HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (22.10.07)

 


Etapa mailakoak


Behin betiko ordutegia

Aurtengo ordutegien behin betiko bertsioa hemen dago.
Azken bertsio honetan doikuntza batzuk egin behar izan dira 3A, 4E gelei eta Itxaro S., Maite L., Ane B. eta Goizargi I. irakasleei eragiten diete.
Eta orain bai, itxitzat ematen dugu 2022-23 ikasturteari dagokion ordutegia. Mila esker orain arte eginiko lanagatik, Ekaitz!

Hedatze: urriak 10 eta 11

a) Epea: 1.ebaluazioko saioetan izena emateko epea urriaren 28an itxiko da. (Familiei gogorarazpena bidaliko zaie urriaren 19an). Horretaz gain, urtarrilean 2.ebaluazioko saioetan izena emateko aukera zabalduko dela aipatuko diegu.

b) Pendienteak eta antolaketa: Irakasgaiaren arabera ikasle taldeak honela banatzea proposatzen dugu. *Ahal dela, saihestu egingo ditugu gela arruntak (ikasleen materialarekin arazorik egon ez dadin…).

  • Eremu soziolinguistikoa: musika gelan
  • Mate DBH2-3: HBSP gelan (1.mailako solairuan)
  • Mate DBH4: liburutegian
  • Zientziak: HPB gelan
  • Plastika: Plastika gelan

c) Asistentzia kontrola: hona hemen aste honetako Inika pildoratxoa. Asistentzia kontrolatzeko aukera Hedatze saio horretan arduradun izendatuta daudenk izango dute. Hasiera batean zuek Hedatze antolatzeko koadroan ezarritako izenak baliatu ditugu, halere, egokitzapenik egin beharko balitz, adierazi eta moldatuko dugu.

d) Autobusa: 16:05ean DBHtik Errioxa plazara jaisteko autobus zerbitzua izango dute ikasleek.

e) Gau Beltza dela eta, ASTEARTEAN zanko tailerrean izena eman dute zenbait ikaslek, hortaz, monografikoetan egon behar ez baduzue, zanko tailerrean laguntzea eskertuko genuke.

f) Matrikulazioa:

  • Mintzapraktika (ENG), asteartea: 3 ikasle
  • Zientzia kluba, astelehena: 5 ikasle
  • Gau Beltza: 8 ikasle

0 Ebaluazioa, monografikoak: urriak 10 eta 11

0 Ebaluazioa amaitu berri dugu, beraz, “alarma gorritzat” ditugun ikasleez hitz egiteko tartea izango dugu hurrengo astean. Bertan, kasuan kasu, aurrerantzean zein neurri hartu erabaki beharko dugu, eta dagokionaren NJPak elikatuko ditugu (Inikan). Hona hemen monografiko horietan baliatuko dugun euskarrien karpeta.

Urriaren 10ean DBH4 eta DBH3koak egingo ditugu, hurrenez hurren. Urriaren 11n, aldiz, DBH2.mailakoak. (Ikus Calendar)
*Neurrien artean gurasoekin biltzeko proposamenik balego, urriaren 26an horretarako tarterik badela gogoan izan (14:00-15:00). Orientatzailea edota Zuzendaritzako kideren batek egotea aurreikusten baduzue, aurreikusi, mesedez; eta hitzordua adostea eskertuko genizueke.

DBH1: PROLEC-SE-R

DBH1eko ikasle guztiei pasako zaie. LENguako saioetan pasako da, baina hurrengo saioaren zatitxo bat ere beharko dugu. Hemen duzue antolaketari buruzko informazio gehiago, 6. puntuan (Tutore orduan aztergai).

Pedagogia batzordearen mezua

Jada hasi gara unitate didaktikoak webgunerako prestatzen, guraso bilera orokorrak egiten ditugunerako denok ere prest eta ikusgai izan ditzagun. Ezer baino lehen mila esker guztioi egindako lanarengatik.

Nolanahi ere, badira ikasgai batzuk oraindik ere programazioa osatu gabe dutenak; segidan duzue horietarako aurreikusi dugun egutegia:

1.- Aurreko urtean aurreneko aldiz eman ziren ikasgaien programazioak (hautazko batzuk dira): urtarrilerako eginak.
2.- Aurten aurreneko aldiz emango ditugunak (balio etikoak, komunikazio-tailerra…): ekainerako eginak.

