DBHko Jarraipen Batzordearen 2023-24 ikasturteko lehen bileran ondorengo gaiak landu dira.
2023-24 ikasturtearen hasiera: nondik norakoak
- Lau lerro mantentzen dira DBHko lau mailetan.
- Eusko Jaurlaritzatik itundu dena DBHn:
- Curriculum Anitzeko gela DBH3n eta DBH4n
- HBSP (Hezkuntza Berariaz Sendotzeko Programa) jardun osoa DBH1n eta DBH2n
- PT (pedagogo terapeutikoa) jardun osoa (PT profila duen beste pertsona bat ere kontratatu du Ikastolak departamentu hori indartzeko)
- HIPI (hizkuntza indartzeko programa) orduak daude DBHn etorri berriak diren ikasleak artatzeko. 10 ikasle daude programa horretan. Bi talde egin dira aurten. Geroz eta ugariagoa da alor honen argazkia. HIPI saioak emateko teknika/tresna diferenteak probatzen ari da Ikastola. Ikastolen Elkarteari kontsulta egitea proposatu da, ea eurek irizpide edo material bateratua eskaintzerik ba ote duten jakiteko.
- Gaitasun handiko ikasleen detekzioan eta atentzioan protokolo berria jarri da abian aurtengoan.
- Orientazio mintegia berrantolatu da. Lan-egitura eta -modu berria proposatu da eta praktikan jarri da dagoeneko. Orientatzaile eta aholkulariak honela banatu dira:
- A langilea: HH2-LH2 (detekzioa)
- B langilea: LH4-DBH2 (esku-hartzea)
- C langilea: DBH3-Batxi2 (orientazioa)
2023-24 ikasturteko eskola-egutegia eta egutegi akademikoa
Ikastolako webgunean daude egutegi eta data guztiak ikusgai.
DBH1eko gurasoei berreskurapenak zer diren, nola antolatzen diren, eta erreklamazio egunaren funtzioa edo aukera zein den xeheago azaltzea proposatu da.
Bigarren ebaluazioan diziplina arteko proiekturik ez dagoenez, azterketa kopurua handiagoa ote denaren inpresioa omen dute familei batzuek. Horren gaineko kezka/zalantza azaldu da bileran.
Ikasturte hasierako guraso bilera orokorrak: hainbat irizpide adosten
- Ekintza osagarriak eta irteerak: Pedagogia Batzordea egiten diren ekintzak aztertzen ari dela jakinarazi da. Ikastolako ekintza osagarriak eta irteerak zein izango diren erabakitzeko, Ikastolako pertsona eredua oinarri izango duen irizpide-proposamena egingo dio Pedagogia Batzordeak Hezkuntza Batzordeari.
- Ikas-bidaiak: salaketa batek, besteak beste, irakasleen ordu osagarri kopurua murriztea ekarri du. Horrez gain, Pedagogia Batzordeak ekintza osagarri eta irteerak zein izango diren erabakitzeko irizpide-proposamena ere aintzat hartuko da. Aldaketak egongo dira ikas-bidaien gaian eta ikasturte hasierako guraso bilera orokorretan hitz egingo da gaiaz.
- Aintzat hartzekoak edota azpimarratzekoak:
- DBHko gaur egungo eskola-ordutegia behin-behinekoa da. Hedatze programari esker lortu zen gaur egungo ordutegia eta bi ikasturterako onartu zitzaion Ikastolari.
- Pendienteen kudeaketaren nondik norakoak sakondu behar dira DBH 2. mailako bileretan.
- Ikas-bidaiena azalpenak beharko dituen gaia izango dela aurreikusten da.
- “Familia Laguna” programaren aipamena gehituko da guraso bilera orokorren gai-ordenera.
Ikastolako guraso eskola: hurrengo hitzorduak
Ondorengoak dira, momentuz, aurreikusita dauden saioak:
- AGIPAD: familientzako drogen eta alkoholaren prebentzioaren inguruko informazio saioa (azaroak 7)
- ORAIN PREBENTZIOA: familientzako sare sozialen eta horiekiko menpekotasunen inguruko saioa (abenduak 12)
- BERDINDU eskola: familientzako aniztasun sexualaren inguruko saioa (abenduak 19)
Orain arteko esperientzia ezagututa, ORAIN PREBENTZIOA hitzaldia praktikoagoa izatea proposatzen da (familiei dauden tresnak zein diren azaltzea: TikTok, guraso-kontrola, historia nola begiratu…).
Hedatze programa: hobekuntzez eta familien parte-hartzeaz
Iaz ikuskariak egin zituen hobekuntza proposamenak txertatu dira, eta curriculumetik gehixeago urruntzen diren eskaintzak egiten saiatu da DBHko lantaldea: joste-tailerra, baserria diseinatzeko taldea…
Eskaintza osatzeko, familien hanka aktibatzea falta da. Hori hauspotzeko, gurasoei euren lanbideen inguruko hitzaldi edo tailerrak egitea proposatzea interesgarria izan daitekeela aipatu da.
Sakelako telefonoaren Ikastolako erabileraz
Zenbait ikastetxetan sakelako telefonoa debekatzen hasi dira eta guraso batek gai hori aztertzeko eskatu du.
DBHko zuzendaritza-taldeak erabilera hezitzailearen aldeko apustua egin zuen bere garaian eta hori da azken urte hauetako jarraibidea: zein testuingurutan erabili eta nola erabili erakustearen aldekoa da DBHko zuzendaritza-taldea. Bestalde, Ikastolak berak kontrola ditzakeen arauak jartzearen aldekoa da DBHko zuzendaritza-taldea, kontrolaezinak diren arauak jartzea kalterako izan baitaiteke.
Familien partetik debekuaren aldeko jarrera baldin badago, DBHko zuzendaritza-taldea gaia baloratzeko prest dago. Debekuak ezin du Ikastolaren partetik bakarrik etorri. Mugikorra familiek ematen diete ikasleei, eta tresnaren kontrola gurasoei dagokie.