LHko Jarraipen Batzordearen 2025-26 ikasturteko lehen bileran ondorengo gaiak landu dira.
2025-2026 ikasturte hasiera: egoeraren deskargua
Ikasturtearen lehen asteak pasata, Jarraipen Batzordearen aurreneko bileran gaur-gaurkoz kurtsoaren azpimarra nagusiak direnak zerrendatu dira:
- Ikasle etorri berri asko izan dira ikasturte hasieran: 11 ikasle berri, horietatik lauk hezkuntza premia bereziak dituzte.
- LH1, LH2 eta LH3n hiru ikasgela daude (ez lau).
- Aurten, zirkulazio autonomoa LH5eraino helduko da; urtez urte eta mailaz maila egin den progresioari esker.
- Ikasturteko berritasunak:
- KiVa programatik atera da Orereta Ikastola. Bertatik ikasitakoa eta bildutakoa eta Ikastolen Elkarteko material propioa oinarri, beste bide batzuk jorratuko dira hemendik aurrera. Nola? Tutoretza-plana diseinatzen ari dira Ikastolen Elkartean (ONKI). Aurten DBHn inplementatzen hasi dira; datorren ikasturtean LHn ere bai.
- Lagun handi, lagun txiki proiektua. Orain arteko elkarkidetza saioak oinarri hartuta, HH3 eta DBH3 arteko haur eta gaztetxoek hartuko dute parte proiektuan. Elkarren bidelagun izateko aukera izango dute. Nola? Bidelagunak HH3-LH4 mailetan osatuko dira eta ikas-ibilbide guztian mantenduko dira, ikasturtero elkarrekin tankera askotako lauzpabost jarduera eginez. Aurtengoa lehen urtea denez, proiektuan parte hartzen duten maila guztietan sortu dira bidelagunak eta egin dira jada lehen topaketak.
- Jolasgaraien antolaketa: kutxen dinamika mantenduko da, baina mailak nahasteko aukera egongo da. Hortaz, ikasmaila bakoitzak ez du espazio jakina izango esleitua.
- Irakasleen prestakuntza: Adimen artifiziala eta ikasleen behaketaren gaineko formazioa.
Geletako guraso ordezkariak 2025-26
Ikasturte honetako geletako guraso ordezkarien errepasoa egin da. Gela guztietan daude ordezkariak.
Familia Laguna programa
Udalarekin elkarlanean, herriko ikastetxeetan “Familia Laguna” egitasmoa dago martxan. Kulturartekotasuna lantzeko eta euskara eta euskal kultura sustatzen saiatzeko programa da “Familia Laguna”. Adin bereko seme-alabak dituzten herrialde ezberdinetatik etorritako familiak eta bertakoak kontaktuan jartzen ditu programak. Bertako jatorria duten familia lagunen eginkizun nagusiak etorri berri diren familiei ikastetxeko funtzionamenduaren eta herriko baliabideen berri ematea, ikastetxeko familia gehiago aurkeztea, eta euskal kultura eta euskararekiko atxikimendua eta sustapena indartzea dira.
Nola bideratu egoerak familia lagun boluntariorik ez dagoen ikasgeletan?
Aurrez familia boluntariorik ez dagoen geletara ikasle etorri berri bat iristen denean, gela horretako guraso ordezkariak ikasgelako whatsapp taldean berriro galdetuko du familiarik prest ote dagoen familia berriaren familia laguna izateko.
Ikasgelako guraso ordezkaria arduratuko da familia etorri berria aurkezteaz gelako whatsapp taldean. Helburuak ongietorri abegikorra egitea eta taldera sarbidea bermatzea dira.
Ongi etorri Oreretara ekimena: lehen hitzordua
Azken 2-3 urteetan herrira eta Ikastolara iritsi berriak diren familiekin ikasturteko lehen meriendatxoa antolatu da azaroaren 5ean. Horren berri eman da Jarraipen Batzordean.
2024-25 ikasturteko asebetetze galdetegien deboluzioa
Iazko ikasturteko asebetetze galdetegien deboluzioa egin da. Parte-hartze baxuaren gaia atera da eta horren motiboak zein izan daitezkeenaren gainean hitz egin da. Irtenbideak aztertzen saiatuko da Ikastolako zuzendaritza-taldea.
Gurasoen parte-hartzea eskatzen duten ekimenak: familia-langile kontaktuak
Ikastolak antolatzen dituen hainbat ekimenek familien parte-hartzea ezinbestekoa dute aurrera atera ahal izateko. Ikasmaila bakoitzeko familiei ekimen batean laguntzea eskatzen zaie, esleituta daude ekimenak mailaka. Komunikazioa eta antolaketa errazteko asmoz, ekimen bakoitzaren familia-langile kontaktu-zerrenda osatu da.
Guraso bilera orokorrak: familien aldez aurretiko izen-emateaz
Ohikoa da oso guraso bilera orokorretara aldez aurretik izena emana duten baino familia gehiago azaltzea. Ikastolako zuzendaritza-talde eta irakasleentzat oso garrantzitsua da familiek izena ematea, antolaketan eta prestaketan asko laguntzen baitu, besteak beste, hizkuntzaren trataerari dagokionean.
Indartze neurriak, etxeko lanak eta udako errefortzu ariketak
Terminologia argitu eta gauza bakoitza zer den gogoratu da.