HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (25.11.14)


ETAPA MAILAKOAK


Berrikuntzako mezuak

DBHko berrikuntza arduradunok eskerrak eman nahi dizkizuegu diziplinarteko proiektuak aurrera eramateagatik. Mila esker guztioi!

Zailtasunak zailtasun lortu dugu, beste behin ere, proiektuak aurrera eramatea. Nolanahi ere, jakin badakigu badugula zer hobetua. Hortaz, ESKERTUKO genizueke edozein balorazio edo ekarpen izango bazenute, guri helaraztea; aurrez aurre, idatziz… nahi duzuen moduan.

Amaitzeko, gogora ekarri nahi dizuegu IKASLEEI diziplinarteko proiektuen DEBOLUZIOA egin behar diegula. Horretarako, EZINBESTEKOA da asteazkenerako, azaroaren 19rako, irakasgai bakoitzeko notak maila bakoitzeko excellean jasota izatea, berandutu baino lehen ikasleei helarazteko.

DBHko berrikuntza taldea

Ebaluazio bilerak

Azaroaren 24 eta 25 arratsaldean EBALUAZIO BILERAK egingo ditugu. Hona hemen zenbait ohar garrantzitsu:

NOTAK

Ebaluazio bilera bakoitzaren bezperarako taldeen notak sartuta egon behar dute.

DENBORAREN KUDEAKETA

Taldeari dagokion balorazio orokorra eginez abiatuko gara. Bertan, tutoreek taldearen lan ohiturak, zailtasunak, jarrerak, harremanak eta erronkak laburbilduko dituzte.

Ondoren, eta ebaluazio bilera eraginkorra izan dadin, ez dugu ikasle guztien gainean hitz egingo, zoriondu nahi ditugun ikasleak aipatuko ditugu eta, ondoren, hobetu daitezkeen emaitzak dituzten ikasleetan zentratuko gara. Kasu horietan, tutoreak proposamen zehatzak egin eta hartu beharreko erabakiak planteatuko ditu.

Aintzat hartu bilera monografikoak ere egingo ditugula, beraz, ez du merezi ikasle jakin batzuekin katramilatzea.

Ahal den neurrian, hortaz, saia gaitezen talde bakoitzari dagokion denbora-tartea errespetatzen.

OHARRAK

  • a) Barnekoak: azaroaren 24 eta 25erako barne ohar guztiak sartuta izango ditugu.
  • b) Kanpokoak: buletinean notekin batera agertuko diren oharrak dira. Bertan, ebaluazioa gainditzeko ikasle bakoitzak ZER egin behar duen zehaztu beharko dugu. (Gogoan izan azterketa egunaren berri notekin batera jasoko dutela, taula batean, beraz, ez duzue data zehaztu beharrik).

EUSKARRIA

  • a) JPPa duten ikasleak: bileran hartutako erabakiak tutoreak/kotutoreak berak gehitu beharko ditu dokumentuan.
    b) JPPa ireki beharko zaie: Ikasleren batekin JPPa irekitzeko erabakia hartuko balitz, tutoreak/kotutoreak dokumentu berria ireki beharko dio.

TUTORETZA OHARRAK

Buletinean bertan, tutoreak irakasle taldearen zenbait ohar adierazi ohi ditu. Gogoan izan honako hauek, mesedez:

  • a) Ez dugu berreskurapenak egin arte “errendimendua hobetzen ez badu, ikasturtea
    berritu beharko du” tankerako oharrik idatziko.
    b) Bestelakoan, lanari eta jarrerari dagozkion oharrak, tutore/kotutore bakoitzak idatzi
    beharko ditu. Ohar esanguratsuenak Calendar-en ere aurkituko dituzue.

Jarraipen Batzordea: ikasturteko lehen bileraren deskargua

Astelehenean, azaroaren 11n, Jarraipen Batzordearen ikasturteko lehen bilera izan genuen. Hemen duzue landutako gai nagusien deskargua.

Calendar-ari lotutakoak

IRAKASLEAK

  • Hedatze: Astelehen eta asteartean, Hedatze akademikoa izango dugu.
  • Klaustro informatiboa: Astelehenean, hamabost minutuko bilera izango dugu (14:30-14:45). Bertan, Euskararen Egunaren inguruko xehetasunak emango dira.
  • Barne oharrak: Astelehen, astearte eta asteazkenean, barne oharrak sartzeko tartea izango dugu.

IKASLEEKIN

  • Baketik: Asteazkenean, 4. mailako ikasleek bide-hezkuntzaren gaineko antzerki-forumean parte hartuko dute. Xehetasunak Calendar-en dituzue ikusgai.

IKASTOLA MAILAKOAK


Ikasleen (eta lankideen) izen-abizenen erabilera idatziaz

  1. Ikasleen izen-abizenak osorik idatzi (ez siglaz) lankideen arteko barne mailako mezuetan (Inika, emaila).
  2. Ikasleen zein lankideen zerrendak egin behar direnean, “abizena1 abizena2, izena” formatua erabili; eta zerrenda alfabetikoki ordenatu.

