ETAPA MAILAKOAK
Emantik hasiera
Gogoratu datorren astean, azaroaren 4an, Emantik betetzen hasiko direla ikasleak. Emantik egunero beteko dute: goizero, 1. orduan eta 4.ean. Aukerako gaia dagoenean, 2. eta 5. orduan egingo litzateke (DBH1en asteazkenetan eta DBH2n astelehen eta ostiraletan egingo dugu topo egoera honekin). Gogoratu klikatzen hasi aurretik egoera testuinguratzea (ikasleak kokatu, barrura begiratu dezatela…). Argibideak klasean izango dituzue ikusgai (kartel formatuan).
Hemen esteka: https://plataforma.kanjoemotion.com Printzipioz ikasleek emailez jaso dituzte bertan sartzeko erabiltzailea eta gakoak.
Jolasgaraietako lantaldea
Azaroaren 5ean, asteartea, azken klaustroan aurkeztu genuen jolasgaraietako planteamendu berria jarriko dugu abian. Hemen duzue klaustroan egin genuen proposamena kontsultatzeko esteka. Edozein
zalantza argitzeko, galdetu jolasgaraietako lantaldeko kideei. Azaroaren 4ko tutoretzan gela bakoitzeko ikasle ordezkariei aurkeztuko zaie, geletan komenta dezaten.
DIZIPLINA ARTEKO PROIEKTUAK: ORDUTEGIA. ARRETAZ IRAKURRI!
Dakizuen bezala, azaroaren 11-13 bitartean 1. ebaluazioari dagozkion DIZIPLINA ARTEKO PROIEKTUei helduko diegu.
Xehetasunak Calendarren topatuko dituzue, baina bada kontu bat garaiz aurreratu nahi dizueguna: ORDUTEGIA. Begiratu arretaz, mesedez:
- AZAROAK 11, astelehena: 9:50-14:00 (azkeneko 4 saioak)
- AZAROAK 12, asteartea: 9:50-14:00 (azkeneko 4 saioak). DBH 3. mailan izan ezik: 8:00-12:10 (lehenengo 4 saioak)
- AZAROAK 13, asteazkena: 8:00-12:10. Luzatzeko aukera izango dugu, beharraren arabera.
Mila esker eta animo!
DBHko Berrikuntza taldea
Tutoretza saioa
Aste honetan tutore bilerarik izan ez dugunez, egitekoak eta eman beharreko oharrak Calendarren dituzue ikusgai.
Calendarrari lotutakoak
IRAKASLEAK
- Klaustro monografikoa: Astelehenean (azaroak 4) 4. mailako ikasbidaiaren igaineko klaustro bilera izango dugu.
- Koordinazioa: Asteazkenean mintegika koordinatzeko tartea izango dugu.
IKASTOLA MAILAKOAK
Solasean: norberaren hausnarketa eta bakarkako elkarrizketak
Iaz hasitako bideari jarraituz, aurtengo ikasturtean ere izango dugu Solasean. Langile atariko gainaldeko azpimarretan duzue norberaren hausnarketa egiteko eta bakarkako elkarrizketarako hitzordua hartzeko aukera. Hausnarketa denok egingo dugu; bakarkako elkarrizketa, berriz, iaz egin ez zutenek (iaz egin zuen norbaitek aurten ere egin nahi balu, ez dago inongo arazorik). Bata egiteko eta besterako hitzordua hartzeko epea abenduaren 20an amaituko da.
Bakarkako elkarrizketarako hitzordua hartu aurretik, norberaren hausnarketa egin behar da; eta gutxienez hiru egun lehenago hala dagokion gidariari bidali behar zaio. Epe hori gutxi gorabeherakoa da, baliteke gidariak egun gehiagoko tartea eskatzea. Bestalde, jakizue, gidariek elkarrizketak modu orekatuan egin ditzaten, jasotako eskaeren arabera beteko direla gidari bakoitzaren hitzorduak eta, beraz, hortik aurrerako eskatzaileek beste gidari bat aukeratu beharko dutela.
