HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (23.11.24)


ETAPA MAILAKOAK


Ebaluazio bilerak

Astelehen eta astearte arratsaldean EBALUAZIO BILERAK gauzatuko ditugu. Hona hemen zenbait ohar garrantzitsu:

HURRENKERA ALDAKETA: Aurten, orientatzaileen ordutegiak direla-eta, astelehenean 3. eta 4. mailako bilerak egingo ditugu eta asteartean 1. eta 2. mailakoak.

NOTAK: Jolasgarairako egun bakoitzeko taldeen notak sartuta egon behar dute.

DENBORAREN KUDEAKETA: Ikasturte honetan, taldeari dagokion balorazio orokor bat eginez abiatzea proposatzen dizuegu. Bertan, tutoreek taldearen lan ohiturak, zailtasunak, jarrerak, harremanak eta erronkak laburbilduko dituzte. Ondoren, eta ebaluazio bilera eraginkorra izan dadin, ez dugu ikasle guztien inguruan hitz egingo, zoriondu nahi ditugun ikasleak aipatuko ditugu eta, ondoren, hobetu daitezkeen emaitzak eskuratu dituzten ikasleen inguruan zentratuko gara. Kasu hauetan, tutoreak proposamen zehatzak egin eta hartu beharreko erabakiak hartuko ditugu. Aintzat hartu bilera monografikoak ere egingo ditugula, beraz, ez du merezi ikasle zehatz batzuekin katramilatzea. Ahal den neurrian, hortaz, saia gaitezen talde bakoitzari dagokion denbora errespetatzen.

OHARRAK

  • Barnekoak: Abenduaren 4rako barne ohar guztiak sartuta izan beharko ditugu. Aurrez aurreko bilerak egun horretatik aurrera abiatuko baitira. *Aurrez aurreko guraso bilerak egiteko tartea urtarrilaren 10era bitarte luzatuko dugu. Hori dela eta, horretara bideratutako eguerdiak kontuan hartuz, 8 ordu izango dituzue, guztira.
  • Kanpokoak: Buletinean notekin batera agertuko diren oharrak dira honako hauek. Bertan ebaluazioa gainditzeko ikasle bakoitzak ZER egin behar duen zehaztu beharko dugu. (Gogoan izan azterketa egunaren berri notekin batera jasoko dutela, taula batean, beraz, ez duzue data zehaztu beharrik).

EUSKARRIA

  • JPPa duten ikasleak: bileran hartutako erabakiak tutoreak/kotutoreak berak gehitu beharko ditu dokumentuan.
  • JPPrik ez dutenak: Inikan Zuzendaritza taldeak jasoko ditu ikasle jakin horri dagozkion oharrak, bere historialean gera daitezen, erregistratuta, alegia.
  • JPP ireki beharko zaie: Ikasleren batekin NJPa irekitzeko erabakiren bat hartuko balitz, tutoreak/kotutoreak dokumentu berria ireki beharko dio.

TUTORETZA OHARRAK: Buletinean bertan tutoreak irakasle taldearen zenbait ohar adierazi ohi ditu. Gogoan izan honako hauek, mesedez:

  • Ez dugu berreskurapenak gauzatu arte “errendimendua hobetzen ez badu, ikasturtea berritu beharko du” tankerako oharrik idatziko.
  • Bestelakoan, lanari eta jarrerari dagozkion oharrak, tutore/kotutore bakoitzak idatzi beharko ditu. Ohar esanguratsuenak Calendarren ere aurkituko dituzue.

Erreklamazio eguna

Hurrengo ostiralean lehenengo ebaluazioko erreklamazio eguna dela gogorarazten dizuegu. Beraz, tutore/kotutore gisa familiaren baten eskaerarik jasoko bazenute, azterketak eskuratu eta A3 karpetatxo batean bilduta, Zuzendaritzako mahai gainean uztea eskertuko genizueke, ahal dala ostirala baino lehen, mesedez.

