Etapa mailakoak
Mila kilo zorion (abenduak 17: Eneka Arratibel)
Mila kilo zorion
dizugu eskaintzen,
beste urte berri bat
duzulako hasten.
Baietz asmatu zenbat
dituzun betetzen,
zergatik ez ditugu
txaloka kontatzen?
DigiPrest
a) Ikastaroari buruzko hainbat xehetasun
Klaustroan aurkezpen orokorra egin bagenuen ere, hona hemen lanean hasteko eta hurrengo hilabeteetako dinamikari buruzko hainbat xehetasun. Arretaz irakurtzea eskertuko genizueke:
- Bi ikastaro ikusgai: bi saio agertuko zaizkio ikasle (kasu honetan irakasleak dira ikasleak) bakoitzari: A1 edo A2 (berak hautatutakoa) eta Digiprest laguntza, bertan adibide eta argibide gehigarriak izan ditzan.
- 7 modulu dira, guztiak zabalik izango ditugu lehen egunetik. Unitate bakarrean jarri dituzte 7 moduluak dena errazago ikus dezagun.
- 1. modulua egin behar da lehenik (Selfia eta bere hausnarketa) baina ondoren, bakoitzak erabaki dezake zein ordenatan egin nahi dituen atazak. Beti ere, gomendagarria da ordena bat jarraitzea, baina ez da derrigorrezkoa.
- Epemuga ekainaren 30ean jarri dute. Egun horretarako ataza guztiak entregatuta izan beharko ditugu.
- Proposatzen digutenez, hilabetero ataza bat entregatzea nahiko lukete, egutegi batean jarri dute ikastaroan bertan. Dena dela, proposamena da, bakoitza libre da bere erritmoan egiteko.
- Derrigorra da autoerregulazioa eta autoebaluaketa egitea beti. (2 minutuan erantzuteko moduko inkesta txikiak dira).
- Bideoak ikustea ez da derrigorrezkoa; lagungarria baizik. Norbaitek, oso erraza egiten zaiolako, zuzenean atazak egin nahi baditu, libre da.
- Laguntza atalean izango diren bideo tutorialak berehala txertatuko dituzte.
- Taldean egin daiteke? Bai, beti ere taldeak lan berdina aurkezten badu talde txikian izan beharko du. Hau da, 2-3-4 lagun, mintegikideak edo mailakideak direlako, adibidez. Ez da onartuko multzo handian edo arrazoiketa garbi gabeko taldeetan lan bera entregatzea. Beraz, batera landu daiteke, baina ataza norberarena izango da kasu hauetan.
- A1 edo A2an izena emandako guztientzat laguntza ikastaroa berdina da.
b) Hausnarketa txostena
Abenduan zehar hausnarketa txostena burutzea da aholkua, horretarako gorde dira abenduaren 19 eta 20ko eguerdiak. Jakizue, gainera, 1.moduluko parte dela, beraz, lan hori abenduan aurreratzea komeni delakoan gaude. Txosten eredua partekatuko dizuegu, eskuragarri izan dezazuen.
c) Erabiltzailea eta pasahitza: Saioka
- Esteka honetan sartu: https://digiprest.saioka.eus/login/index.php
- Erabiltzailea: norberaren NA zenbakia (letra barne)
- Erabilera bakarreko pasahitza: “changeme” egin eta zuen gustuko pasahitza jarri gero (gordetzea aholkatzen dizuegu, edo Ikastolakoa erabiltzea)
*Arazorik izanez gero, jar zaitezte IKT mintegiarekin edota Zuzendaritza taldeko kideren batekin harremanetan.
d) Hiruhilekoan laguntza saioak
Klaustroan adierazi bezala, norberak bere erritmo eta antolaketa izan badezake ere, jakizue aparteko laguntzarik behar duenak hainbat ostegun eguerdi (13:30-15:00) baliatu ditzakeela Ikastolan bertan geratu eta laguntza jasotzeko (urtarrilak 12, 19, 26 | otsailak 9, 16, 23 | martxoak 9, 16, 22).
Bestelako orduak, ziklo bakoitzak erabakitzen duenaren arabera itxiko dugu ikastaroa.
