HIZKUNTZAK

LH Asteko oharrak (24.09.20)


ETAPA MAILAKOAK


MILA KILO ZORION!

Mila kilo zorion

dizugu eskaintzen,

beste urte berri bat

duzulako hasten.

Baietz asmatu zenbat

dituzun betetzen,

zergatik ez ditugu

txaloka kontatzen?

https://youtu.be/cCqS1IVX5ko

Irailak 27: Ainhoa Larraz

Asteko ekintzak: Ikus Calendar

  • HELTZEN: Bidaideko saioak hasi
  • HELTZEN: Kirol hastapenak (astelehen eta asteartetan, HAZTENekoekin jolasgaraiko goiko eremua erdibituta partekatuko dute)
  • HAZTEN: Guraso bilera orokorrak
  • LH1 eta LH4: Inikan bakarkako guraso bileretarako hitzorduak eskaini
  • LH1: Hondartzara
  • LH4: Bizarainera goiz-pasa
  • LH: Lantaldeetan izena eman

LH1 eta LH4: Bakarkako guraso bilerak

Irailaren 30etik aurrera, LH 1. eta 4. mailako tutoreek bakarkako guraso bilerak hasiko dituzte. Hori dela eta, LH 1. mailakoek datorren astearterako, irailaren 24rako, Inikan hitzorduak eskainiak izan behar dituzte. LH 4. mailakoek aldiz, irailaren 30erako.

Blaitu Kluba

Astearte eguerdiko bileratxoan aipatu genuen bezala, Calendarren topatuko duzue datorren astean Blaituren inguruan egin beharreko lanketaren inguruko informazio guztia.

Zubiak Eraikiz 

Ikasturte hasiera guztietan bezala, aurtengoan ere Ziburu, Biriatu eta Hendaiako Ikastolekin harremana zein gelek izango duten esleitzeko unea iritsi da.

Aipatutako Ikastoletako kideekin lehen bilkura egin ostean, hauek lirateke adostu beharreko harremanak:

  • LH 1. maila: gela 1 Hendaiako Ikastolarekin
  • LH 3. maila: 2 gela Hendaiako Ikastolarekin
  • LH 4. maila: 3 gela, 1 Ziburuko Ikastolarekin eta bestea 2ak Hendaiakoarekin

LH 2. mailaren kasuan, hiru gelek harremana izateko aukera izango lukete aurrez aipatutako hiru Ikastolekin. LH 5. eta LH 6. mailakoekin, aurtengo ikasturtean helburu berri bat izango genuke: Berako Labiaga Ikastolarekin harremana sortzea. Horretaz gain, gerta liteke osatuta gelditu ez diren mailetan aukera gehiago sortzea ikasturtean zehar.

Datorren asteazkenerako, hilak 25, aipatutako mailetako tutoreen artean hitz egin zein gelek izango duten harremana zehazteko. Hauek zehaztean. Ane Beltran edo Ainara Aranbururi jakinarazi. 

Erregistro orriak

Gogoratu hilaren bukaeran lan erregistroaren fitxa zuzendaritzan jarri dugun kutxatxoan utzi beharko duzuela. Bakoitzaren kodea adierazita dagoen orrialde bat topatuko duzue ondoan. Bertan, zuen izenaren ondoan ixa bat jartzea eskatu nahi dizuegu entregatzen duzuenean.

Baja motzak direnean erregistro orrian “baja” idatzi behar da egun horietan. Baja luzeak direnean, aitatasun edo amatasun bajak esaterako, ez dira erregistro orriak bete behar.

Ardurak

Irailaren 20a jarria genuen azken egun gisa arduretan izena emateko. Beraz, datorren astelehenetik aurrera, ardura bakoitzak badu bere arduraduna. Hemendik aintzina, astero-astero arduren betekizunen jarraipena egin ostean, puntu gehien irabazi dituenak, hau da, ardura gutxien bete dituenak, klaustroari ekarpen bat egin beharko dio nahi duen eran (bertsoa, hamaiketakoa…).

Ordutegiak

Logistika eta antolaketa kontuak direla eta, zuen ordutegietan aldaketak egin badituzue (arloena, irakasleren batekin…), dokumentu honetan aldaketa horiek aldatzeko eskatu nahi dizuegu.

Asteko kanta

Irailaren 23an zeinu hizkuntzaren nazioarteko eguna dela eta, datorren astean “Zurekin batera” kanta entzungo dugu.


