Baserria: Erabilera Araudi Orokorra
Ikastolako Artezkaritza Kontseiluak 2020ko urrian onartutako Añabitarteko Baserriaren Erabilera Araudi Orokorra ezagutu eta errespetatu behar du elkarte gastronomikoa erabiltzen duen Orereta Ikastolako bazkide orok.
- Lehen egokitzapena: 2022ko maiatzeko Artezkaritza Kontseiluaren bileran Baserriaren giltza-kudeaketaren inguruan hartutako erabakietara egokitu da, baita internet bidezko erreserba sistema eta kontsumo-orriak betetzeko ordenadore sistemara ere.
- Bigarren egokitzapena: 2025eko Ohiko Batzar Nagusian hartutako erabakietara egokitu da (txartela/giltza eskatzean ordaindu beharreko fidantzaren desagertzea eta urteko bazkidetza kuotaz gaineko Baserriko elkarte gastronomikoaren erabilera kuotaren ezarpena).
Lehen atala: Añabitarte baserria
1.1. Baserria
- Gogoratu ikastetxe batean gaudela. Mesedez, denen ardura da guztia txukun mantentzea, gero bertan haurrak ibiltzen baitira.
- Añabitarte Baserria familia boluntarioek kudeatzen dute. Lantaldera
baserriko edozein bazkide elkar daiteke. Erabileratik lortzen den dirua Baserriko mantentze lanetarako eta bertan hobekuntzak egiteko inbertitzen da. - Erakundeak antolatzen dituen ekimenek lehentasuna izango dute
Ikastolaren eremu guztian. Horregatik, Ikastolak baimendutako ekimenak antolatzen direnean Baserrian edo haren inguruetan (Mari Domingiren Errepublika Magikoa, San Tomas eguna eta Ikastolaren Eguna, besteak beste) Baserria itxita edo erabilera mugatuarekin egongo da ekimen horrek irauten duen bitartean. Bazkideen erreserbak egonagatik, lehentasuna izango du ekimenak eta erreserbak atzera botatzeko eskumena izango dute Ikastolako Artezkaritza Kontseiluak eta zuzendaritza taldeak.
1.2. Bazkideak
- Baserriko erabiltzaile arduradun bezala onartuak izango dira:
- Orereta Ikastolako bazkide titularrak eta hauen senar-emazte edo bikotekideak (eeme-alaba eta gurasoak ez dira Baserriko bazkide gisa onartuko)
- Orereta Ikastolako langileak
- Orereta Ikastolak, dagokien organoen erabakiz, horrela izendatutako pertsonak
- Bazkide izateko derrigorrezkoa da 18 urteak beteak izatea
- Bazkide izateko derrigorrezkoa da horretarako ezarritako kuota
ordaintzea. - Bazkide ororen eskubidea eta betebeharra izango da Baserriaren
zuzendaritza-taldean parte hartzea.
- Bazkideak Baserrira eramandako gonbidatuen jokabidearen arduradun eta erantzule izango dira.
1.3. Zuzendaritza-taldea
- Zuzendaritza taldea Baserria elkarte gastronomiko moduan jarduteko talde eragilea izango da, betiere Ikastolako Batzar Nagusiaren eta Artezkaritza Kontseiluaren gidaritzapean.
- Gutxienez 8 pertsonek osatuko dute zuzendaritza-taldea.
- Baserriko bazkideek osatuko dute, osaera ondorengo irizpideen arabera eginez:
- Baserriko bazkide boluntarioak.
- Nahikoa boluntario ez balego, baserriko bazkide-zerrendatik (alta-
ordenan) azkenekoz betebehar honetarako aukeratuetatik hurrengoak, taldearen pertsona kopuru minimoa osatu arte. - Lehenengo aldiz bazkide zerrendatik kideak aukeratu beharra dagoenean, ordezkatuko den zuzendaritza taldeak zozketaz aukeratuko du zerrendako zein puntutik aurrera hasi hautaketa.
- Taldearen lanaldia urte batekoa izango da. Kideek lanaldi bat baino
gehiago egin ahal izango dute, hala nahi badute (boluntario aurkezten badira, alegia). - Taldearen karguak
- Ordezkaria (lehendakaria): Zuzendaritza taldea ordezkatuko du dagokion tokietan (Asanblada Orokorra, Artezkaritza Kontseilua, etab.).
