Gai hauek landu dira 2023ko urtarrileko Artezkaritza Kontseiluaren bileran.
Kilometroak 23
Urtarrilaren amaieran, hilaren 28an, larunbata, Kilometroal Txikia izango da. Komunitateari begira antolatutako festa da, ikasleak protagonista izango dituena. Arratsalde-iluntzean egingo da, Gabierrotan eta Gernikako plazan eta, ondoren, bi eremuetako jendea errio ingurura hurbilduko da, Lekuona eta Panier zubien arteko tartea argiztatzeko. Amaieran, musika eta taberna izango dira Linon.
Otsailaren 1ean, prentsaren aurreko agerraldia egingo da, Lekuonan, urteko mugarri nagusiak aurkezteko. Ekimen horiek Euskal Herri mailako eragileekin landu dira eta eragile horiek ere izango dira agerraldian. Mugarri nagusiak urtarrilaren 31n aurkeztuko zaizkie herriko eragileei eta haiekin herri mailako beste ekimen batzuk elkarrekin antolatzeko bideak aztertuko dira.
Tanta zozketako txartelei dagokienez, Orereta Ikastolako familia eta langileen % 80tik gora ari da dagoeneko txartelak inguruan saltzen, Kilometroak-erako finantzaketa eskuratzen laguntzeko. Artezkaritza Kontseiluak familiak eta langileak egiten ari diren ahalegina eskertu nahi du.
Urteko Ohiko Batzar Nagusia 2023
Urtero urte hasieran egin ohi dugun bezala, kooperatibako bazkideen batzar nagusirako deia egingo du Artezkaritza Kontseiluak. Batzarra datorren otsailaren 27an izango da, Linoko jolastokian, 17:30ean lehen deialdian; 18:00etan, bigarrenean; eta 18:30ean, hirugarrenean. Bazkideek ohiko bideetatik jaosko dute deialdia eta Ikastolaren webgunean izango dituzte aztergaiak, eta aurreko ikasturteko memoria eta akta. Batzar nagusia kooperatibaren erabaki organo gorena izanik, bazkide guztiak animatzen ditu Artezkaritza Kontseiluak bertan parte hartzera.
2023-2024 ikasturteko matrikulazioa
Datorren ikasturteko matrikulazioaren prozeduran aldaketak egin ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Hala, besteak beste, ikastetxe bakoitzak toki batzuk gorde beharko ditu ikasle zaugarrientzat. Oraindik datu zehatzik ez badugu ere, Orereta Ikastolari toki batzuk gordetzea egokituko zaio eta horrek esan nahi du iristen zaizkion eskaerei baremazioa aplikatu beharko diela. Informazio horrekin, Hezkuntza Sailak berak erabakiko du zein familiak egin ahal izango duten matrikula Ikastolan. 2 urteko geletan matrikula egin nahi duten familiei gomendatzen diegu Ikastolako idazkaritzarekin harremanetan jartzeko, prozesuaren nondik norakoak hobeto azaltzeko.
Ikastolaren eskaintza azaltzeko, interesa duten familiek banan-banakako hitzordua hartu ahal izango dute. Horretaz gainera, ate irekiak izango dira otsailaren 6an, euskaraz, eta otsailaren 9an, gaztelaniaz, Esmalteriako eraikinean HHko familia potentzialentzako. Gainera, aurten lehen aldiz, otsailaren 12an, igandean, goizeko saioa antolatu da, familia berriek Ikastolaren proiektua osotasunean ezagutu dezaten, dagoeneko seme-alabak Ikastolan dituzten familiek lagunduta. Esmalterian hasita, Lino eta Añabitarte ezagutu ahal izango dituzte eta dituzten zalantza guztiak argitu, Ikastolako profesionalen eta familien laguntzaz.
Ikastolako familiei eskertuko zaie haien inguruan Ikastolan matrikulatzeko interesa izan dezakeen norbait izanez gero, informazio hori guztia helaraztea.