HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 6. buletina (2021.02.24)

Gai hauek landu dira 2021eko otsaileko Artezkaritza Kontseiluan.

2021eko Ohiko Batzar Nagusia

2021eko Ohiko Batzar Nagusia datorren apirilaren 14an izango da, Merkatuzarren. Behar diren segurtasun neurriak betetzeko erabaki da Merkatuzarren egitea, nahiz eta horretarako batzarraren eguna atzeratu behar izan den.

Ebaluazio diagnostikoko proba

Eusko Jaurlaritzak urtero egiten duen ebaluazio diagnostikoko probari dagokionez, aurten, COVID-19ak ekarri duen egoeraren eraginez, borondatezkoa izango dela jakinarazi da. Hala, egoki ikusiz gero, ikastetxe bakoitzak bere irakasleekin egingo du. Galderak COVID-19ak ekarri duen egoerara egokituak izango dira.

Ikastolak, proposamena aztertu ondoren, erabaki du, borondatezkoa izanik, aurten probarik ez egitea, emaitzak beste urteetakoekin alderagarriak izango ez direlako eta COVID-19ak eragin duen egoeraren inguruko informazioa jasotzeko beste bide batzuk erabili direlako.

2019-20 ikasturteko kontuak

Zuzendari nagusiak 2019-20 ikasturteko kontuak azaldu ditu. Ikasturte horretan, aurreikusitakoak baino handiagoak izan dira galerak. Horren arrazoi nagusiak pertsonaleko gastuetan (baja luzeengatik, bereziki) eta zerbitzuetan izan den igoera, eta Oiartzoko galera handiagoak izan dira, nagusiki. Kontu horien azalpena 2021eko Ohiko Batzar Nagusian emango da.

2021-22 matrikulazio kanpainaren emaitzak: analisia

2021-2022 ikasturteko matrikulazio kanpaina amaituta, datorren ikasturterako 82 ikasle berri matrikulatu dira Ikastolan. Horietatik 55 ikasle 2 urteko gelan matrikulatu dira; 8 ikasle, 3 urteko gelan; 4 ikasle, Lehen Hezkuntzarako; eta 13 ikasle, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako (horien artean, Berako Labiaga Ikastolako zenbait).

2 urteko geletan, Ikastola bere helburutik hurbil gelditu da, baina ez da hartara iritsi. Herriko beste ikastetxeetako datu zehatzik ez badugu ere, ikusirik Orereta-Errenterian jaio direnen artean zenbatek egin duten herrian matrikula, esan daiteke kopuru hori, herriko matrikula-kopurua, beste urte batzuetakoa baino txikiagoa dela.

Maiatzean bada matrikula egiteko beste epe bat, epe horretara begira ere lan egin behar da, Ikastolaren eskaintza ezagutzera emateko.

Etorkizuneko egoeraren azterketa

Azken urteetako jaiotza kopuruaren bilakaera ikusirik, zuzendaritzak epe luzeko proiekzio bat egin du, ikasleen kopuruak jaisten jarraitzeak gela kopuruan eta lanaldietan izan dezakeen eragina aurreikusteko. Eta ondorioak agerikoak izango dira. Baina ez gurean bakarrik, baita beste ikastetxe guztietan ere.

Aurreikuspen horiek erabakiak zuhurtziaz hartzera eraman behar dute Ikastola, baita behar izango dituen espazioen inguruko gogoeta egitera ere. Are gehiago, Hezkuntza Lege berriak ereduen, ratioen eta abarren inguruan zer proposatuko duen oraindik ez delako jakinarazi.

Egoera horretan, mantso aztertu behar da zein obra egin behar diren eta zein kosturekin. Hurrengo asteetan, Artezkaritzan azterketa horri helduko zaio eta orain arte bideragarritasun batzordean tarifa zein beka sistemaren gainean landutakoa, momentuz, bere horretan geldituko da; ez da ez Guraso Batzordeetara ezta Ohiko Batzar Nagusira ere eramango, etorkizuneko planteamendu orokor hori landu arte.

Elkartasun Ikastolen urteko batzarra

Otsailaren 25ean izango da Elkartasun Ikastolen urteko batzarra. Elkartasun Ikastolak kooperatibak kudeatzen ditu Euskal Herriko Ikastola guztien ekarpenak egoera zailean dauden Ikastolei laguntzeko. Urtero, hainbat Ikastolak eskatzen du laguntza eta batzar horretan erabakitzen da laguntza zein Ikastolei eman. Batzarrean parte hartuko dute bai Orereta Ikastolak eta bai Oiartzok.

“Bihar” Endekalogoa

Elkartasun Ikastolen batzarrean aurkeztuko da jendaurrean “Bihar” Endekalogoa, etorkizuneko euskal hezkuntza sistema eraikitzeko Ikastolen oinarrizko proposamenak laburbiltzen dituena. Proposamen horrek zehazten ditu euskal hezkuntza sistemak izan behar dituen oinarrizko lau printzipio (unibertsala, euskara eta euskal kultura ardatz dituena, euskal curriculumetik eraikia, eta Euskal Herria bere osotasunean landuko duena), hezkuntzak landu beharreko balioak (hezkidetzan oinarritua, laikotasunean heziko duena, ikasleak bere egiten dituen ezaugarrietatik pentsatua eta inklusiboa) eta hezkuntzaren antolaketari buruzko hiru ezaugarri (gobernantza demokratikotik antolatua, ikastetxeei autonomia aitortuko diena, eta publiko-herritar eredutik sortua).


Artezkaritza Kontseilua: 6. buletina (pdf-a)