Har itzazue, mesedez, aipatutako bi kontuak aintzat. Hala jarduteak asko errazten eta azkartzen du lan administratiboa.

Eguberri bezperako kalejira: musikarien taldean parte hartzeko gonbita

Ohiturari jarraiki, aurten ere aterako gara herriko kaleetara gabon-kantak abestera Eguberri bezperan. Musikariak (trikitilariak eta txarangilla) izaten ditugu lagun egun horretan eta talde eragiletik Ikastolako komunitate guztiari (ikasle, ikasle ohi, langile, familia, aitona-amona…) egin nahi diote bertan parte hartzeko gonbita.

Horiek horrela, zuek edota zuen inguruko norbaitek musika-tresna bat (txistua, tronpeta, tronboia, tuba, dultzaina, flauta, klarinetea, saxoa, eskusoinua…) jotzen baduzue eta trikitilarien taldean edo txarangillan parte hartu nahi izango bazenute, bete, mesedez, langile atarian topatuko duzuen inprimakia. Azaroaren 23a da horretarako azken eguna. Izena emateko inprimakian bertan daude entseguaren eta abenduaren 24ko kalejiren ordutegi eta lekuen xehetasunak ere.

Joko diren kantuak Agur Zuberoa, Atiarno, Errenteriako Diana, Euskaldunak gara, Ikusi Mendizaleak, Segurako Alborada eta Lesakako Inauteria izango dira. Kantu horiek instrumentu ezberdinentzako partiturak dituzte. Izena ematen dutenei hala dagokien partitura helaraziko zaie emailez (izen-emate inprimakian adierazten duten instrumentuaren partitura, hain justu).

Azken urteetan, Ikastolako goizeko Eguberri bezperako kalejiran parte hartzen duten musikari askok Ereintzak ilunabarrean antolatzen duenean ere parte hartzen dute. Beraz, aurten ere bietarako deialdia eta gonbita egiten da hemendik. Bietan parte hartzera animatzea bada ere Ikastolaren nahia, batean ala bietan parte har daiteke, hori norberaren esku. Ahal dela, kalejiretara euskal jantzi tradizionalak jantzita joatea asko eskertuko da.


ETAPA ARTEKOAK


DBH3 | Garabide. Bide gara?

Geroz eta homogeneoagoa den gizarte globalean, haren parte, geroz eta anitzagoak diren tokian tokiko testuinguruek erronka berriak sortzen dituzte. Euskal Herriko hezkuntza komunitatean ere, aniztasun kultural eta linguistikoaren areagotzeak erronka eta aukera berriak ekarri ditu mahai gainera. Herriko Udalak eta Garabide Elkarteak hizkuntza eta kultura aniztasuna zein kulturen arteko elkarbizitzaren sustapenean sakontzeko programa bat eskaintzen digute herriko ikastetxeei: Garabide programa.

Garabide, bide gara? Bide izan nahi dugu, baita ongietorri ate edota leiho ere. Orereta Ikastolan DBH 3. mailako ikasleekin egiten dugu lanketa, ikasleei zuzendutako lau sentsibilizazio-saio eta irakasleentzako den beste bat eginez. Irakurri xehetasun gehiago langile atarian (albisteen atalean).


BESTELAKOAK


Sokatira herrikoia: parte hartzeko gonbita

Azaroaren 30erako, Zumardian (euriarekin, Agustina Otaola pilotalekuan), sokatira herrikoia antolatu da.

Festa giroan ongi pasatzea da helburua eta antolatzaileek (Udala eta PUMP sistema) taldeak sortu eta parte hartzera animatu nahi dituzte kirol elkarteak, auzo elkarteak, ikastetxeak, lagun taldeak… Taldeek 6 pertsonakoak izan behar dute: 3 emakume eta 3 gizonezko, guztiak ere 18 urtetik gorakoak. Partaideen pisua ez da kontuan hartuko, helburua goiz dibertigarri eta atsegina pasatzea izango baita.

Parte hartzen duten talde guztien artean Gaztelu jatetxean egiteko bazkari/afaria zozkatuko da.

Seikoteek izena sokatiratxapelketa@gmail.com helbide elektronikora mezua bidaliz eman behar dute (taldeko erreferentziazko pertsonaren izena eta telefono-zenbakia emanez). Azaroaren 18a da izena emateko azken eguna.

24. Korrikaren aurkezpena

24. Korrika 2026ko martxoaren 19tik 29ra artean egingo da, Atharratzetik Bilbora. “Euskara gara” lelopean egingo da eta Errigora izango da omendua. Atzo aurkeztu zen 24. edizioa.

www.korrika.eus webgunean jada ikusgai dago Korrika Kulturalako agenda, Korrika Laguntzailea izateko bideen eta denden berri ere topatuko duzue. Anima zaitezte kuxkuxeatzera eta zuen ekarpentxoa egitera!