ETAPA MAILAKOAK
BakQ identifikazio eta sinadura elektronikoa
Aste honetan ikuskariarekin izandako bilera batean irakasleok BakQ identifikazio sistema aktibo izatearen derrigortasuna atera da mahai gainera. Egun hainbat izapide (jazarpen protokoloena kasu) sinadura elektronikoarekin kudeatu behar ditugu eta etorkizunean ere joera hori izango dela adierazi digute. Webgune honetan topatuko duzue informazio guztia. Eskaera digitalki egitea zaila egiten bazaizue, jakizue udaletxe edo anbulategian nahiko modu errazean eska daitekeela.
Lan-erregistroa
Gogoratu, hilaren bukaeran, erregistroaren fitxa zuzendaritzan dagoen artxibategian utzi behar dugula. Zuen izenaren ondoan “x” bat jartzea eta kodearen hurrenkeran uztea eskatzen dizuegu.
Eskerrik asko!
Plastika gela
Gogoratu nahi dizuegu ikasleak ezin ditugula plastika-gelara bakarrik bidali eta bertako material edo erremintaren bat erabiltzen badugu, hartutako leku berean utzi behar dugula.
Oporren aurreko azken egunetan eta oporren ondorengo lehenengo egunetan hainbat material eta erraminta desagertu dira eta beste hainbat, modu desegokian erabiltzeagatik, hondatuta daude.
Oso garrantzitsua da irakasleok ongi kontrolatzea espazio komun hauetan gertatzen dena eta atea beti giltzatuta uztea, horrelako egoerak errepika ez daitezen.
Gelaren batean galdutako erratzen bat topatzen baduzue, itzuli bere lekura, mesedez 😉
Mila esker!
Blaitu
Kaixo, lankideok:
Jakinarazi nahi dizuegu datorren ostegunean, urtarrilak 22, 3. saioan Blaituko ikasleak ez dituzuela gelan izango. Hemen duzue ikasleen zerrenda. Eragozpenik izatekotan, jar zaitezte gurekin harremanetan.
Eskerrik asko,
Iñaki eta Sara
VII. beldurrezko (mikro)ipuin eta ikus-entzunezkoen lehiaketa: irabazleak eta saritutako lanak
Dakizuen bezala, aurten VII. beldurrezko (mikro)ipuin eta ikus-entzunezkoen lehiaketa ospatu dugu ikastolan. Parte hartzera animatu zareten guztiei eskerrak eman nahi dizkizuegu eta, noski, irabazleak zoriondu. Hauek izan dira saritutako lanak:
- DBH 2. mailako Oihan Cangas ikaslea Aitona izeneko ipuinagatik (A kategoria)
- DBH 4. mailako Naia Aranberri ikaslea Kate barik izeneko ipuinagatik (B kategoria)
- Iñigo Legorburu Goxo goxo izeneko mikroipuinarengatik (C kategoria)
- DBH 3. mailako Oihan Oskitz Matas eta Joanes Arrieta ikasleak Hilketa ikastolan ikus-entzunezko lanarengatik (C kategoria)
Irakurketa taldea
Calendar-ari lotutakoak
IRAKASLEAK
- Hedatze: Astelehenean, asteartean eta asteazkenean, Hedatze akademikoa izango dugu.
- IHMO: Astelehenean, banakako lanketa egingo dugu. Xehetasunak Calendar-en dituzue ikusgai.
- Guraso bilerak: Asteartean, aurrez aurreko bileretarako tartea izango dugu.
- BAGEA: Asteazkenean, zuzendaritza eta arduren transizioaren inguruan hitz egiteko foroa 14:05ean bilduko da liburutegian.
IKASLEEKIN
- Expectations: Astelehenetik ostiralera, 3. mailako ikasleek gorputz adierazpena landuko dute. Xehetasunak Calendar-en dituzue ikusgai.
- EUSlider: Astelehenean, gazteen artean euskararen erabilera bultzatzeko ekimenari ekingo diote 3. eta 4. mailako ikasleek.
- Drogomendekotasun tailerra: Asteartetik ostiralera, 4. mailako ikasleek tailerra izango dute.
IKASTOLA MAILAKOAK
Solasean: norberaren hausnarketa egiteko eta bakarkako elkarrizketa eskatzeko EPEA LUZATZEA
Solasean-en epeak luzatu dira. Jende mordoa falta da norberaren hausnarketa egiteko eta eskatutako bakarkako elkarrizketak ere ez dira asko. Norberaren hausnarketa langile denek egitekoa da; elkarrizketa eskaera iaz egin ez zutenek eta iaz eginagatik aurten ere egin nahi dutenek egin behar dute. Mesedez, falta zaretenek egin eginbeharrak lehenbailehen. Langile atarian (azpimarren atalean) duzue horretarako aukera. Garrantzitsua da Solasean-etik ateratzen den informazioa prestakuntza planerako, plangintzarako… Aintzat har ezazue gaia, arren.