Ikastola mailakoak
Kilometroak 23: Tanta zozketa-txartelen banaketa eta salmenta
Kilometroak 23 urtean murgilduta gaude bete-betean. Batzordeak eratuta, leloa eta irudia aurkeztuta eta denda martxan jarrita, Tanta zozketa-txartelen banaketa eta salmentari ekitea dagokigu orain. Denok elkarrekin, denon ahaleginari esker. Guztion laguntza eta elkarlana behar-beharrezkoak dira.
Kilometroen diru-iturri garrantzitsuena da Tanta, diru-sarreren ia erdia baitakar. Ikastolen aldeko festa guztien artean antolatzen da, urte osoan saltzen da, 5€ balio ditu txartel bakoitzak eta 60.000€ko saria jasotzen du zenbaki sarituak ekainaren amaieran egiten den zozketan. Etekinek Kilometroak 23ren gainontzeko irabazien jomuga bera izango dute.
Artezkaritzak erabaki du nori, noiz eta nola banatuko diren Tanta zozketa-txartelak. Langile-atarian dituzue xehetasunak.
2012-2015 arteko soldata diferentziaren kitapena
Hala dagokionak jakin beza, Ikastolak hilabete honetan kitatuko dituela ixteke dauden 2012-2015 arteko soldaten diferentziak. Hori eginda, afera hau amaituta geldituko da.
EAEko Hezkuntza Legea: ezohiko bilera abenduaren 15ean, 17:30ean Linon
Pasa den astean jakinarazi genizuen EAEko Hezkuntza Legeaz, haren testuinguruaz eta gakoez aritzeko ezohiko bilera abenduaren 15ean egingo genuela Linon, 17:30ean.
Bilerara joateko asmoa baduzue, bete, mesedez, langile-atariko inprimakia. Abenduaren 11 da izena emateko azken eguna.
Esmalteriako Ostiralak: Eguberriko apaingarriak sortzeko tailerra
Datorren abenduaren 16an, ostirala, Eguberriko apaingarriak egiteko tailerra antolatu du Ikastolak bi eta bost urte arteko haurrak dituzten familientzako. Esmalterian izango da, 17:00etatik aurrera. Joateko asmoa izanez gero, bete langile-atariko inprimakia. Abenduaren 15a da horretarako azken eguna.
Bestelakoak
Elkartasun Kutxa 2023: 800.000€ beharrik handiena duten proiektu eta Ikastolentzako
Elkartasun Kutxa Ikastolok beharrik handiena duten proiektuak eta Ikastolak laguntzeko dugun ekimena da. Euskal Herriko 113 Ikastolok egiten dugu urtero ekarpena Kutxara hori aurrera atera ahal izateko. Maiz Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako Ikastolak izaten dira laguntza jasotzen dutenak.
Abenduaren 1ean egin zen Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusia eta 2023an zortzi Ikastolaren artean 800.000€ banatzea erabaki zuen. Langile-atariko albisteen atalean dituzue xehetasun gehiago.
“Gu Ikastola” materiala salgai
Ikastolen Elkarteak “Gu Ikastola” poltsak, motxilak, txapak… eskatzeko aukera zabaldu digu Ikastoloi eta ikastolakideoi. Langile-atarian topatuko dituzue produktuen xehetasunak eta eskaera egiteko aukera. Abenduaren 11ra arteko epea dago azken horretarako. Aurrerago jakinaraziko zaie eskatzaileei noiz eta nola egingo diren banaketa eta kobrantza.
Katalogoa.eus: Euskarazko Produktuen Katalogoa
Euskarazko Produktuen Katalogoa 1998an Nafarroako udal gutxi batzuek abiatu zuten ekimena da, egun 115 toki-entitatek baino gehiagok sustatzen dutena. Besteak beste, 16 urte bitarteko gazteentzako euskarazko kultur produktuen bilduma eguneratua egitea da helburua. Eguberriak ate joka ditugula jakinik, interesgarria izan daitekeelakoan, www.katalogoa.eus webgunean topatuko dituzue hainbat eta hainbat aukera.