HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (22.10.28)

 


Etapa mailakoak


Ikastolako materiala eta espazioen zaintza

Azken egun hauetan komunak, gortinak, argiteria, aulkiak, mahaiak, leiho-kristalak, apalak… erabilera okerra dela eta hautsita topatu ditugu zenbait gela edota pasillotan. Jarrera eta utzikeria honen aurrean, zorroztasuna eskatu behar dizuegu.

Zerbait ikusiz gero, neurriak hartu beharko ditugu, guztion artean arreta mantenduz, ea ikastola ahalik eta egoera onenean mantentzea lortzen dugun. Animo!

Lanaldi erregistroa

Urriaren azken astean gauden honetan, mesedez, ohi duzuen moduan, osatu urriko lan erregistroa eta utzi Zuzendaritzako apalean hurrengo astean zehar.

Oharra: irailean egin bezala, lankideren batek berea partekatu nahiko balu lankideekin, aurrera!

Kirol proposamena

Ikastola ondoan Padel pista berriak ireki dituzte. GH eta OKE saioetan ikasleekin erabiliko ditugu, eta zuetako norbait animatzen bada, taldetxo bat osa dezakegu astero edo noizean behin jokatzeko. Lehen aldia, azaroaren 7an egingo dugu, klaustroa eta gero… animatzen zaretenak, Aitorri mezua bidali eta taldetxoa osatzen badugu jokatuko dugu. Norbaitek jokatzeko interesik izango balu, baina egun horretan ezingo balu, esan eta hurrengo deialdia beste asteko egun batean egingo dugu.

Inika: zaintzak

Zaintzaren bat utzi edota egokitu zaizuenoi, ohartuko zinetenez, Inikaren bitartez proba lanetan aritu gara orain arte; eta emaitzak asebete gaitu: Zaintza uzten duenak zeregina bertan idatz dezake, eta administrariak zaintza dagokionari esleitzen dio. Modu horretan zerrenda pasatzeko aukera ere badu zaintza egiten duenak. Horretaz gain, zaintza egiten duenaren kontabilizazioa ere egiterik izango dugu, eta baliagarria izango zaigu bestelako erabakiren bat hartu beharko balitz. Hona hemen horiek guztiak ongi azaltzen dituen pildoratxoa; on egin!

Inauteriak: Herri mailako bilerak martxan

Herri mailan Inauteriak 2023 antolatzen hasiak dira, hemen duzue lehen bilerako akta, eta UKPan adierazi bezala, herriko eragile eta elkarteekin batera, gure parte hartzea eta presentzia bermatzea, herrian aktibo izatea garrantzitsua da. Hori dela eta, DBHk ere behar du bere ordezkaritza. Hurrengo bilera azaroaren 16an izango da, 19:00etan Reina aretoan. Mesedez, klaustroaren izenean bertan parte hartzeko prest dagoen edonor jar dadila gurekin harremanetan.

Ardurak eta lanak banatuz gero, emaitza hobea izango dela zalantzarik ez izan. Aurrera!

Hedatze eguerdiak: bazkalordua

Hedatze saioetan geratzen diren ikasle askok DBHn bazkaldu ohi dute, beraz, pasilloetan eta geletan egon ohi diren joan-etorriak mugatze aldera, honako hau proposatzen dizuegu: eguraldi ona eginez gero, kanpoaldean bazkal dezatela, barrualdean ez daitezela egon, mesedez. Eta bestelakoan, eguraldi txarra edota hotza egingo balu musika gela eta beheko korridorea zabalduko genieke (ahal dela zaintzapean egingo dugu). Bestelako proposamneik izanez gero, jakinarazi.

LHra bisitak: ikasleak

Ikasle taldetxoren batek LHra igo nahi duela adierazten badizue, jakizue tutorea izango dela baimena ematearen arduradun. Eta puntualtasunari garrantzia eman, mesedez.