Edozein zalantza edo azalpen behar izanez gero, jo ezazue Ekaitz, Maialen edota Mirenengana. Animo, gazteak!

Mila esker eta animo!
Ekaitz, Maialen eta Miren.

Ekintza osagarriak

Antolaketa eta bestelakoak ikusgai dituzue Calendarren dagoeneko.

  • DBH2: BEGIRADAK, zinemaldia. (Urriak 14).
  • DBH3: DESeraikiz tailerra. (Urriak 11 eta urriak 13).

*Maila horietan saiorik izanez gero, antolaketari erreparatu, mesedez.

Ordezko ordenagailuen eta matxuren kudeaketa

Klaustroan adierazi bezala, ordezko ordenagailuen kontrola bideratzeko hobekuntzak egin beharra izan dugu. Hori dela eta, azken egunotan ordezkoen inbentario egiten aritu dira mintegian eta datorren asterako ordezko gehiago izango ditugu, barkatu eragozpenak.
Honako hau da IKT mintegiak lan honen kudeaketa errazteko proposatzen duena. Modu horretan ikasleen ordezko ordenagailuen kontrola erabatekoa izango da. Mila esker zuen laguntzagatik.

IKT TIKETA
Adi!
a) Izenburuan: Ikaslearen izena + gela + (Ordezkoa XX)
b) Azalpenean: Ordenagailu akatsa edo konponketa arrazoia zein den adierazi beharko dugu: bateria arazoa ote den, pantaila, … zehaztu, mesedez.

Telefonoa: arazo teknikoak

Barne zein kanpoko deiak egitean telefonoarekin arazoren bat izanez gero, kasu guztieta honako helbide honetara mezu bat idazteko eskatzen dizuegu: soporte@sonex.es
Bertan, honako hau adierazi beharko dugu:

Etapa: ORERETA IKASTOLA (DBH)
Data: …
Ordua: …
Deia: nondik/nora

Erronka 2022: Zorionak!

Erronkaren arduradun lanetan aritu dira aurtengoan Enara eta Unai E., zorionak 2. postua eskuratu eta ikasleei transmititu diezuen ilusio, gogo eta borondateagatik. Eskerrik asko, bikote!

Bestalde, eskerrik beroenak ere KMK2022ko txandan lanean aritu zareten guztioi (gaueko zaintzan nahiz euskararen neurketan), mila-mila esker guztioi! Hurrengo urtean…gehiago!

Euskaraz Biziko DBH4. mailako zenbait ikasle Oiartzora

Urriaren 13an 11:00etan 4. mailako 4 ikasle (Uxue Bengoetxea, Julen Olaizola, Jare Antzizar, Aiuri Axpe) Haurtzaroko eta Oiartzoko euskara taldekoekin bilduko dira, ikasturteko erronkei batera heldu eta elkar ezagutzeko.
Haizea Saez de Eguilazen ardurapean egongo dira, eta bilera bukatu bezain pronto, inkorporatuko zaizkigu. Jakin dezazuen.


Ikastola mailakoak


Kilometroak 2023: batzorde iraunkorrak osatzeko deia

Hartu dugu Kilometroak 2023 antolatzeko testigua Uzturpe Ikastolaren eskutik.

Beste ezer esan aurretik, gure eskerrik beroena eman nahi dizuegu pasa den asteburuan Ibarran boluntario gisa lanean aritu zinetenei, Erronkan modu batera edo bestera parte hartu zenutenei, igandean familian zein lagunartean Ibarrara joan eta zuen ekarpena egin zenutenei… Den-denei, eskerrik asko bihotzez.

Erronka handia dugu aurrean, eta elkarrekin, auzolanean bete nahi dugu. Kilometroak 23ren helburu nagusietako bat komunitatea indartzea da.