“Piztu itxaropena” kanpaina (Saharako errefuxiatuen aldeko janari eta baliabide bilketa): ikasgelako lanketa eta bilketa bera
Aurtengoan ere, “Piztu itxaropena” kanpainan parte hartzeko hautua egin du Elkartasun Batzordeak, ekimen honek gurean duen historia kontuan hartuz.
Geletan gaiaren inguruko lanketa espezifikoa egiteko proposamena luzatzen dizuegu.
- HHn, ipuin-kontaketa egiteko eta bertako irudiak ikusteko aukera izateko tartetxo bat hartzea eskatuko zaizue.
- LHn, Komunitate Proiektua irakasgaian, ipuinaz gainera, bideo baten bidez, saharar herriaren egoeraz hitz egin eta hausnarketa bultzatzea da proposamena.
- DBH eta Batxilergoa. Zarauzko ikastetxe batzuetan egindako proiektu baten berri ematen duen bideoa pasa ziguten orain denbora pixka bat; ikasleek errefuxiatu sahararrei egindako bisita baten bideoa, hain justu. Hori lantzea da proposamena.
Hemen, etapaka banatuta duzue proposamen osoa. Besteentzat prestatutakoa ere egokia iruditzen bazaizue, AURRERA! Helburua, esan bezala, ikasleengan enpatia piztu eta janari bilketan emozionalki inplikatzea da eta!
Ondoren, ohiko janari bilketa egingo dugu: urtarrilaren 22an eta 23an izango dugu aukera etxetik gauzak ekartzeko. Urtarrilaren 26 goizean etorriko dira jasotakoaren bila. Bilduko direnak ondorengoak dira: hegaluzea eta sardinak oliotan, pasta, arroza, azukrea, lekaleak eta konpresak.
Ikasleak eta familiak bezalaxe, zuek ere gonbidatu nahi zaituztegu ekimenean parte hartzera.
Mila esker guztiagatik!
Elkartasun Batzordea
Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua
Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. Ndank Ndank elkartearen “Hezkuntza antiarrazistaz hausnartzen” jardunaldia gehitu dugu. Langile atariko prestakuntza eta jardunaldien atalean topatuko dituzue ikastaroaren gaineko xehetasunak.
Lilaton 2026: emakumeok, anima zaitezte! [GOGORATZEA]
Eguberriko oporren aurretik esan genizuen eta orain gogoratu nahi dizuegu, Ikastolako hainbat emakumek “Lilaton”en parte hartzeari ekin ziotela orain urte batzuk eta aurten ere jarraipena eman nahi zaiola orduan hasitako bideari. Martxoaren 1ean egingo den “Lilaton”en izena ematera animatu eta gonbidatu nahi zaituztegu zuek ere, Ikastolako emakume langileak.
Langile atarian topatuko dituzue Ikastolako talde-argazkira batzeko xehetasunak (aurrez www.lilaton.eus-en izena eman behar da, norbanako gisa). Anima zaitezte!
Ikastolak egiten dituen aitorpen eta oparien kudeaketarako marko orokorra langile atarian
Ikastolak egiten dituen aitorpen eta oparien kudeaketarako marko orokorra onartu zuen Artezkaritza Kontseiluak, 2025eko abenduan egindako bileran. Honen helburua, hala dagokien kasuetan, irizpide eta funtzionatzeko modu komunak ezartzea da.
Langile atarian (informazioa praktikoaren atalean, bestelakoen sailean) duzue dokumentua eskura, hala behar duzuenerako.
Sare sozialetarako bideo laburrak grabatzeko irizpide-sorta langile atarian
Argazkiez gain, Ikastolan gertatzen dena, Ikastolako “bizia”, bideo laburren bitartez ere kontatzeak Ikastolako sare sozialetako jardunari ekarpen esanguratsua egingo liokeela uste da. Horiek horrela, bideo labur horiek osatzeko “korteak” grabatzeko irizpideak idatzi dira; dena delakoa ere hitzordua, proiektua edo ekimena, argazkiez gain, irakasle, tutore eta langileek bideo “korteak” ere graba ditzaten. “Korte” horiekin bideo laburrak osatzeaz ez dute “korteen” grabatzaileek arduratu behar.
Langile atarian (informazioa praktikoaren atalean, bestelakoen sailean) duzue grabazioetarako irizpide-sorta eskura, hala behar duzuenerako.
BESTELAKOAK
Ikusgela.eus webgunea
ikusgela.eus webgunearen berri izan dugu. Mundua ulertzeko azalpen bideoen (diziplinaka sailkatuta eta erregistro freskoan) proiektua da Ikusgela. Helburu didaktikoa duten bideoak egitea da asmoa, euskarazko jakintza librea sortzeko eta jendarteratzeko. Bideo pedagogikoak, euskaraz eta libreak.
Ikasgelako jardunerako baliabide interesgarria izan daitekeelakoan ematen dizuegu honen berri.
Konfekoop aldizkariaren 107. zenbakia
Konfekoop-ek, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak, aldizkaria argitaratzen du hiru hilabetero. Hemen duzue irakurgai azken alea, tartean irakaskuntzaren atala ere bada: hainbat irakaskuntza-kooperatibetako ordezkariek ikasturte hasieran Herbehereetara egindako bisitaz dihardu.