Ekimen herritarrak
Zubiak Eraikiz
Hiru administrazio-eremutan banatuta badago ere Euskal Herria, horrez gaindi, nazionala da Ikastolon proiektua eta elkarrekin eta elkarlanean egiten dugu lan.
Urruña, Biriatu, Hendaia, Ziburuko Kaskarotenea, Berako Labiaga, Lesakako Tantirumairu eta Orereta Ikastolak elkarlanean sortu eta aurrera daramaten proiektua da Zubiak Eraikiz.
Ikasturteari ongietorri festa
Ikastolako langile eta hainbat batzordetako gurasoen artean antolatuta, ikasturteari ongietorria ematen zaio urriaren 12an Añabitarte baserriaren inguruan arratsalde-pasa ederra eginez.
Esmalteriako Ostiralak
0-6 urte arteko haur eta euren familientzako herriko euskarazko aisialdi eskaintza osatzeko asmoz, hilean behin ekintzak antolatzen ditu Orereta Ikastolak: Esmalteriako Ostiralak.
Gau Beltza
Ikastolak, herriko hainbat eragileren laguntzaz, Gau Beltza antolatzen du urriaren 31ko ilunabarrean.
Gureak diren kontakizunetatik abiatuta, jai hau birsortzea da helburua; eta honen guztiaren ardatz herria, komunitatea, aniztasuna, berdintasuna, izaera eta euskara dira.
Euskararen Astea
Euskararen Egunaren ildotik, (h)arian Euskara Astea antolatzen du Orereta Ikastolak herriko beste hainbat eragileren proposamenak osatzeko asmoz.
Mari Domingiren Errepublika Magikoa
Mari Domingiren Errepublika Magikoa Euskal Herriko betiko tradizioak eta egungo jendartearen izaera, desio nahiz erronkak uztartzen dituen esperientzia magikoa da.
Abenduan, Añabitarte Baserria Mari Domingiren etxe bihurtzen da eta haren inguruko zelaiguneak xarmaz, iratxoz eta baratzezainez betetzen dira. Mari Domingiren etxea bisitatzen dute Añabitartera etortzen direnek. Mari Domingirekin berriketan aritu, gutuna eman eta salda bero bat hartzeko aukera izaten dute.
Gabonetako kantu-bira
Eguberri bezperan herriko kaleak alaitzera ateratzen dira Ikastolako ikasle, familia eta langileak kalejiran, Olentzerorekin eta musikariekin.
Hezkuntza Astea
Hezkuntzaren Nazioarteko Eguna da urtarrilaren 24a. Horren harira, herritar orori zuzendutako Hezkuntza Astea antolatzen du Orereta Ikastolak.
Inauteriak
Inauteriak ospatzen ditu Orereta Ikastolak Añabitarten eta hirigunean, herrian barrena.
MoreretaON
MoreretaON Emakumearen Nazioarteko Egunari lotuta sortu zen, berdintasunaren aldeko aldarrikapena da. Orereta eta Oiartzo Ikastolako komunitateak eta herriko parte-hartzaileek, testigua eskuz esku pasatuz, goizeko 8:00etatik 16:30era korrika egiten dute.
Ikastolaren Eguna
Ekainaren lehen larunbatean, Ikastolaren Eguna antolatzen da komunitate guztia elkartu eta ikasturtea agurtzeko.
Sorgingarra
Udaburuko suaren lehen garraren jaia da Sorgingarra, azken horren osagarri izateko eta bere izaera paganoa azpimarratu nahiz indartzeko asmoz sortutako egitasmoa. San Juan bezperaren aurreko larunbatean ospatzen da, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean.
Negulekuak | Bedatselekuak | Udalekuak
Eguberri, udaberri eta udako oporraldietan ere aisialdirako aukera euskalduna eskaintzea da Orereta Ikastolako neguleku, bedatseleku eta udalekuen helburua. 2 urtetik hasi eta 12 urte arteko (udalekuak) edo 3 urtetik 9ra arteko (negulekuak eta bedatselekuak) herriko gaztetxoei zuzendutako jarduera da eta erabateko lotura du Ikastolaren hezkuntza-proiektuarekin. 2 urteko haurrentzako Ikastolako udaleku-eskaintza bakarra da herrian.
Erriola Gunea
Herriko jaietan, Erriola Gunea antolatzen du Orereta Ikastolak Koldo Mitxelena plazan, jaietan herritarrei elkargune bat gehiago eskaintzeko asmoz. Eskaintza gastronomikoa eta kulturala izaten da Erriola Gunean. Bertan lortutako dirua, normalean, Zubiak Eraikiz egitasmoa hauspotzeko erabiltzen da.
Ingeleseko B2 ziurtagiria
Oxford-en bitartez, ingeleseko B2 mailara arteko ziurtagiri ofiziala lortzeko aukera eskaintzen dio Orereta Ikastolak hala nahi duen herritar orori.
Aisialdiko begirale titulua
Haur eta gazteen aisialdirako jardueren dinamizatzaile titulua ateratzeko aukera eskaintzen du Ikastolak, Aisiola aisialdi-eskolaren bitartez. Lanbidek homologatutako titulua da eta hala nahi duen hamasei urtetik gorako herritar orok eman dezake izena.
Lehen sorospenerako arreta-eskolak
2019an txertatu zuen eskola-curriculum-ean lehen sorospena Orereta-Oiartzo Ikastolak. Langileek eta DBHko eta batxilergoko ikasleek bi urtero egiten dituzte formazio-saioak. Bi urteroko formazio-saio horiek oinarri, irakaslearen laguntzaz, gaur egun, ikasleek beraiek formazio-saioak gidatzen dituzte. Eskualdeko eta Euskal Herriko hainbat ikastetxe eta Ikastoletan (ikaskideei eskainiz formazioa), eta herriko kirol elkarteetan (zuzendaritza eta talde teknikoei eskainiz formazioa) aritzen dira horretan.