HIZKUNTZAK

HH Asteko oharrak (23.02.24)


IKASTOLA MAILAKOAK


Matrikulazioa 23-24: emaitzak

Gaur arratsaldean itxiko da 2023-24 ikasturterako matrikulazio-kanpaina. Anartzek, zuzendaritza-taldearen izenean, emaila bidaliko digu emaitzen berri emanez.

2023-24 ikasturtea: baimen eskaerak

2023-24 ikasturtea antolatzen hasteko garaia hurbiltzen ari denez, plangintza eta antolaketarik egokiena egin ahal izateko, langileen asmoen berri izan behar du zuzendaritza-taldeak. Horiek horrela, datorren ikasturterako aparteko eskaerarik egiteko asmoa izango bazenu, bete langile atarian topatuko duzun inprimakia. Martxoaren 10a da horretarako azken eguna.

Ordainketa eskuordetua: behin behineko azken soldata igoeraz

Urtarrilaren 27ko asteko oharretan adierazi bezala, urtarrileko nominan aplikatu zen behin-behineko %2,5eko soldata-igoera.

Ordainketa eskuordetuak otsailean aplikatuko du %2,5eko igoera hori. Horiek horrela, igoera hori iritsi arteko soldata-diferentzia Ikastolak bere gain hartu duenez, soldataren zati bat ordainketa eskuordetutik jasotzen duzuen langile batzuek (ez denek), nomina negatiboa izango duzue otsailean. Hori bada zure kasua, ez egin itzulketarik: Ikastola bera arduratuko da hurrengo egunetan hala dagokizuenei kargua egiteaz.

Lilaton 2023: egin korri Ikastolako taldearekin!

Duela hiruzpalau urte ekin zioten Orereta Ikastolako DBH eta Oiartzoko hainbat ikasle zein irakaslek “Lilatonen” parte hartzeari, elkarrekin igande goiza pasa eta aldarrikapena eta kirola uztartzeko asmoz. Orain arteko esperientzia oso atsegina izan denez, aurten ere, emango diogu jarraipena hasitako bideari. Berezia izango da, gainera, Kilometroak urtea eta Ikastolaren 60. urteurreneko edizioa izango baita.

Orain aste batzuk gonbidatu zintuztegun Ikastolako emakumeak “Lilatonen” izena ematera, laster Ikastolako taldearen berri izango zenutela aurreratuz. Eta hemen gara: “Lilatonen” izena eman (ez da dortsalik geratzen, atzo amaitu ziren) eta Ikastolako taldearekin korri egin nahi duten emakumeek Erriola kamiseta doan jasoko dute. Horretarako, ezinbestekoa da langile atariko hala dagokion inprimakian izena ematea. Horrez gain, martxoaren 5ean, argazki berezia aterako dugu denok batera.

Horratx erronka: baietz Orereta Ikastolak dituen urte adina emakume korrikalari batu taldera! 60 baietz! Anima zaitez, eta anima itzazu zure inguruko emakumeak!

Izena ematen duzuenoi aparteko jakinarazpena helaraziko dizuegu aipatutako guztiaren inguruko xehetasunak jakinarazteko.

Prestakuntza: eskaintza berria

Hainbat ikastaro berri topatuko dituzue langile atarian (prestakuntzaren atalean).

Iñude eta Artzaiak: 25 urte pasatxoko ibilbidearen amaiera

Azken urteetako ohiturari jarraituz gero, otsailaren 26an, Inauteri osteko igandean, Iñude eta Artzaien konpartsaren desfilea egingo genukeen erdiguneko kaleetan barrena herriko hainbat eragilerekin batera.

Aitzitik, hainbat gogoeta, bilera eta eboluzio saiakeraren ostean, hainbat motibogatik eta COVID-19ak eragindako pandemia ere tarteko, orain 25 urte pasatxo hasitako ibilbideari amaiera heldu zaiola jakinarazten dizuegu. Ikastolak ez du aurrerantzean Iñude eta Artzaien konpartsarik eta desfilerik antolatuko.

Zinez eskerrak eman nahi dizkizuegu urte hauetan guztietan Iñude eta Artzaien konpartsaren desfilea, modu batera edo bestera, posible egin duzuen guztiei.

Azpimarratu nahi dugu Ikastolak jarraituko duela ikastolakideekin eta ikastolakideentzako, herritarrekin eta herritarrentzako, ekimenak proposatzen, egiten, sustatzen eta herriko eragileekin elkarlana bultzatzen; herriari ekarpena egiten jarraitzeko saiakeran.

Kilometroak 23: online denda martxan da!

Herriko enparantzako 11. zenbakian dagoen dendaz gain, orain arropa eta osagarriak internetez erosteko aukera ere bada www.kilometroak.eus webgunean. Gauza mordoa topatuko duzue bertan, adin, tamaina eta gustu guztietarako modukoa. Erriola janzteko eta gozatzeko aukera bikaina klik bakarrean, baita berritasunen berri izatekoa ere. Jantzi Kilometroak eta Erriola, eta animatu zure hemengo eta hango ezagun eta gertukoak ere horretara, jada dendara joatea ez baita ezinbestekoa!

Kilometroak 23: “Egunkariatik Berriara, 20 urte” ekimena prentsan


BESTELAKOAK


Oarso 2023 urtekarirako lanak aurkezteko epea zabalik

Ohi gisan, Oarso urtekaria uztailean emango da argitara, Madalenak hasi baino lehentxeago. Udalak eta Oarso aldizkariaren erredakzio batzordeak bertan parte hartzeko deia zabaldu dute. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 15ean amaitzen da. Xehetasunak eta oinarriak: https://herribizia.errenteria.eus/

Hainbat artikulu interesgarri