ETAPA MAILAKOAK
Mediku azterketak, ekainaren 28an
Honako dokumentu honetan hitzordua hartu beharko du aurrez txanda eskatu zuen langile orok. Bilerak eta bestelako lanak tarteko, guri egokitu zaigun eguna ekainaren 28a izango da. Zuen esku, osatu dokumentua, mesedez.
Helbidea: Hospital Quirón Donostia, 3ª planta – Alkolea, 7
Irakurzaletasuna sustatzeko irakurketa txokoa eta liburutegia
Dakizuenez, lan handia egin da liburutegiko liburuak berrantolatu eta txukunketa lanetan. Orain mintegiz mintegi mahai gainetan dauden liburuak errebisatzea dagokigu, eta horretarako Maitane Segura edo Ane Sobrevielarekin hitzordua hartzeko eskatu nahi dizuegu, liburutegira bertaratu eta baliagarriak diren liburuak hautatzeko, eta beharrezkoak ez direnak behingoz baztertzeko. Ekainaren 19rako lan hori egitea eskertuko genizueke, gerora liburutegia atondu eta “goxatzeko” lanak abiatu beharko baititugu.
DBH1| TXITA tailerra Linoko plazan (ekainak 14, asteazkena)
Calendarren dituzue xehetasun gehiago, baina jakizue DBH 1. mailako Zientzia Txokoko eta Ikaste Tekniketako ikasleek bizikletan modu seguruan ibiltzeko mugikortasun dinamika izango dutela 08:30etik 14:00etara. Hortaz, 26 ikasle horiek egun horretan ez dira DBHra etorriko, jakitun izan zaitezten.
Berrikuntza Pedagogikoa | Ebaluazio buletina eta irakasleon zeregina
Datorren asteazkenean, ekainak 14, 14:30ean ikus-entzunezko gela handian bilduko gara 15 minutuz ekaineko buletinaren konfigurazioa INIKAn egiteko. Gogoratu, ekainean ikas-arloak kalifikatzeaz gain, ikasleak konpetentzietan ebaluatuko ditugula boletin eredu berrian oinarrituta.
Azalpen orokor hori entzun ondoren, ebaluazio bilerari ekingo diogu. Bileran ez zaudeten tarteak INIKAn kalifikazioak sartu eta prestatzeko aurreikusten ditugu. Miren eta Maialen irakasle geletan egongo dira zuen galderei erantzuteko eta laguntza eskaintzeko.
Bestetik, gogoratzen dizuegu, diziplina arteko proiektuen deboluzioa prestatu eta egin gabe dugula. Beraz, tutore ez zareten guztioi, datorren astelehenean, ekainak 12, 4. orduan mekatronikan biltzeko proposamena luzatu nahi dizuegu, deboluzio horiek gauzatzeko. Horretarako, ezinbestekoa da, proiektuetan parte hartu zenuten guztiek astelehenerako kalkulu orriak behar bezala beteta izatea.
Eskerrik asko eta animo!
DBHko pedagogia batzordea
Drive eta hodeiratzea
Ikasturte honi jarritako helburuetako bat OIKS atondu eta elikatzen joatea zen. Pausoz pauso joan gara urrats horiek ematen: zuzendaritzatik hasi, proiektu-batzorde buruetara gero, eta sortaldeetara zein mintegietara, azkenik. Beraz, gogorarazten dizuegu ezinbestean eguneroko lan tresna diren dokumentuak hodeian dagokion lekuan gorde behar ditugula. Batetik, datuen babesagatik, eta bestetik, dokumentuetan sor daitezkeen bikoizketengatik; gure lan egiteko bitartekoa, ikasleekin partekatu behar ez dugun kasuetan, hodeia da, eta salbuespenik gabe, bide horretan aurrera jarraitu behar dugu. Hausnarketa, lan eta aplikazio sakona dago honen atzean; kontuan izan, mesedez.
