HIZKUNTZAK

HH Asteko oharrak (24.10.04)


ETAPA MAILAKOAK


Guraso bilera orokorrak

Datorren astean HH3, HH4 eta HH5eko guraso bilera orokorrak izango ditugu. Espazioaren egokitasunagatik, bilera guztiak Esmalterian egingo dira. Punteroak ere, prest izango dituzue astelehenerako.

Guraso batzordeko aurkezpena moldatu eta eguneratu dute gurasoek. Hemen duzue, gure aurkezpenean txertatzeko dokumentua.

Zubiak Eraikiz

Taula honetan, ikasturte honetan Iparraldeko lagunekin izango ditugun gelen esleipenak dituzue.

Harreman horiek martxan jartzen hasteko, urriaren 17an, arratsaldeko 17:30ean, meriendatxo bat egingo dugu Añabitarte baserrian. Bertara, gure Iparraldeko lagunen irakasleak eta tutoreak gonbidatu ditugu elkar ezagutzeko helburuarekin; eta hasiera goxo batekin ekiteko ikasturteari. Beraz, harremana izango duzuen tutoreei ere gonbita luzatzen dizuegu bertan parte hartzeko. Hemen duzue izen-emate orria.


IKASTOLA MAILAKOAK


Urriak 5: Irakasleen Nazioarteko Eguna

Azken urteetako ohiturari jarraiki, aurten ere egingo diogu keinu Irakasleen Nazioarteko Egunari. Bihar (larunbata) izango denez, gaur “ospatuko” dugu. Norberak bere eraikineko irakasle edo kafe gelan sorpresa txiki bat du zain. Zerbitzuetako nahiz administrazio eta mantenuko langileak ere pasa ongien datorkizuen lekutik, zuentzako ere bada eta! Irakasleen Nazioarteko Egun on, denei!

Esaiozu bueltan da! (eta geratzeko asmoz dator…)

Orain ikasturte batzuk ekin genion Esaiozu ekimenari. Ezagutu ez zuenarentzako edota gogoratzen ez denarentzako, zer da Esaiozu? Norbait zoriontzea, zenbat lagundu dizun esatea, zuretzako zein garrantzitsua den aipatzea… Eta Esaiozu bat jasotzen baduzu, pertsona berari edo beste norbaiti zuk zerorrek egitea, katea eten ez dadin. Txartel, eskutitz, postal digital moduan egin daiteke.

Ekingo diogu berriro Esaiozuri? Hauspo pixka bat emango diogu? Asmo horrekin, berritasun gisa, batetik, Esaiozu txartel batzuk sortu ditugu, irakasle edota kafe geletan topatuko dituzue; ti-ta batean, nagirik gabe, erraz idatzi eta entregatzekoak (esan gabe doa, norbaitek txartel propio eta pertsonalizatua sortu nahi badu, oso ongi etorria izango dela :). Bestetik, langile atarian Esaiozu txartel digitalak bidaltzeko aukera ere jarri dugu: bete inprimaki bat eta hartzaileak emailez txartel digital polit bat jasoko du.

Animatu! Ziur baduzula zerbait norbaiti esateko; esaiozu!

Urriak 12 – Ikasturteari ongietorri festa: boluntario-eskaera eta egitaraua

Pasa den astean aipatu bezala, hona urriaren 12ko ikasturteari ongietorri festaren egitaraua (langile atarian ere baduzue, gainaldeko azpimarretan).

Gogoratu festa egin ahal izateko boluntarioak behar ditugula. Langileei tabernako txandetarako (16:30-18:30 edota 18:30-20:30) eta festa amaitzean hura desmuntatzeko laguntza eskatzen zaie. Animatzen zaretenok jarri mesedez harremanetan Garazi Otamendirekin (HHko lankidea). Aldez aurretik, eskerrik asko!

Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua

Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. Chillida Lekutik irakasleentzako jardunaldirako gonbidapena iritsi zaigu, hori da berritasuna. Museoaren aurtengo ikasturteko programazioa ezagutzeko irakasleentzako jardunaldi bat antolatu dute. Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atalean topatuko dituzue xehetasun gehiago eta izena emateko aukera.


ETAPA ARTEKOAK


HH-LH-DBH | Blaitu Klubak ekin dio 2024-25 ikasturteari

Iazko lehen denboraldi eta loraldiaren ostean, ikasturte berriarekin batera, Blaitu Kluba hasi da berriz ere motorrak berotzen. Lehen Hezkuntzan, horma-irudi ederra sortu dute ikasle guztien artean eta DBHko eraikina ere koloretako tantez betetzeko asmoa dago. Ikusi LHko horma-irudia eta ezagutu Blaitu Klubaren aurtengo asmo eta helburuak langile atarian (albisteen atalean).

Jarrai dezagun mingainak blaitzen eta euskaraz bustitzen!