Iaz ekin zion Ikastolak, aurreneko aldiz, DBHko hainbat ikasle zein irakasleren eskutik “Lilatonen” parte hartzeari, elkarrekin igande goiza pasa eta kirola uztartzeko asmoz. Guztira, 18 lagun elkartzea lortu genuen eta esperientzia oso atsegina eta asegarria izan zen.
Aurten ere, iaz abiatutako ekimenari jarraipena eman nahi diogu. Egoera delakoa izanik ere, DBHko ikasle eta irakasleek “Lilatonen” izena eman eta parte hartzeko asmoa dute, baita iazko marka haustekoa ere.
Gauzak horrela, “Lilaton birtualean” izena ematera animatu nahi zaituztegu, Ikastolako ikasle eta langileekin batera. Animatuz gero, saioa burutu behar duzuen egunean bideo labur bat grabatzea ere eskatu nahi dizuegu. Bertan gure leloa esan, abestu… beharko zenukete: “Ausartak ez, askeak baizik”. Lelo hori Asun Casasola narrazio laburren lehiaketan proposatu duten bera da eta geure egin nahi izan dugu Asun Casasolari gure atxikimendua adierazteko.
Gurekin bat egin nahi izanez gero, bideoak honako helbide elektronikora bidali behar dituzue: moreretaon@oreretaikastola.eus Jasotzen ditugun guztiak bildu eta Orereta Ikastolako lilatoizaleen bilduma egiteko asmoa dugu baita ikusgai jartzeko ere. LilatON, aurten ere ON! Animatu eta parte hartu!