HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (23.03.03)


ETAPA MAILAKOAK


Lilatoia eta MoreretaON

Hona hemen iganderako eta hurrengo asteko ekimenari dagozkion xehetasunak. Arretaz irakurtzea eskertuko genuke, talde antolakundearen izenean. Bide batez, eskerrak eman antolakuntzan parte hartu duzuen lankide guztiei; erronka beteta, aupa zuek!

Harrera plana, euskarria

Azken klaustroan adierazi bezala, horrelakoetan abiatu ohi dugun prozesua zein den azaldu genizuen. Hemen duzue eskuragarri harrera plana bera eta gelan egokituz gero, tutore gisa, ezagutzea komeni den urratsen zerrenda. Kasuan kasu, egokitu beharra dugula ez ahaztu. Guztion artean prozesua eta harrera bera hobetuz joango garela zalantzarik ez izan, aurrera!

Ebakuazio plana, hainbat argipen

a) Sarrera-irteerak. ADI!

  • DBH1: Komunen aldetik, eskaileretan beherantza, frontoi aldetik irtengo dira. Ikus plano egokitua, mesedez.
  • DBH2: Beheko sarrera nagusitik irtengo dira ikasle guztiak, gertuen daudenetik hasita (Teknologia gelan ikastalderik balego ere kontuan izan).
  • DBH3: Goiko sarrera nagusitik irtengo dira ikasle guztiak, gertuen daudenetik hasita.
  • DBH4: Maila erdia baso eskolako atetik irtengo da (tarteko atea, aurrerantzean, irekita egotea beharrezkoa izango da); eta beste maila erdia, 2. mailakoekin batera, beheko sarrera nagusitik.

Helburua eraikina lehenbailehen hustutzea dela kontuan izan. Autobabes plana berritzea denez asmoa, oraingo honetan, bideratzaileak horrela egiteko eskatu digu. Simulazio hau probatzeko urtea izango da, beraz. Hobetu beharrekoak gerora jakinaraziko dizkigute.

Azkenik, kontuan izan:

  • Irakasle geletan dauden irakasleek behatuko dituzte pasillo horretako komunak, bestelako mintegi eta gela txikiak. Eta ikaslerik balego, bestelako ikasleekin batera, kanporatuko lituzkete, ilaran beti ere.
  • Irakasle gelarik ez dagoen korridoreetan, aldiz, komunetik gertuen dagoen gelako irakasleak ziurtatu beharko du komunak hutsik daudela.

b) Larrialdi burua (edo ordezkoa) izango da sutea baloratu eta beharrezkoa bada, ebakuazio plana aktibatuko duena. Halere, salbuespen gisa, irakasleren batek ikusiko balu sute bat bere dimentsioarekiko guztiz kontrola ezina dela, bera izango litzateke zuzenean alarma jotzen lehena eta 112ra deituko lukeena, ebakuazioa lehenbailehen martxan jar dadin. Honela, larrialdi buruari abisua pasako dio, non gertatu den esanez, jakinaren gainean egon dadin. Baina gure kasuan, SIMULAKROETAN kontsideratuko dugu sutea detektatzen duenak zalantza duela, beraz, larrialdi-buruari deituko dio, eta azken honek erabakiko du egin beharrekoa, pauso guztiak jarraituz.

Lan erregistroak. Klaustroan adierazitako zalantza dela-eta

Denok dakigunez, ordutegiaren aferaren ostean, besteak beste, Hedatze asteak moldatu egin behar izan genituen. Hori dela eta, gure lan egutegia bera ere moldatu egin behar izan dugu (1293 ordura mugatzeko). Azken klaustroan “frexkatu” dugun moduan, halaxe adierazi genizuen abenduaren 5eko klaustroan, eta baita abenduaren 21eko edota urtarrilaren 13ko asteko oharretan ere; Hedatze bakarrean geratzeko proposamena, alegia.

Gauzak horrela, Hedatze asteetan astelehen edo astearteetan “Hedatze saioetan” ikasleekin bete ohi dugu jarduna; eta bestean DigiPresterako tartea izan ohi dugu; etxean nahiz ikastolan egin genezakeela ez ahaztu (norberaren esku dago azken erabaki hori), baina nahiz eta DBHn presentzialki aritu, bertan geratzea aukerakoa denez, ez dugu lan erregistroan adieraziko. Urteko lan egutegiarekin gure artean desorekarik gerta ez dadin, eta lan erregistroak legez entregatu behar ditugula jakinik, lanaldi osoan zaudetenoi aste horietan honela betetzeko proposamena egiten dizuegu: Hedatze egun batean 16:15 arteko jarduna jarriko dugu, eta bestean 14:00ak artekoa. Ekainera heltzean, nola osatu adieraziko dizuegu, ez kezkatu.