Asteazken eguerdiak: neurri zuzentzailea duten ikasleen zaintza

Zaintzen zerrenda aktibatu beharrean gaude, beraz, zerrenda eta egutegia bi irakasle geletako kortxoetan jarriko dugula jakinarazten dizuegu. Adi egon, eta trukeren bat egin beharko bazenute, zuen artean moldatzeko eskatuko genizueke. Mila esker.


Ikastola mailakoak


Kilometroak 23: aurkezpen ekitaldia eta dendaren irekiera

Urriaren 5ean, Irakasleen Nazioarteko Egunean, azaroaren 4an (19:00etan, Lekuona Fabrikan) egingo den Kilometroak 23ren aurkezpen ekitaldirako gonbidapena jaso genuen.

Orain, edukiera kontuengatik, ekitaldira joango zaretenen baieztapena behar dugu. Horretarako, sartu sarrerak.errenteria.eus webgunean eta hartu gonbidapen “ofizialak” bertatik. Urriaren 31tik aurrera egongo dira eskuragarri.

DBHko ikasle eta irakasle talde batek propio egokierarako sortutako ipuina oinarri, Ikastolako ikasle, langile, familia eta komunitateko hainbat kidek herriko zenbait eragilerekin elkarlanean ondutako zuzeneko ikus-entzunezko ikuskizuna izango da Kilometroak 23ren aurkezpen-ekitaldia; 40 bat minutuko iraupena izango duena.

Festaren leloa, irudia, helburuak eta asmoak ezagutuko ditugu ekitaldian.

Gogoratu, urriaren 5ean jasotako gonbidapenak Kilometroen dendan opari bat izango dugula ere esaten duela. Azaroaren 5ean irekiko da denda eta urriaren 5eko kupoia beharko da oparia jasotzeko.

Artezkaritza Kontseilua: urriko bileraren deskargua

Asteazkenean, urriaren 26an, izan genuen Artezkaritza Kontseiluaren urriko bilera. Hemen duzue laburpena.

Ikastola prentsan

Gau Beltza: Herribizia | Noticias de Gipuzkoa | Diario Vasco


Bestelakoak


Errigora: Udazkeneko kanpaina 2022

Martxan da Errigorako udazkeneko “Euskarari Puzka” kanpaina. Azaroaren 10era arteko epea dago saskiak eskatzeko. Langile atarian topatuko dituzue xehetasunak eta eskaerak egiteko aukera.

Errigoraren helburua elikadura burujabetza eta euskara hauspotzea da. Horri jarraiki, aurten ere, saskietatik lortutako diruaren %25a Agerraldia indartzeko eta Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko euskalgintza laguntzeko erabiliko da; tartean, bertako Ikastolei laguntzeko. Anima zaitezte kanpainan parte hartzera eta zuen ekarpena egitera!

Euskaraldia: euskaldunen ahalduntze eskola, Lau Haizetara elkartearen eskutik

Lau Haizetara Euskaldunon Elkarteak euskaldunak ahalduntzeko eskola antolatu du, urritik abendura. Ahaldundu, prestatu eta esperientziak partekatzeko eskola da, parekoari euskaraz egitean egoera deserosoak gaintzen laguntzeko asmoz. Hemen xehetasun gehiago eta izena emateko aukera.

Pantailaldia: astebetez euskarazko ikus-entzunezkoak sustatzeko ariketa kolektiboa

Euskaraldiaren testuinguruan eta euskalgintzako hainbat eragileren babesarekin, Pantailak Euskaraz taldeak Pantailaldia antolatu du, azaroaren 11tik 18ra euskarazko ikus-entzunezkoak sustatzeko egingo den ariketa. Parte-hartzaileek euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitu edota sortzeko konpromisoa hartuko dute. Helburua kontsumoa eta sormena sustatzea eta, bide batez, dauden hutsuneak azaleratzea da. Hemen, xehetasun gehiago; eta hemen, izena emateko aukera.

Hainbat lotura interesgarri

EAEko Hezkuntza Legea: azken egunetako hainbat erreakzio