Ekainaren 12tik 16rako astea, Calendar
Ongi aztertu hurrengo asteko ekimenen zerrenda, eta gogoratu (*) batez Calendarren ikusgai dituzuela xehetasunak. Saio eta tailer ugari ditugu antolatuta: Berdindu saioak, English antzerkia, Ikertzeko saioak, Kultura-eskola antzerkia, Papresara bisita, EREI errealitate migratzaileak, 4. mailakoen azken eguna…
Ekainaren 16an, DBH4ko ikasleen agurra
Datorren ostiralerako etapa amaierako agurra antolatu dute laugarren mailako ikasleek. Ekintza prestatu ahal izateko ordu batzuk eskatu dizkigute, eta, ondorioz, datorren asteartean, asteazkenean eta ostegunean lehenengo eta seigarren saioak horretara bideratuko ditugu. Irakasleren batek arazorik balu, jakinarazi iezaguzue, mesedez.
Ostiralean lehen hiru saioetan DBH4ko ikasleek parte hartuko dute festan, baina jolasgaraiaren ondorengo saioetan DBH osoarentzat izango da eskaintza. 11:15etik aurrera saio arruntak etengo dira, beraz.
IKASTOLA MAILAKOAK
Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza berria
HIK HASI Udako Topaketa Pedagogikoen berri duzue langile atarian (prestakuntzen eta jardunaldien atalean).
2023-24 ikasturteko behin-behineko eskola-egutegia
2023-24 ikasturteko behin-behineko eskola-egutegia hemen duzue ikusgai. Oraindik ez da behin betikoa (ez du Hezkuntza Sailaren oniritzirik) eta ez diegu familiei horren berri eman. Diskrezioz jokatzea eskatzen dizuegu, beraz. Behin betikoa ixtean, horren berri emango dizuegu eta langile atarian jarriko dugu.
Ikastola Eguna 2023: eskerrik asko!
Ikastola Eguna pasa berritan, larunbateko festan modu batera edo bestera parte hartu eta ospakizuna posible egin zenuten denei eskerrak eman nahi dizkizuegu. “Elkarrekin”, horixe izan zen larunbatekoa laburbiltzeko hitza; jarri nahi diozuena eta nahi adina aurretik edo atzetik.
Langile atarian duzue larunbatekoaren laburbilduma. Datorren urtean, gehiago!
Sorgingarra 2023: festan parte hartzeko gonbita
Ikastolaren izaera eta baloreekin bat egiten duela sinetsita, bigarren Sorgingarra antolatu du Ikastolak. Udaburuko suaren lehen garraren jaia izaten da, azken horren osagarri izateko eta bere izaera paganoa azpimarratu nahiz indartzeko asmoz egiten dena. 19:00etan hasiko da Agirre Lehendakaria plazan eta 20:30ak aldera amaitu herriko enparantzan. Langile atarian topatuko dituzue xehetasunak. Anima zaitezte jaian parte hartzera!
ETAPA ARTEKOAK
HH-LH-DBH | Ikasturte amaierako elkarkidetza saioak
Aste honetan Elkarkidetzako saioak izan dira DBHn. HH3, HH4, HH5 eta LH1ekoen bisita jaso dute DBH 3. eta 4. mailako hainbat ikaslek. Langile atarian (albisteen atalean) topatuko dituzue antolatutako goiz-pasaren nondik norakoak.
Mila esker Euskaraz Bizi taldeko kideei euskaratik eta euskaraz elkarkidetza egun hauek posible egiteagatik. Lan ederra izan da, bejondeizuela!
DBH | EAEko Eduardo Chillida Matematika Olinpiadan, ikasle bat saritua
Amaitu berri da EAEko Eduardo Chillida Matematika Olinpiadaren XIX. edizioa, pasa den astean banatu zituzten sariak. DBH 2. mailako Saioa Aldezabal izan da sarituetako bat; bejondeiola!
Matematika Olinpiadaren helburuak, besteak beste, matematikaren arloa ikasle eta irakasleentzako prestakuntza-jarduera dibertigarri baten bidez ezagutaraztea, eta matematika gure gizarte-ingurunera zabaltzea dira. Matematika maitematika izan bedi!
BESTELAKOAK
EAEko hezkuntza lege-proiektua: EHIren agerraldia Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean
Aste honetan, hezkuntzako eragileak EAEko hezkuntza lege-proiektuari ekarpenak egiten aritu dira Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. EHIko ordezkariak ere izan dira bertan, hemen irakur ditzakezue esandakoak.