HIZKUNTZAK

LH Asteko oharrak (23.11.24)

 


ETAPA MAILAKOAK


 

MILA KILO ZORION

Mila kilo zorion

dizugu eskaintzen,

beste urte berri bat

duzulako hasten.

Baietz asmatu zenbat

dituzun betetzen,

zergatik ez ditugu

txaloka kontatzen?

https://youtu.be/cCqS1IVX5ko

29: Alazne Iriarte

Asteko ekintzak: Ikus Calendar

  • LH3: Astitzko aterpetxean egonaldia
  • LH2: Baso eskola
  • LH6: Txertoak

Tinko filma

LH 2. eta 3. mailakoak abenduaren 4an joango dira filma ikustera; aldiz, LH 5. eta 6. mailakoak, abenduaren 20an.

*Calendarren xehetasun gehiago

Mari Domingi Baserrian

Abenduaren 1etik aurrera, Mari Domingiren Errepublika Magikoa izango dugu Baserrian, abenduaren 17ra arte. Hori dela eta, Baserria ez da egongo erabilgarri.

Ebaluazio bilerak

Jarraian, ebaluazio bileretan bakoitzak izango dituen funtzioak dituzue. Garrantzitsua izango da hauek behar bezala betetzea.

Horrez gain, tutoreek ebaluazio bilera dinamizatzeko txantiloia duzue eskuragarri. Ebaluazio bileraren aurretik, dokumentu hau mailakideak diren tutoreekin, gelan sartzen diren irakasleekin, koordinatzailearekin, aholkulariarekin eta zuzendariarekin partekatu behar duzue.

Behin ebaluazio bilera egin ondoren, tutorea izango da dokumentu hori osatuko duena (sinadurak, besteak beste) eta dokumentu hori eskaneatu eta koordinatzaileari partekatuko diona.

Orientaziotik irizpideak

Ebaluaziori dagokionez, orientazio departamentuarekin batera landu ditugun zenbait irizpide eta argibide dituzue dokumentu honetan. Heltzen-en landu bada ere, abenduaren 13an, Hazten-en egingo da lanketa hau eta bertan gure zalantzak argitzeko aukera izango dugu. Espero dugu lagungarria izatea.

Busti! programa

Datorren astelehenean, BLAITU MHLZ lehiaketa hasiko denez, astelehenean gure ikasleei eskuorri bana banatuko diegu etxera eramateko.

Mantalak

Langileren batek mantala behar badu, zuzendaritzan eskatu behar du.

Asteko kanta 

Abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatuko denez, datorren astean zehar “Guk euskaraz, zuk zergatik ez?” abestiak entzungo dugu. Horrez gain, Busti! programako Musikaz Blai atalak proposatu zituen abestien artean bozkatuena GO!azeneko “Basakabitik mundura” izan da; beraz, abesti hau ere entzungai izango dugu datorren astean.


IKASTOLA MAILAKOAK


Ikastolen Lan Hitzarmena: behin behineko soldata igoera

2023ko azaroan Ikastolen Elkarteak aldebakarrez 2023rako lansari igoera berria onartu du. Soldatan %0,5eko igoera aplikatuko zaie kategoria guztiei, bai oinarrizko soldatan, baita antzinatasunean ere (urtarriletik urrira bitarteko atzerapenak barne).

Jakin badakigu Ordainketa Eskuordetutik, batetik, azaroko nominan igoera aplikatuko dutela eta bestetik, urtarriletik urrira bitarteko atzerapenak ere azarokoarekin batera ordainduko direla.

Horiek esanda, kontuan izan ondorengoak:

  • Nomina Ikastolatik jasotzen baduzu, batetik, azaroko nomina jasoko duzu, eta bestetik, urtarriletik urrira bitarteko atzerapenak nomina bakarrean edo gehiagoan (izan duzun kontratu kopuruaren arabera).
  • Nomina Ikastolatik eta soldataren zati bat Ordainketa Eskuordetutik jasotzen baduzu, azaroko nomina eta urteko atzerapenak guztia batera ordainduko zaizkizu. Ordainketa Eskuordetuak dena batera ordaintzen duenez eta Ikastolak, aldiz, nomina eta atzerapenak bereizi egin behar dituenez, baliteke azaroko nomina negatiboa izatea. Hala bada, ez egin itzulketarik; Ikastola bera arduratuko da hurrengo egunetan hala dagokizuenei kargua egiteaz.

Azaroak 30: greba orokorrerako deialdia

Euskal Herriko mugimendu feministak greba orokorrerako deialdia egin die gizon nahiz emakumeei azaroaren 30erako, “zaintza sistema publiko eta komunitario” bat aldarrikatzeko. Antolaketa kontuengatik, eskertuko genizueke, ahal izatera, zuen ikas-etapako edo saileko arduradunari azaroaren 30eko zuen asmoen berri ematea. Mila esker, aldez aurretik.

Prestakuntza: baso-eskola – aniztasun funtzionala

Langile atarian (prestakuntzen eta jardunaldien atalean) baso eskolan aholkuari dugun Kutxa Ekoguneatik heldu zaigun “Naturan hezi, zaintza erdigunean jarrita” ikastaroaren berri topatuko duzue; gehitu berri dugu.

EHI: 27. Jardunaldi Pedagogikoen deskargua

Pasa den azaroaren 16an eta 17an EHIren Jardunaldi Pedagogikoen 27. edizioa egin zen Irungo Ficoban. Orereta Ikastolako hainbat irakasle bertan izan ziren.