Calendarra: hurrengo asteko ekintzak

  • Sex Sua antzezlana: DBH 3. mailako ikasleek antzerkia, dantza eta musika nahasten dituen ikuskizuna jasoko dute. Ligatzeko aplikazioen eta komunikatzeko kode berrien inguruko hausnarketa bultzatzea du helburu.  Xehetasunak Calendarren aurkituko dituzue. Ikus-entzuneko aretoa okupatuta egongo da 08:30etik aurrera.
  • Irakurriz gozatu: Datorren asteartean lehen hiruhilabeteko solasaldi bateratuak gauzatuko ditugu liburutegian.  Ordu erdiko iraupena izango dute, eta bi talde elkartuko dira txanda bakoitzean. Antolaketa eta ordutegiak Calendarren daude ikusgai.
  • Kaebnai: Azaroaren 29an 3. mailako ikasleek Kaebnai elkarteak bideratutako bi orduko saioa jasoko dute. 12:00-14:00etara izango dira saioak, gela guztietan aldi berean. Irakasleok ez dugu bertan egon behar.
  • Euskararen Eguna: Abenduaren 1ean Euskararen Eguna Ikastolan ospatuko dugu! Lehenengo hiru saioak arruntak izango dira (8:00-10:45), jolasgaraia 11:30 bitarte luzatuko da eta ikasleek tortilla pintxoa jateko aukera izango dute. 12:00etan, DBH 1. eta DBH 2. mailako ikasleek antzezlan bat ikusiko dute aterpean, bitartean, DBH 3. mailakoek, ikus-entzunezko aretoan “Barry Barrez” bakarrizketa entzuteko aukera izango dute.
  • Baga, biga, higa…: DBH 4. mailako ikasleen eskutik BAGA, BIGA, HIGA…ahozko emanaldia aitona-amonei eskainia. Datorren ostiralean, abenduak 1, Niessen aretoa gure ikasleen zein herriko beste hainbat aitona-amonekin beteko dugu. DBH 4. mailako ikasleek ebaluazioan zehar landu duten “Ahozko euskal literaturan” oinarritutako lanak aurkeztuko dizkiete eguerdiko 12:00etan hasita. Emanaldian, balada zaharrak, maite kantuak, kopla zaharrak, bertsolaritza eta askoz ere gehiagoz gozatzeko aukera izango dute euren biloben eskutik, ahoz aho eta belarriz belarri ahozko euskal literaturak etenik izan ez dezan. Ziur gaude momentu hunkigarriak biziko ditugula.

IKASTOLA MAILAKOAK


Ikastolen Lan Hitzarmena: behin behineko soldata igoera

2023ko azaroan Ikastolen Elkarteak aldebakarrez 2023rako lansari igoera berria onartu du. Soldatan %0,5eko igoera aplikatuko zaie kategoria guztiei, bai oinarrizko soldatan, baita antzinatasunean ere (urtarriletik urrira bitarteko atzerapenak barne).

Jakin badakigu Ordainketa Eskuordetutik, batetik, azaroko nominan igoera aplikatuko dutela eta bestetik, urtarriletik urrira bitarteko atzerapenak ere azarokoarekin batera ordainduko direla.

Horiek esanda, kontuan izan ondorengoak:

  • Nomina Ikastolatik jasotzen baduzu, batetik, azaroko nomina jasoko duzu, eta bestetik, urtarriletik urrira bitarteko atzerapenak nomina bakarrean edo gehiagoan (izan duzun kontratu kopuruaren arabera).
  • Nomina Ikastolatik eta soldataren zati bat Ordainketa Eskuordetutik jasotzen baduzu, azaroko nomina eta urteko atzerapenak guztia batera ordainduko zaizkizu. Ordainketa Eskuordetuak dena batera ordaintzen duenez eta Ikastolak, aldiz, nomina eta atzerapenak bereizi egin behar dituenez, baliteke azaroko nomina negatiboa izatea. Hala bada, ez egin itzulketarik; Ikastola bera arduratuko da hurrengo egunetan hala dagokizuenei kargua egiteaz.

Azaroak 30: greba orokorrerako deialdia

Euskal Herriko mugimendu feministak greba orokorrerako deialdia egin die gizon nahiz emakumeei azaroaren 30erako, “zaintza sistema publiko eta komunitario” bat aldarrikatzeko. Antolaketa kontuengatik, eskertuko genizueke, ahal izatera, zuen ikas-etapako edo saileko arduradunari azaroaren 30eko zuen asmoen berri ematea. Mila esker, aldez aurretik.

Prestakuntza: baso-eskola – aniztasun funtzionala

Langile atarian (prestakuntzen eta jardunaldien atalean) baso eskolan aholkuari dugun Kutxa Ekoguneatik heldu zaigun “Naturan hezi, zaintza erdigunean jarrita” ikastaroaren berri topatuko duzue; gehitu berri dugu.

EHI: 27. Jardunaldi Pedagogikoen deskargua

Pasa den azaroaren 16an eta 17an EHIren Jardunaldi Pedagogikoen 27. edizioa egin zen Irungo Ficoban. Orereta Ikastolako hainbat irakasle bertan izan ziren.

Amaia Anterok, Amaia Artolazabalek, Esther Garaialdek eta Zigor Ibarzabalek “Bazatoz? Ikastolen Hezkuntza Markoa” liburua idatzi dute. Prozesu zabal eta parte-hartzaile baten fruitu, liburuan, Ikastolen Hezkuntza Marko Orokor Berria jasotzen da. EHIren 27. Jardunaldi Pedagogikoetan liburuan biltzen dena aletu, xehatu eta sakondu da.

Nekane Artolak, Ikastolen Elkarteko lehendakariak, eta Jokin Bildarratzek, Hezkuntza Sailburuak, eman zioten hasiera ekitaldiari, eta bi egunez, hezkuntza marko orokor horren alderdi ezberdinei buruz aritu gara hizlari ezberdinen eskutik. Besteak beste, gure Ikastolako ikasle ohia den Unai del Burgok Ikastolok bereizgarri dugun kooperatiba-izaeraren gaineko ponentzia interesgarria egin zuen.

