HIZKUNTZAK

LH Asteko oharrak (2026.01.30)


ETAPA MAILAKOAK


Asteko ekintzak: ikus Calendar

  • HAZTEN: Ebaluazioa eta buletina
  • LH: Agate deunaren bezpera
  • LH: Chamaleon theatre
  • Practicum: Onintza Garmendia Carrera (otsailak 2- ekainak 11)

Baserria-ateak-komunak

Ez da afera berria baina kezkagarria da oso ikasleek instalazioak nola zaintzen dituzten. Etengabe ateak puskatuta (“tunba puertas”en jolasten dutelako edota maratilekin aritzen direlako), baserriko paretetatik harriak kentzen (ikaragarrizko zuloak eginak daude dagoeneko, eta hauek bizilagunen etxeetara edota gure aldageletako teilatura boteaz) eta komunetako papera nolanahika erabiltzen dute, metroak eta metroak lurretik barrena alperrik botaz. Instalazio eta materialaren erabileraren inguruan hausnartu eta arduratsu jokatzea ere bada gure betebeharra. Honen inguruko lanketa eta zainketa banakako bakoitzak eta gela bakoitzak egin beharrekoa da. Mesedez landu gaia seriotasunez zuen geletan. Eta erabilera desegokia dagoen kasuetan ondorioak egotea beharrezkoa da egoera zuzenduko badugu.

Bitartean, jakin beheko eremura doan ate marroia berriro ere, enegarrenez, hautsi dutela eta momentuan ezin izango dela konpondu. Ondorio hauetaz ikasleak ohartaraztea garrantzitsua deritzogu.

Santa Ageda bezpera eta inauteriak

Dakizuen bezala, datorren asteartean, Otsailaren 4ean, Santa Ageda bezperako koplak abestuz eskean aterako gara baserriz baserri. Hona hemen xehetasunak jasotzen dituen DOKUMENTUA.  Calendarren ere txertatuta dago.

Hurrengo ekimena Santa Ageda bezpera den arren, inauterietako xehetasunak ere aurreratzen dizkizuegu. Horretarako, DOKUMENTUA hau prestatu dugu. Calendarren txertatua dago.Bertan topatuko duzue:

  • Aurre lanketarako baliabide eta ideiak: ingurukoak eta Euskal Herriko inauteriak.
  • Entsegu orokorren datak: otsailaren 9an (astelehena) 12etan eta otsailaren 11an (asteazkena), 15:00etan.
  • Egitaraua eta eguneko xehetasunak.

Buletinen errebisioa

Behin ebaluazio bilerak amaitutakoan mesedez, xehe- xehe egin buletinaren errebisioa akatsik ez dagoela ziurtatzeko. Gogoratu akatsak identifikatuko bazenituzte, dokumentu honetan lehenbailehen erregistratzea hauek kudeatu ahal izateko.

Egunkaria

Goizero- goizero, postontzian Berria egunkaria uzten dute. Orain arte ikasleek bulegoan utzi izan dute, baina hemendik aurrera kafe gelara eramango dute. Gure ardura da geletan mezu hau zabaltzea.

Kafe gelako zaborrontziak

Denon ardura da kafe gelako zaborrontziak hustutzea. Beraz, hauek lepo daudenean, poltsari korapiloa egin eta  sarrera nagusian dagoen ontziaren ondoan utziko dugu, dagokion ikasle taldearen ardura izango delarik hauek kontainerrean botatzea.

Asteko kanta

Datorren asteazkenean, otsailaren 4an, Agate deunaren bezpera ospatuko dugu. Hori dela eta,  datorren astean, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen “Oles egitera gatoz!” eta “Santa Ageda” kantuak entzungo ditugu.

Asteazkenetik aurrera, Euskal Herriko inauterietako abestiak izango ditugu entzungai datozen asteetan zehar.

 


IKASTOLA MAILAKOAK


24. KORRIKA

AEKrekin elkarlanean sorturiko 24. Korrikaren unitate didaktikoak aurkeztu dira, eta dagoeneko eskegita eta eskuragarri daude.

Material hauek KORRIKAren webgunean topa daitezke, ondoren Euskal Herri osoko ikastola, eskola eta euskaltegietan zabaltzeko.

Sorkuntza lan honetan, Orereta Ikastolako irakasle diren Jon Alustiza eta Iñaki Zapirain aritu dira, prestaketa prozesuan ekarpen handia eginez.

Bi motatako unitateak prestatu dira:

  • Ikastetxeetarako ikasmaterialak, Jonek eta Iñakik sortuak, adinaren arabera sailkatuta: Haur Hezkuntzatik Batxilergora.
  • Euskaltegietarako atazak, AEKren Didaktika Sailak prestatuak, helduen lanketarako.

Unitateek hainbat berrikuntza dakartzate, betiko helburu nagusiei eutsiz: euskararen aldeko jarrera zabaltzea, hizkuntzarekiko kontzientzia suspertzea, euskal kultura transmititzea eta bertoko erreferente kulturalak ezagutaraztea; baita, nola ez, KORRIKA iragartzea eta bere helburuak zabaltzea ere.

Unitate didaktikoak eta irakasleentzako gidak edo azalpenak honako loturan aurkituko dira:

https://www.korrika.eus/eu/korrika/unitate-didaktikoak

OIARTZO IKASTOLAKO PATRONATOA

Oiartzoko Patronatoaren bilera egin da berriki, eta bertan ikastolaren etorkizunerako garrantzitsuak diren hainbat gai landu dira. Azpimarratzekoak diren punturik nagusienak hiru izan dira:

  1. Urteko kontuen onarpena

Patronatoak aurtengo ekitaldiko kontuak onartu ditu.

  1. Zuzendaritza taldearen izendapen berriak

2026ko irailetik aurrera, Jon Iriondo izendatu da zuzendari eta Jurdana Martin ikasketaburu.

  1. Batxilergo Orokorraren bidearen aktibazioa

Hurrengo ikasturtetik aurrera, Batxilergo Orokorraren bidea martxan jartzea eta horri lotuta ikasgai-eskaintzaren moldaketa onartu dira.

ORERETA IKASTOLAKO ARTEZKARITZA KONTSEILUA

Orereta Ikastolako Artezkaritza Kontseiluaren bilera ere gauzatu da berriki, eta bertan ikastolaren kudeaketari lotutako hainbat gai jorratu dira.

Azpimarratzeko moduko erabaki eta informazio nagusiak honako hauek izan dira:

  • Ikastolaren urteko kontuen onarpena

Artezkaritza Kontseiluak aurtengo ekitaldiko kontuak onartu ditu.

  • Zuzendari-gerentearen izendapen prozesuaren inguruko informazioa

Kontseilariek zuzendaritza-gerentearen izendapenari lotutako prozesuaren berri jaso dute, aurrerantzean emango diren urratsen jarraipena egiteko.