IKASTOLA MAILAKOAK


Idazkaritza akademikoa: 2024-25 egutegia

Ikasturte amaieran hainbat lan akademiko pilatzen zaizkigu; tartean, ikasturte amaierako ebaluazioari lotutakoak. Zuzen eta garaiz betetzea garrantzitsua denez, lan horiek burutzeko 2025eko ekaineko kronograma egin eta adostu dugu zuzendaritzan eta pedagogia batzordean. Langile atarian duzue; informazio praktikoa atalean, hezkuntza-baliabideen sailean. Gogoan izan eta aintzat har ezazue, mesedez.

Ikastolako prestakuntza plana 2024-25

Aste honetan, pedagogia batzordearen ikasturteko lehen bileran, erabat orraztu eta itxi ondoren, langile atarian (prestakuntza eta jardunaldien atalean) duzue ikusgai Ikastolaren 2024-25 ikasturteko prestakuntza plana.

Autobus-eskaerak inprimaki bidez, hemendik aurrera

Hemendik aurrera, txangoetarako autobus-eskaerak langile ataritik egingo ditu hala dagokion irakasleak.

Gainaldean ezkerraldean dauden botoi grisetara autobus-eskaerena gehitu dugu. Eskaera eta likidazio inprimakiak daude bertan, hala dagokionean hala dagokiona betetzeko. Zerbitzu arduradunak erregistro horietatik egiten diren eskaerak bakarrik kudeatuko ditu. Eskaerak txangoa baino astebete lehenago egin behar dira, gutxienez. Likidazioa, berriz, txangoaren hurrengo egunean, beranduenez.

Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua

Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. Mugen Gainetik erakundearen “Sexu aniztasuna ikasgeletan kudeatzeko tresnak” doako online ikastaroa da berritasuna. Langile atariko prestakuntza eta jardunaldien atalean topatuko dituzue xehetasun gehiago eta izena emateko aukera.


ETAPA ARTEKOAK


LH4 | Atlantikaldian dantzan

LH 4. mailako ikasleek Atlantikaldian parte hartu dute. Atzo, irailaren 19an, Gernika plazan egin zen koreografian hartu zuten parte herriko beste ikastetxeetako kideekin batera. Aurrez Ikastolan landu dute dantza, etxeko lanak eginda joan ziren 🙂

Aniztasuna ardatz, ikasle eta irakasleek parte hartu duten kultur ekimen mordoa egin dira Atlantikaldiaren orain arteko edizioetan: bertsolaritza, literatura edota artea izan dira landu diren diziplina batzuk; eta aurtengoa dantza izan da. Ikastetxeetako aniztasuna dantzaren bitartez bistaratzea izan da helburua oraingoan.

Batxilergoa | Aisialdiko hezitzaile titulu homologatua ateratzeko aukera Ikastolan bertan

Zazpigarren urtez, haur eta gazteen aisialdirako jardueren dinamizatzaile titulu homologatua ateratzeko aukera eskainiko dugu Orereta-Oiartzo Ikastolok, Ikastolen Elkarteko Aisiola hezitzaile eskolaren eskutik. Aisialdi taldeetako, udalekuetako, eskolaz kanpoko ekintzetako, jangelako… hezitzaile izateko aukera eskaintzen du aipatu tituluak. Lanbidek homologatua da eta 2024an hamasei urte (batxilergoko lehenengo maila edo baliokidea) edo gehiago bete edota beteko dituen herritar orok eman dezake izena. Ikastaroa Ikastolan bertan egingo da. Langile atarian (albisteen atalean) topatuko dituzue xehetasun gehiago.


BESTELAKOAK


Konfekoop, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, Lanbideko Administrazio Kontseiluan sartuko da

Ikastolok kooperatibak gara eta, hala, Konfekoop-Irakaskuntzako kide. Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak Lanbideko Administrazio Kontseiluan sartzeko akordioa sinatu berri du Confebask-ekin, hark Lanbideren Administrazio Kontseiluan dituen bost ordezkarietako bat Konfekoop-ena izateko hemendik aurrera. Aurrerantzean, beraz, kooperatibek ere lekua izango dute Euskadiko enplegu-politikak kudeatzen dituen erakundean (Lanbiden). Aipagarria irudituta ekarri dugu hona notizia. Irakurri albistea osorik.