EAEko Hezkuntza Lege Berriaren testuinguruan eta datozen erronken aurrean, Ikastolok funtsezkoak izaten jarraitzen dugu bidea egiten segitzeko eta urratsak ematen jarraitzeko: euskal jendarteko eragile aktibo eta konprometituak izan behar dugu denbora luzez. Beste bereizgarri batzuen artean, Euskal Herriko zazpi herrialdeak aintzat hartzen dituen hezkuntza eredu bakarra gara. Euskara ardatz harturik, hizkuntza erakusteaz harago, euskal hiztun osoak sortzeko konpromisoarekin jaio ginen. Kooperatibak gara, gobernantza eredu parte-hartzailea da gurea, osatzen dugun guztiona eta guztiontzako.

“Bazatoz? Ikastolen Hezkuntza Markoa” liburuan jasotzen direnak sakontzeko interesa duenak jakin beza Ikastolan ale batzuk baditugula. Hala nahi izanez gero, eskatu besterik ez duzue.

NextCloud – OIKS: Oiartzo-Orereta karpeta partekatua eta “ekimenen” karpeta hara pasatzea

Orain bi aste aipatu bezala, NextCloud – OIKS berrantolatzen ari gara.

Jakizue, besteak beste, “Oiartzo-Orereta” karpeta partekatua sortu dugula. Oiartzo eta Oreretako langile guztiek dugu sarbidea bertara. “Oiartzo-Orereta” karpetaren helburua bi Ikastoletako langileontzako komunak diren karpetak, dokumentuak… biltzea da; leku ezberdinetan egon daitezkeen bikoizketak ekiditeko eta elkarlanerako bide eta moduak errazteko asmoz.

Momentuz, “sortaldeen” karpeta topatuko duzue bertan. Laster, “ekimenena” ere bertara pasako dugu. Denborak aurrera egin ahala, ziur asko, karpeta eta dokumentu gehiago ere bilduko dira “Oiartzo-Orereta” karpeta komunera.

Zubiak Eraikiz: Hendaiako Ikastolako Eguberriko txokolatezko egutegiak heldu dira!

Hendaiako Ikastolako Eguberriko txokolatezko egutegiak heldu dira Ikastolara. Datorren astean jaso ahal izango dituzue hala dagokizuen ikas-etapan/sailean. Jasotzean ordaindu beharko dira eskudirutan (10€/egutegia).

Zubiak Eraikiz: Biriatuko Ikastola laguntzeko Eguberriko saskiak eta produktuak

Zubiak Eraikiz egitasmoan bidaide dugun Biriatuko Ikastolak Eguberriko saskiak eta produktuak jarri ditu salgai. Langile atarian duzue saskiak eta produktuak zein diren ikusi eta hala nahi dituzuenak eskatzeko aukera.

Biriatuko Ikastola aurrera ateratzeko pentsatutako ekimena denez, parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Abenduaren 8ra arteko epea dago eskatzeko, eta abenduaren 10era artekoa ordaintzeko (eskudirutan, Añabitarteko bulegoan). Eskariak Añabitarteko bulegoan jaso beharko dira (harremanetan jarriko gara eskatzaileekin).

Blaitu Kluba: Blaitu MHLZ lehiaketa, azaroaren 27tik abenduaren 3ra

Blaitu Klubak “Blaitu MHLZ lehiaketa” antolatu du, azaroaren 27tik abenduaren 3ra. Euskararen Egunaren bueltan, ETBko Mihiluze saioan oinarrituta, familia giroan eta euskaraz momentu dibertigarri eta atsegina pasatzea da ekimenaren helburu nagusia.

Azaroaren 27tik abenduaren 1era bitartean, “Blaitu MHLZ” jolas bat eskainiko da egunero Ikastolaren webguneko Blaitu Klubeko atarian. Jolas horiek entrenamendu saioak izango dira abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, jokatuko den lehiaketa handirako. Abenduaren 3ko lehiaketako irabazleak IrisarriLand parkerako sarrerak eskuratuko ditu etxeko kide guztientzat. Langile atarian dituzue xehetasun gehiago eta lehiaketan parte hartzeko aukera. Animatu eta parte hartu! Blaitu mingainak eta busti euskaraz!


BESTELAKOAK


Ikaselkar: Neguko Katalogoa 2023

Hemen da Ikaselkarren, Elkar argitaletxearen eta Ikastolen Elkartearen, 2023ko Neguko Katalogoa. Eguberriak ate joka ditugun honetan, ideia eta proposamen interesgarriak topa ditzakezuelakoan gaude. Langile atarian topatuko duzue Katalogoa. Liburuxkan topatuko dituzue eskaerak egiteko bideak ere. Eskaerak Eguberriak aurretik jasotzeko, abenduaren 6aren aurretik egin behar dira.

Hainbat artikulu interesgarri

Oharra: EAEko Hezkuntza Lege berriaren azken faseko mugimenduen testuinguruan egin da beheko bilduma/aukera.