- Idazkaria: Taldearen bileren gai-zerrendak eta aktak prestatuko ditu. Komunikazioa kudeatuko du.
- Diruzaina: Baserria elkarte gastronomiko moduan erabiltzeko beharrezko kontrol ekonomikoa izango du. Hala badagokio: kontu korrontearen kontrola, hornitzaileen fakturazio eta ordainketak kudeatzea, Baserriko kideen kontsumo-orrien ordainketen kontrola, etab.
- Biltegizaina: jarduerarako beharrezko gaien horniduraz arduratuko da: hornitzaileei eskaerak egitea, biltegi eta stock-aren kontrola, etab.
- Bokalak: taldeko gainerako kideak. Ordezkari, idazkari, diruzain eta biltegizainari lagunduko diete, eta jarduera arruntean egin beharreko lanak elkarbanatuko dituzte.
Bigarren atala: araudia
2.1. Erreserbak
- Erreserba bazkideak egin beharko du, horretarako zehaztutako bideak jarraituz.
- Bazkideak giltzik ez badu, horretarako jarritako bideak jarraituz jaso beharko du.
- Baserriko giltza ezin da beste pertsonekin (bazkide edo ez bazkide) partekatu.
- Zenbakia duen mahai bat hartzeko, lehenengo erreserbatzea derrigorrezkoa da. Ez da inondik inora beste bazkide batek erreserbatu duen mahai bat erabiliko.
2.2. Baserriko egonaldia
- Bazkideak une oro egon beharko du Baserrian, bere gonbidatuak bertan dauden bitartean. Bere taldetik lehena izango da sartzen eta azkena ateratzen.
- Ikastolaren eremuko atea itxita mantenduko da, bereziki Ikastolako bulegoa itxita dagoenean (lanegunetan, 17:00etatik aurrera; jaiegunetan eta oporretan, egun guztian zehar).
- Txakurrik ezin da sartu; ez Baserriaren barrura, ezta Ikastolako eremu osora ere.
- Erretzea debekatuta dago Baserriaren barruan zein Ikastolaren eremu osoan.
- Zigarro-puntak lurrera botatzea erabat debekatuta dago eta falta larritzat hartuko da.
- Baserria txukun mantenduko da beti:
- Plater, ontzi, edalontzi, mahai tresna eta gainerakoak ondo garbitu, lehortu eta bere tokian jasoko dira.
- Erabilitako mahai eta aulkiak joan aurretik garbitu egingo dira.
- Erratza pasako da erabilitako gunean eta haren inguruan.
- Aulkiak mahai gainean utziko dira Baserria garbitzea errazteko.
- Mahai eta aulkiak tokiz mugitu eta kalera atera ahal izango dira. Egonaldia bukatzean beren tokira bueltatuko dira beti.
- Sukaldea jaso eta garbitu egingo da erabili ondoren.
- Baserria eta ingurua txukun mantendu eta zainduko dira.
- Sortutako zaborra norberak eraman behar du eta dagokion zabor-ontzietara bota (ez paperontzietara).
2.3. Elkarbizitzarako arauak
- Ez da gainerako bazkide zein gonbidatuak gogaituko dituen portaera eta jarduerarik onartuko (musika altua, zarata, etab.)
- Beste bazkide batek hala eskatuz gero, musika itzaltzea derrigorrezkoa izango da.
- Adin txikikoen behar bezalako portaeraren jarraipena egingo da.
- Ondoko bizilagunekin ere elkarbizitza arauak berdin zaindu beharko dira.
- Ikastolako instalazio, ekipamendu, material zein beste edozein motako aktiboen hondatze, puskatze, lapurtze edota kalteen arduraduna bazkidea izango da. Abisua pasa beharko dio Baserriko lantaldeari. Abisurik pasa ezean, harek ordaindu beharko du eta falta larri gisa hartuko da. Ordaindu ezean, falta oso larria izango da.
- Erabiltzaileren batek beste norbaitek portaera desegokia izan duela irizten badu, Baserriko lantaldeari jakinarazi diezaioke.
