HIZKUNTZAK
  • Jatorria

    2012an beste Ikastolek egin bezala, Orereta Ikastolako Artezkaritza Kontseiluak Orereta Ikastolako Añabitarte Guraso Elkartea sortzea erabaki zuen. Honela, Ikastolen Elkarteak elkarte bakoitzerako dirulaguntza baterako aukera lortzen zuen.

    Orereta Ikastolakoa sortu bazen ere, ez du aktibitaterik izan: “lo” egon da, 2024 urterarte.

  • Helburuak eta abian jartzea

    Ikastolako guraso elkartea “esnatzea” erabakitzen da 2023ko azaroko Artezkaritza Kontseiluan, arazo batzuei soluzioa emateko asmoz:

    • Gizarte Segurantzari lotutako araudia eta beronen aplikazioa bera aldatzen joan da urteetan zehar. Horrek Ikastolaren kudeaketan aldaketak ekarri ditu, baita zenbait arazo ere. Besteak beste, eskola kiroleko hezitzaile diren lankide finkoak irakasle lanetara promozionatzeko sortzen direnak. Interesa duten hezitzaileak ordezko irakasle lanetarako deitu nahi izaten ditu Ikastolak, eta kontratu finkoa dutenez, ordezko lan horiek aldi baterako kontratu batekin lotzeko zailtasunak izaten ditu. Eta gela-galtze egoeran, Ikastola ez dago irakasle profileko kontratu finkoak egiteko moduan.
      Eskola kiroleko hezitzaile lanak eta irakasle lanak bateragarriak izan daitezen, hezitzaileak Añabitarte Guraso Elkartea erakundeko langile izatera pasako lirateke. Horrela, elkartean hezitzaile kontratua izango lukete eta, irakasle lanetarako deitzen zaienean, Orereta Ikastola Koop. E.-k egingo lieke bateragarria izango litzatekeen beste kontratu bat.
    • Bi urtekoen udalekuak bertatik kudeatu daitezke.
    • Guraso Elkarteari beste aplikazio batzuk ere aurreikus dakizkioke. Adibidez, Orereta Ikastolak badu dagoeneko dirulaguntza-hitzarmen bat udaletxearekin. Azken boladan, Udalak esaten du hitzarmen hori indarrean egotea beste laguntza batzuk lortzearekin bateraezina dela. Bateragarri egiteko, dirulaguntzak erakunde ezberdinek eskatzea da aukera, alkateak eta zinegotziak baieztatu bezala. Hortaz, Madalenetako Erriola Gunea antolatzeko dirulaguntza Añabitarte Guraso Elkartearen izenean eskatzeko aukera egongo litzateke.

    Orereta Ikastola Koop. E.-rekiko erakunde independientea da, eta horregatik:

    1. Elkarteari izena aldatu zaio. Orain, Añabitarte Guraso Elkartea da.
    2. Bazkideek eta, beraz, zerbitzua kontratatzen dutenek ez dute zertan Orereta Ikastolako gurasoak izan.
    3. Orereta Ikastola Koop E. bera bazkide da, eta beraz, bi erakundeak ez dira gauza bera izango. Honela, erakundearen parte izatea bermatuko da.
  • Bazkidetza

    Eskola kirola, udalekuak edota beste zerbitzuak kontratatuko dituzten gurasoak bazkidetu behar dira Añabitarte Guraso Elkartean.

    Bazkidetza doakoa da. Zerbitzu erabileragatik kobratuko diren zenbateko guztiak, hain zuzen ere, zerbitzuari lotutakoak izango dira (ez bazkidetza edo ekarpenei lotutakoak).

    Bazkidetzea Elkarteak eskainiko duen eskola kirola edo udaleku zerbitzuaren matrikulazioarekin batera egingo du. Kontratatutako eskaintza bukatzean, Elkarteko bazkide izateari utziko zaio automatikoki.

    Beraz, momentu jakin batean dauden bazkideak izango dira:

    • zerbitzuak irauten duen bitartean dauden erabiltzaileak
    • zuzendaritza batzordeko lau kideak
    • Orereta Ikastola Koop. E.

    Bazkidetza altak zuzendaritza batzordeak ebatziko ditu. Bajak zerbitzua bukatzean automatikoki kudeatuko dira, zuzendaritza batzordekoenak salbu (azken horiek bazkide izango dira zuzendaritza batzordean dauden bitartean). Zuzendaritza batzordean aldaketak daudenean, kide berriak bazkidetu ahal izango dira, kide berri horiek zerbitzurik kontratatatzen ez badute ere. Zuzendaritza batzordeko bazkideek ez dute zertan Elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuen erabiltzaile izan behar.

    Batzar Nagusia ere egin behar du Elkarteak, dagokion deialdia aurrez bidalita. Bilera horiek errazte aldera, irailean edo ekainean egin daitezke, urte-garai horretan zuzendaritza batzordeko lau kideak bakarrik izango baitira Elkarteko bazkideak.

  • Zuzendari eta administrarientzako ardura zibila

    Añabitarte Guraso Elkartean jardunean dauden zuzendaritza taldeko kideak eta arduradunak, eta beraien erabakiak babestuta daude Orereta Ikastolako Koop. E.-ko ardura zibileko polizagatik, Oiartzoko arduradunak bezalaxe, taldeko enpresa bezala ulertzen delako.

  • Langileen aseguruak

    Añabitarte Guraso Elkarteko langileek istripu-poliza dute.

    Langileen istripu poliza. EHIk duen poliza kolektiboa da (Ikastola guztientzako) eta horrelako kasuetarako erabiltzen dute (denbora gutxiko alta/bajak, begiraleak, udalekuak, kontraturik gabeko kasuak…)

    Horretarako, ikasbabesako Idurreri zerrenda bat bidali behar zaio langileen datuekin (ekainean udalekutakoenak eta urrian eskola kirolekoenak: izen-abizenak, NAN, alta-data, baja-data) eta berak poliza horretan sartuko ditu.

    Poliza hau izenduna denez, langile batek baja boluntarioa-edo hartuko balu, Idurreri abisatu egin behar zaio. Eta alderantzizko kasuetan ere bai: langile berri bat dagoen aldiro Idurreri bere datuak pasa behar zaizkio.

  • Datuen babesa

    Erakunde ezberdinekin datu babesen inguruan tratamendu eragile hizarmenak sinatu behar dira. Hemen gordetakoen zerrenda.