu. Eta gauza polit eta interesgarri mordoa kontatu dituzte… Langile atarian (albisteen atalean) duzue irakurgai elkarrizketa.

DBH3-DBH4-Oiartzo | English Test fo English

Oiartzok Oxford University-ren “Oxford Test of English” azterketa egiteko aukera eskaintzen du, C1 mailara arte. Froga honen bitartez ingeleseko oinarrizko lau konpetentzien (entzumena, mintzamena, irakurketa eta idazketa) gaineko ezagutzak neurtu eta ziurtagiria lortzeko aukera eskaintzen da, ikastetxean bertan bi orduko online azterketa bakarra eginda.

Oiartzoko bertako ikasleez gain, Orereta Ikastolako DBH 3. eta 4. mailako hala nahi duten ikasleek, Haurtzarokoekin batera, froga egiteko aukera izango dute datorren ekainaren 6an.

HH eta LH2 | Landarbaso abesbatzarekin elkarlanean

HH2tik HH5era arteko eta LH2ko talde guztiak abesbatza munduan murgilduta dabiltza edo murgilduko dira laster batean.

HHko ikasleek MusikaART tailerrak egingo dituzte maiatzaren 23tik 31ra. Landarbaso abesbatzaren eskutik, bertako dinamizatzaile batek gidatu eta lagunduta, ikasgelan bertan egingo dituzte tailerrak, goizez. Ostean, tailerra egin duten eguneko arratsaldean, goizean egindakoa familiek ere ikusi eta gozatzeko aukera izan dezaten, emanaldi txiki bat egingo dute. HH2koek ez dute arratsaldeko emanaldirik egingo.

LH2ko ikasgelak, berriz, abesbatzako entsegu gela bihurtzen ari dira egun hauetan. Kontari | Landarbaso abesbatzako Maddalen Dorronsororen eskutik, apirilaren 30etik maiatzaren 17ra, maiatzaren 19ko kontzertua prestatzeko saioak egiten ari dira ikasleek. LH2ko gela bakoitzak, hiru saio.

LH1-LH3 | Zubiak Eraikiz: Ipar Euskal Herriko lagunen bisita maiatzaren 23an

Maiatzaren 23an LH1, LH2 eta LH3ko ikasgela guztiak Musikasteko emanaldi bat ikustera joango dira, goizez. Horren ostean, Zubiak Eraikiz proiektuan parte hartzen ari diren ikasgelek Añabitarten bazkalduko dute Ipar Euskal Herriko ikaslagunekin. On egin eta ongi pasa!


BESTELAKOAK


Errenterian 11 Kolore jardunaldien IX. edizioa, herrian

Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna da maiatzaren 21a, eta horri lotuta, azken urteetako ohiturari jarraikiz, Errenterian 11 Kolore jardunaldiak antolatu ditu Udalak maiatzaren 15etik 29ra. Ikastolako hainbat ikaslek parte hartzen dute egitasmoan, herriko beste ikastetxeetakoekin batera. Ekimenaren hemendik aurrerako hitzorduetan parte hartzeko gonbita luzatu nahi dizuegu denei. Hemen duzue ikusgai Errenterian 11 Kolore jardunaldien programa.