ETAPA MAILAKOAK
Asteko ekintzak: Ikus Calendar
- LH1: Baso eskola
- LH2: Joko olinpikoak
- LH6: Pantaila adeitsuak
- Zubiak Eraikiz: 1. trukea
- LH: Klaustroa
Blaitu Kluba
Astelehenetik aurrera ikusgai izango duzue Blaitu Klubeko 2. denboraldiko Busti! saioko lehen programa. Hemen duzue Komunitate Proiektuan egin beharreko lanketarako unitate didaktikoa. Blaitu mingainak eta busti euskaraz!
Asteko kanta
Palestina jasaten ari den sarraskiaren aurrean, datorren astean, Fermin Muguruzaren Yalah Yalah, Ramallah! abestia entzungo dugu.
IKASTOLA MAILAKOAK
Solasean: norberaren hausnarketa eta bakarkako elkarrizketak
Iaz hasitako bideari jarraituz, aurtengo ikasturtean ere izango dugu Solasean. Langile atariko gainaldeko azpimarretan duzue norberaren hausnarketa egiteko eta bakarkako elkarrizketarako hitzordua hartzeko aukera. Hausnarketa denok egingo dugu; bakarkako elkarrizketa, berriz, iaz egin ez zutenek (iaz egin zuen norbaitek aurten ere egin nahi balu, ez dago inongo arazorik). Bata egiteko eta besterako hitzordua hartzeko epea abenduaren 20an amaituko da.
Bakarkako elkarrizketarako hitzordua hartu aurretik, norberaren hausnarketa egin behar da; eta gutxienez hiru egun lehenago hala dagokion gidariari bidali behar zaio. Epe hori gutxi gorabeherakoa da, baliteke gidariak egun gehiagoko tartea eskatzea. Bestalde, jakizue, gidariek elkarrizketak modu orekatuan egin ditzaten, jasotako eskaeren arabera beteko direla gidari bakoitzaren hitzorduak eta, beraz, hortik aurrerako eskatzaileek beste gidari bat aukeratu beharko dutela.
Hezkuntza Sailaren finantziazioaren gaineko datuak langile atariko informazio praktikoa atalean
Bolo-bolo dabiltza prentsan eta sare sozialetan administraziopeko eta itunpeko ikastetxeetako irakasleen soldata-ekiparazioaren eta, horri lotuta, doakotasunaren gaiak. Interesgarria irudituta, langile atariko informazio praktikoa atalera (bestelakoen alorrera) gehitu dira Hezkuntza Sailaren finantziazioaren gaineko hainbat datu, hala behar edo nahi izatean eskura izateko Ikastolako langile guztiek.
Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua
Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. Berritasuna “Gorputz praktikak” saioa da. Langile atarian dituzue xehetasunak.
Artezkaritza Kontseilua: urriko bilera
Artezkaritza Kontseiluak ez du urriko bilerarik egin. Beraz, ez dago deskargurik.
Gau Beltza – Euskararen Eguna: VI. Beldurrezko (mikro)ipuin eta ikus-entzunezkoen lehiaketa
Gau Beltza eta Euskararen Eguna lotzeko asmoz, hemen da Ikastolak antolatzen duen beldurrezko (mikro)ipuin eta ikus-entzunezkoen lehiaketa. Seigarren edizioa izango da aurtengoa. Herriko DBHko ikasleek eta 16 urtetik gorako beste edozein herritarrek har dezake parte ekimenean. Beraz, anima zaitezte! Sariak ere badira!
Abenduaren 3ra arteko epea dago lanak aurkezteko. Langile atarian (Gau Beltzaren azpimarran) dituzue lehiaketaren xehetasunak eta parte hartzeko oinarriak.
Zubiak Eraikiz: Ziburuko Kaskarotenea Ikastolako kirol-jertseak eta telazko poltsa
Zubiak Eraikiz egitasmoan bidaide dugun Ziburuko Kaskarotenea Ikastolak kirol-jertseak eta telazko poltsak egin ditu eta horren berri eman digute aste honetan.
Kaskarotenea Ikastola aurrera ateratzeko pentsatutako ekimena denez, kirol-jertseak edota telazko poltsa erostera gonbidatu nahi zaituztegu. Langile atariko “herrigintza” azpimarran dituzue eskaintzaren xehetasunak eta eskaerak egiteko aukera. Azaroaren 10a da eskariak egiteko azken eguna. Ostean, eskura emango da eskatutakoa eta momentuan ordaindu beharko da eskudirutan.
Bide batez, gogoratu Hendaiako Ikastolako Eguberriko txokolatezko egutegia eta Seaska egutegia eskatzeko azken egunak direla, azaroaren 3a dela horretarako azken eguna. Langile atarian (“herrigintza” azpimarran) duzue eskaera egiteko aukera.
ETAPA ARTEKOAK
Oiartzo | Eleaniztasuna, paperetik ahora eta ikasgelatik mundura
Oiartzo Ikastolan proiektu berria jarri dute martxan ahozko komunikazioa lantzeko atzerriko hizkuntzan; zehazki, ingelesez eta frantsesez ahozkotasuna lantzeko: eTwinning, Europar Batasunaren Erasmus+ programak barne hartzen duen ekimenetako bat. Izenak (ingelesez) dioen bezala, bikote digitalak egitea da ekimenaren asmoa, online eta atzerriko hizkuntzan gai eta ekintza jakinak landu eta egiteko hango eta hemengo gazteen talde txikiak sortzea, hain justu. eTwinning ekimeneko bi proiekturekin ekin diote bideari Oiartzo Ikastolan. Irakurri albistea osorik www.oiartzoikastola.eus webgunean.
BESTELAKOAK
Deskontua Azul Marino bidaia-agentzian Ikastolako langile izateagatik
Konfekoop-ek, Euskadiko kooperatiben konfederazioak, lankidetza-hitzarmena du Azul Marino bidaia-agentziarekin (lehen Eroski Bidaiak) eta jakinarazi digute urte amaierako irteera berezi bat antolatu dutela Gasteiztik Pragara, kooperatibetako langileentzako %5eko deskontuarekin. Eskaintzaz baliatu nahi dutenek egiaztatu egin beharko dute Konfekoop-eko kooperatiba bateko (Orereta Ikastola bada) langile direla, hori ziurtatzen duen agiri bat aurkeztuz Azul Marino bidaia-agentzian.