Horiek horrela, batzorde iraunkorrak osatzea da orain lanik behinena. Langile oro gonbidatu nahi zaituztegu horretara, elkarrekin eta elkar hartuz honi guztiari ekitera. www.oreretaikastola.eus/kilometroak23 loturan topatuko duzue batzordeei buruzko informazio xehea eta horietan apuntatzeko aukera. Eskertuko genuke, antolaketa kontuengatik, urriaren 11rako izena ematea.

Urriaren 12a iristear, komitearen eta zuzendaritza taldearen mezua euskal egutegiaz

Euskal egutegiaren bidean aurrera begirako urratsak eta ibilbidea elkarrekin marrazteko asmoz, langile ordezkari nahiz zuzendaritza taldeko ordezkariek osatutako batzorde bat eratu dugula jakinarazi nahi dizuegu. Orereta Ikastolako langileoi urriaren 12an eta abenduaren 6an lanera etortzeko eskubidea aitortzen bazaigu ere, badakigu hori erdibideko soluzioa dela; eta bide hori jorratzera dator aipatu berri dugun batzordea. Norbaitek bertan parte hartzeko interesik izango balu, jar dadila komiteko edota zuzendaritzako kideekin harremanetan.

Horiek esanda, urriaren 12a datorren astean denez, Ikastolako komiteak eta zuzendaritza taldeak lanera etortzeko gonbita egiten dizuegu, ez baitugu ezer ospatzeko. Bide batez, egunean bertan, etapa/talde bakoitzak atera talde-argazkia eta bidali Leire Agirrezabalari (komunikazio arduradunari) eskura izan ditzan.

Urriak 12: Ikasturteari ongietorri festa

2019an lehenengoz egin bezala (geroztik pandemiak ez digu horretarako aukerarik eman), aurten ere ospatuko dugu ikasturteari ongietorria egiteko festa.

Urriaren 12rako jarri dugu hitzordua. Arratsalde-pasako proposamena izango da, 16:30etik 20:30era aldera artekoa. Añabitarten egingo dugu, Baserriaren inguruan, taberna eta guzti. Hemen duzue programa. Anima zaitezte!

Oharra: herritik Añabitartera igotzeko autobusa egongo da. Errioxa biribilgunetik aterako da 16:10ean eta bertara bueltatu festa amaitzean. Erabili nahi izango bazenute, bete inprimaki hau (urriaren 9a da horretarako azken eguna).

Nafarroa Oinez 2022: joan-etorrirako autobusa

Tafallako Garces de los Fayos Ikastola ari da aurtengo Nafarroa Oinez antolatzen, “Erdian erein” lemapean. Urriaren 16an izango da festa eta Ikastolak hara joateko autobusa antolatzeko asmoa du.

Iztietako autobus-geltokitik aterako da goizeko 9:00etan eta 18:30ean abiatuko da Tafallatik bueltan herrira. 10€ (helduak) eta 5€ (adin txikikoak) kostako da joan-etorria.

Autobus-zerbitzua jarri ahal izateko beharrezkoa dugu zenbat jendek erabiliko lukeen jakitea. Nafarroa Oinezera Ikastolak antolatutako autobusean joan nahi izanez gero, bete, mesedez,inprimaki haudatorren urriaren 11 baino lehen. Ondoren, autobus zerbitzua jarriko balitz, izena ematen dutenekin zuzenean jarriko dira harremanetan Ikastolako bulegoetatik pasa daitezen tiketak jaso eta ordaintzera.

Hitzarmen berriak Touring eta AEK-rekin

Azken egunetan bi hitzarmen itxi ditu Ikastolako herriko bi eragilerekin: Touring futbol taldearekin eta AEKrekin. Lehenak Añabitarteko zelaia erabiliko du entrenamenduetarako ikasturte osoan. Bigarrenak Linoko eraikina erabiliko du eskolak emateko. Lehen hitzarmena publiko egin dugu; bigarrena, oraindik ez.

Beti egin izan eta egingo ditugu gisa honetako hitzarmenak herriko eragileekin; elkarlana eta komunitatea gure oinarrietako bi baitira.

Ikastola prentsan

https://oarsoaldea.hitza.eus/2022/10/03/kilometroak-jaiaren-lekukoa-hartu-du-orereta-ikastola


Bestelakoak


Astebururako eta hurrengo egunetarako hainbat proposamen herrian