Hau da, hortaz, lan erregistroan adierazi beharrekoa. Adibidea:

  • Astelehena Hedatze; 08:00-14:00 // 14:45-16:15
  • Asteartea Hedatze: 08:00-14:00

Hurrengo astelehenean hasita, ekintza osagarri ugari 2. zikloan, adi egon!

Calendarren dituzue bestelako xehetasunak, kontuan izan eta arretaz irakurri, mesedez:

a) DBH3| ExpectationsMartxoaren 6an hasi eta aste osoan zehar.

b) DBH3| Hiri hondakinen kudeaketa tailerraMartxoaren 6an eta 7an.

c) DBH4| Hondamendia antzerki ikuskizuna. Martxoaren 6an (Zaldibar zabortegiko ezbeharrean oinarritutako antzezlana da, gerora lanketa egiteko material pedagogikoa eskura jarriko dute).

Orientazioa dela-eta:

d) DBH4| C ibilbidea: Lanbide Heziketako bisita. C ibilbideko ikasleek La Sallekoen bisita izango dute DBHn martxoaren 6an (11:15-12:10, 4. saioan)

e) DBH4| Oiartzora bisita egingo dute gure gazteek martxoaren 10ean, azken bi saioetan.

Ebaluazio bilerak (2. ebaluazioa)

Tutore eta kotutore bakoitzak izango du bere gelako ebaluazioa kudeatzeko ardura. Denboraren kudeaketari dagokionez, saia gaitezen hartu beharreko erabakietan lehentasuna jartzen; bestalde, zorion mezuen proposamena egina ekartzea hobesten dela kontuan izan. Horretaz gain, irakasle guztiok ebaluazio bilera egoki gauzatu ahal izateko, ikasleen notak goizeko 10:00etarako sartuta izatea beharrezkoa dela gogoan izan. Hurrenkera Calendarren duzue ikusgai.

Horrekin batera, martxoaren 10ean erreklamazio eguna izango dugu, beraz, ohiko prozedura gogoan izan (tutoreari idatzi behar diote gurasoek zein azterketa ikusi nahi dituzten). Ostiralerako azterketa horiek A3an bilduta, Zuzendaritzako mahai gainean egotea eskertuko dugu (12:00ak baino lehen).

Ikastola eguneko antolaketa

Datorren asteazkenean, hilak 8, 2023ko Ikastola Eguna antolatzeko lehen bilera egingo dugu. 18:00etan izango da, Linoko eraikinean. Etapa bakoitzetik irakasle baten ordezkaritza bermatu beharko genuke. Iaz Sara Aramendi eta Ane Badiola joan ziren; aurtengo boluntario bat beharko genuke. Asteazkenen goizerako jakinarazi, mesedez. Eskerrik asko!


IKASTOLA MAILAKOAK


Ikasturte amaierako mediku-azterketak

Ikasturtearen amaieran mediku-azterketak egin ohi ditugu eta horien berri ematera gatozkizue.

Aurten ere Fraternidad-Muprespa mutualitatearekin egingo ditugu. Oinarrizko ohiko azterketez gain, ondorengo azterketa osagarriak egiteko aukera ere badago: azterketa ginekologikoa, emakumeek; PSA markatzailea (odol-analisiarekin batera), 50 urtetik gorako gizonezkoek; eta azterketa laringoskopikoa, denek. Azken hiru azterketen kostuaren %50a langile bakoitzak hartzen du bere gain, Ikastola egiten da kargu beste %50az eta oinarrizko ohiko azterketen %100az. Azterketa guztiak borondatezkoak dira.

Bete, mesedez, langile atariko hala dagokion galdetegia azterketak antolatu ahal izateko. Azterketak egin nahi ez badituzu ere, erantzun, arren, aipatu formularioa, horren jakitun izan behar baitugu. Martxoaren 17a da horretarako azken eguna.

Prestakuntza: eskaintza berria

Haurren eta gaztetxoen irakurzaletasuna sustatzeko irakasleentzako lantegien eta Giupzkoako Bazkundeak antolatutako hainbat ikastaroren berri topatuko duzue langile atarian (prestakuntzaren atalean).

Bedatselekuak (udaberriko egonaldiak) antolatu ditu Ikastolak

Urte luzez Udalekuak antolatzen pilatutako esperientzia oinarri, egun Bedatselekuak (udaberriko egonaldiak) eta Negulekuak ere antolatzen ditu Ikastolak.

Bedatselekuak HH3-LH3 arteko haurrentzako izango dira (izan Ikastolako ikasleak edo ez) eta apirilaren 3tik 14ra egingo dira. Bedatselekuek Ikastolako proiektu hezitzaileari jarraipena ematea dute xede, bide batez, familien premiei ere erantzunez. Langile atarian (albisteetan) duzue informazio xeheagoa.