Amaia Anterok, Amaia Artolazabalek, Esther Garaialdek eta Zigor Ibarzabalek “Bazatoz? Ikastolen Hezkuntza Markoa” liburua idatzi dute. Prozesu zabal eta parte-hartzaile baten fruitu, liburuan, Ikastolen Hezkuntza Marko Orokor Berria jasotzen da. EHIren 27. Jardunaldi Pedagogikoetan liburuan biltzen dena aletu, xehatu eta sakondu da.

Nekane Artolak, Ikastolen Elkarteko lehendakariak, eta Jokin Bildarratzek, Hezkuntza Sailburuak, eman zioten hasiera ekitaldiari, eta bi egunez, hezkuntza marko orokor horren alderdi ezberdinei buruz aritu gara hizlari ezberdinen eskutik. Besteak beste, gure Ikastolako ikasle ohia den Unai del Burgok Ikastolok bereizgarri dugun kooperatiba-izaeraren gaineko ponentzia interesgarria egin zuen.

EAEko Hezkuntza Lege Berriaren testuinguruan eta datozen erronken aurrean, Ikastolok funtsezkoak izaten jarraitzen dugu bidea egiten segitzeko eta urratsak ematen jarraitzeko: euskal jendarteko eragile aktibo eta konprometituak izan behar dugu denbora luzez. Beste bereizgarri batzuen artean, Euskal Herriko zazpi herrialdeak aintzat hartzen dituen hezkuntza eredu bakarra gara. Euskara ardatz harturik, hizkuntza erakusteaz harago, euskal hiztun osoak sortzeko konpromisoarekin jaio ginen. Kooperatibak gara, gobernantza eredu parte-hartzailea da gurea, osatzen dugun guztiona eta guztiontzako.

“Bazatoz? Ikastolen Hezkuntza Markoa” liburuan jasotzen direnak sakontzeko interesa duenak jakin beza Ikastolan ale batzuk baditugula. Hala nahi izanez gero, eskatu besterik ez duzue.

NextCloud – OIKS: Oiartzo-Orereta karpeta partekatua eta “ekimenen” karpeta hara pasatzea

Orain bi aste aipatu bezala, NextCloud – OIKS berrantolatzen ari gara.

Jakizue, besteak beste, “Oiartzo-Orereta” karpeta partekatua sortu dugula. Oiartzo eta Oreretako langile guztiek dugu sarbidea bertara. “Oiartzo-Orereta” karpetaren helburua bi Ikastoletako langileontzako komunak diren karpetak, dokumentuak… biltzea da; leku ezberdinetan egon daitezkeen bikoizketak ekiditeko eta elkarlanerako bide eta moduak errazteko asmoz.

Momentuz, “sortaldeen” karpeta topatuko duzue bertan. Laster, “ekimenena” ere bertara pasako dugu. Denborak aurrera egin ahala, ziur asko, karpeta eta dokumentu gehiago ere bilduko dira “Oiartzo-Orereta” karpeta komunera.

Zubiak Eraikiz: Hendaiako Ikastolako Eguberriko txokolatezko egutegiak heldu dira!

Hendaiako Ikastolako Eguberriko txokolatezko egutegiak heldu dira Ikastolara. Datorren astean jaso ahal izango dituzue hala dagokizuen ikas-etapan/sailean. Jasotzean ordaindu beharko dira eskudirutan (10€/egutegia).

Zubiak Eraikiz: Biriatuko Ikastola laguntzeko Eguberriko saskiak eta produktuak

Zubiak Eraikiz egitasmoan bidaide dugun Biriatuko Ikastolak Eguberriko saskiak eta produktuak jarri ditu salgai. Langile atarian duzue saskiak eta produktuak zein diren ikusi eta hala nahi dituzuenak eskatzeko aukera.

Biriatuko Ikastola aurrera ateratzeko pentsatutako ekimena denez, parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Abenduaren 8ra arteko epea dago eskatzeko, eta abenduaren 10era artekoa ordaintzeko (eskudirutan, Añabitarteko bulegoan). Eskariak Añabitarteko bulegoan jaso beharko dira (harremanetan jarriko gara eskatzaileekin).

Blaitu Kluba: Blaitu MHLZ lehiaketa, azaroaren 27tik abenduaren 3ra

Blaitu Klubak “Blaitu MHLZ lehiaketa” antolatu du, azaroaren 27tik abenduaren 3ra. Euskararen Egunaren bueltan, ETBko Mihiluze saioan oinarrituta, familia giroan eta euskaraz momentu dibertigarri eta atsegina pasatzea da ekimenaren helburu nagusia.

Azaroaren 27tik abenduaren 1era bitartean, “Blaitu MHLZ” jolas bat eskainiko da egunero Ikastolaren webguneko Blaitu Klubeko atarian. Jolas horiek entrenamendu saioak izango dira abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, jokatuko den lehiaketa handirako. Abenduaren 3ko lehiaketako irabazleak IrisarriLand parkerako sarrerak eskuratuko ditu etxeko kide guztientzat. Langile atarian dituzue xehetasun gehiago eta lehiaketan parte hartzeko aukera. Animatu eta parte hartu! Blaitu mingainak eta busti euskaraz!


BESTELAKOAK


Ikaselkar: Neguko Katalogoa 2023

Hemen da Ikaselkarren, Elkar argitaletxearen eta Ikastolen Elkartearen, 2023ko Neguko Katalogoa. Eguberriak ate joka ditugun honetan, ideia eta proposamen interesgarriak topa ditzakezuelakoan gaude. Langile atarian topatuko duzue Katalogoa. Liburuxkan topatuko dituzue eskaerak egiteko bideak ere. Eskaerak Eguberriak aurretik jasotzeko, abenduaren 6aren aurretik egin behar dira.

Hainbat artikulu interesgarri

Oharra: EAEko Hezkuntza Lege berriaren azken faseko mugimenduen testuinguruan egin da beheko bilduma/aukera.