2.4. Kontsumoak
- Baserria erabili ondoren eta bertatik joan aurretik kontsumo orria (nota) bete behar da, momentuan horretarako prestatutako medioen bidez (papera, ordenagailua, etab.).
- Kanpoko edari guztiengatik deskortxea ordaindu beharko da (unitate bat botilako).
- Erabiltzaile guztiek ordaindu behar dute Baserriaren erabilpenagatik, haurrek zein helduek. Horretarako, kontsumo orrian zehaztu behar da erabiltzaile kopurua.
- Kontsumo-faltak. Baserria kudeatzeko lantaldeak gainbegiratzen ditu astero kontsumoak. Gerta liteke zurekin harremanetan jarri behar izatea hutsegiteak dauden asteetan. Ez da inor susmopean jartzen; asteko erabiltzaile guztien kolaborazioa ezinbestekoa da kontuak kudeatzeko garaian.
2.5. Baserritik joatean
- Ziurtatu ateak eta leihoak ongi itxita daudela; argiak itzali, gasa itxi eta su eta labeen mandoak iraungita daudela ziurtatu.
- Baserriko atea giltzaz itxiko da, baita Ikastolaren eremuko hesiko atea ere (ondo bultzatu eta gero sarrailari buelta eman behar zaio).
2.6. Xehetasun gehigarriak
- Egoera bereziei aurre egiteko, Baserriaren kudeaketa taldeak (Ikastolako dagokion organoaren oniritziarekin) xehetasun gehigarriak onartu ahal izango ditu.
- Gehigarri horiek araudi honen osagarri izango dira eta bertako arauen balio eta ondorio berberak izango dituzte. Indarrean sartzen direnean, bazkideei jakinaraziko zaizkie Ikastolaren ohiko informazio bideen bidez.
Hirugarren atala: faltak eta zigorrak
Orokorrean, hiru mailatako arau-hausteak eta horiei dagozkien zigorrak ezartzen dira:
3.1. Falta arinak
- Besterik zehaztu ezean, araudiko edozein arau-hauste falta arina izango da.
- Lehen faltak abisua suposatuko du.
- Arau bera bigarrengoz edo hiru arau-hauste arin pilatzea falta larritzat hartuko da.
3.2. Falta larriak
- Bazkideak ezin izango du Baserria erreserbatu ezta erabili ere (beste bazkide batek gonbidatuta izan arren) urtebeteko epean. Falta larria egin duela jakitera ematen zaion unean sartuko da indarrean zigorra.
- Bazkideak zigorra beteko ez balu, falta oso larriatzat hartuko da.
- Bazkideak bigarren falta larria egingo balu, falta oso larritzat hartuko da.
3.3. Falta oso larriak
- Bazkideak ezin izango du gehiago Baserria erreserbatu ezta erabili ere (beste bazkide batek gonbitatua izan arren).
Faltak Baserriko kudeaketa taldearen batzarrak erabakiko ditu, bazkidea entzun ondoren. Erabakiari helegitea jar diezaioke bazkideak Artezkaritza Kontseiluan.
Laugarren atala: Giltza/Txartela
- Baserrira sartzeko txartel nominatiboa behar du bazkideak.
Txartela izateko ez da fidantzarik eskatuko. Txartela bazkide titularraren izenean egongo da beti. - Bazkideek Baserrira joateko beraien izenean egongo den txartela eskatu behar dute. Langileek Ikastolako beraien txartela erabiliko dute.
- Txartela galtzen duenak, berria eskatu ahal izango du, 30€ ordainduz. Txartela galdu duela ohartu bezain laster adierazi beharko du baserria@oreretaikastola.eus helbidera.
- Txartelak funtzionatzeari utziko balio, bazkideari txartel berria entregatuko zaio, betiere aurreko txartelaren truke.
- Txartela puskatuko balitz, bazkideari txartel berria entregatuko zaio, betiere aurreko txartelaren truke eta 30€ kobratuta.
- Baserriko bazkide batek baja emanez gero, txartela bueltatu egin beharko du. Hori egin ezean 30€ kobratuko zaizkio.
- Txartela bazkideak (eta bere bikoteak, Baserrian altan emana badago) esklusiboki erabili ahal izango dute, eta ezin izango diote beste inori utzi.