Hezkuntza Sailaren finantziazioaren gaineko datuak langile atariko informazio praktikoa atalean
Bolo-bolo dabiltza prentsan eta sare sozialetan administraziopeko eta itunpeko ikastetxeetako irakasleen soldata-ekiparazioaren eta, horri lotuta, doakotasunaren gaiak. Interesgarria irudituta, langile atariko informazio praktikoa atalera (bestelakoen alorrera) gehitu dira Hezkuntza Sailaren finantziazioaren gaineko hainbat datu, hala behar edo nahi izatean eskura izateko Ikastolako langile guztiek.
Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua
Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. Berritasuna “Gorputz praktikak” saioa da. Langile atarian dituzue xehetasunak.
Artezkaritza Kontseilua: urriko bilera
Artezkaritza Kontseiluak ez du urriko bilerarik egin. Beraz, ez dago deskargurik.
Gau Beltza – Euskararen Eguna: VI. Beldurrezko (mikro)ipuin eta ikus-entzunezkoen lehiaketa
Gau Beltza eta Euskararen Eguna lotzeko asmoz, hemen da Ikastolak antolatzen duen beldurrezko (mikro)ipuin eta ikus-entzunezkoen lehiaketa. Seigarren edizioa izango da aurtengoa. Herriko DBHko ikasleek eta 16 urtetik gorako beste edozein herritarrek har dezake parte ekimenean. Beraz, anima zaitezte! Sariak ere badira!
Abenduaren 3ra arteko epea dago lanak aurkezteko. Langile atarian (Gau Beltzaren azpimarran) dituzue lehiaketaren xehetasunak eta parte hartzeko oinarriak.
Zubiak Eraikiz: Ziburuko Kaskarotenea Ikastolako kirol-jertseak eta telazko poltsa
Zubiak Eraikiz egitasmoan bidaide dugun Ziburuko Kaskarotenea Ikastolak kirol-jertseak eta telazko poltsak egin ditu eta horren berri eman digute aste honetan.
Kaskarotenea Ikastola aurrera ateratzeko pentsatutako ekimena denez, kirol-jertseak edota telazko poltsa erostera gonbidatu nahi zaituztegu. Langile atariko “herrigintza” azpimarran dituzue eskaintzaren xehetasunak eta eskaerak egiteko aukera. Azaroaren 10a da eskariak egiteko azken eguna. Ostean, eskura emango da eskatutakoa eta momentuan ordaindu beharko da eskudirutan.
Bide batez, gogoratu Hendaiako Ikastolako Eguberriko txokolatezko egutegia eta Seaska egutegia eskatzeko azken egunak direla, azaroaren 3a dela horretarako azken eguna. Langile atarian (“herrigintza” azpimarran) duzue eskaera egiteko aukera.
ETAPA ARTEKOAK
Oiartzo | Eleaniztasuna, paperetik ahora eta ikasgelatik mundura
Oiartzo Ikastolan proiektu berria jarri dute martxan ahozko komunikazioa lantzeko atzerriko hizkuntzan; zehazki, ingelesez eta frantsesez ahozkotasuna lantzeko: eTwinning, Europar Batasunaren Erasmus+ programak barne hartzen duen ekimenetako bat. Izenak (ingelesez) dioen bezala, bikote digitalak egitea da ekimenaren asmoa, online eta atzerriko hizkuntzan gai eta ekintza jakinak landu eta egiteko hango eta hemengo gazteen talde txikiak sortzea, hain justu. eTwinning ekimeneko bi proiekturekin ekin diote bideari Oiartzo Ikastolan. Irakurri albistea osorik www.oiartzoikastola.eus webgunean.
BESTELAKOAK
Deskontua Azul Marino bidaia-agentzian Ikastolako langile izateagatik
Konfekoop-ek, Euskadiko kooperatiben konfederazioak, lankidetza-hitzarmena du Azul Marino bidaia-agentziarekin (lehen Eroski Bidaiak) eta jakinarazi digute urte amaierako irteera berezi bat antolatu dutela Gasteiztik Pragara, kooperatibetako langileentzako %5eko deskontuarekin. Eskaintzaz baliatu nahi dutenek egiaztatu egin beharko dute Konfekoop-eko kooperatiba bateko (Orereta Ikastola bada) langile direla, hori ziurtatzen duen agiri bat aurkeztuz Azul Marino bidaia-agentzian.