HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 4. buletina (2021.12.15)

Gai hauek landu dira 2021eko abenduko Artezkaritza Kontseiluan:

COVID egoera

Azken asteetan, COVIDarengatik etxeratze ugari izan ditugu Ikastolan. Abenduaren hasieran eta zubiaren inguruan, kasuak ugaritu egin dira, bereziki Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. Guztira 200 ikasle inguru daude etxean, konfinatuta.

Osakidetzak hezkuntza arloko protokoloa aldatu duenez, gelan positibo bat baldin badago, baheketa egin behar da, eta hitzordua eman bitartean, ikasleek etxean egon behar dute. Baina egunak igarotzen dira hitzordua ematerako eta horrek ezinegona eta antolatzeko zailtasunak sortzen ditu familietan. Azken batean, argi dago COVIDak osasun arazoak sortzeaz gainera, zaintza eta hezkuntza arazoak ere ekarri dituela.

Familiei eskatzen diegu, berriro ere, arduraz jokatzeko eta baheketaren inguruko edozein gorabehera Ikastolari jakinarazteko, guraso ordezkarien bidez. Horrela, denon artean, egoera hobeto kudeatu ahal izango dugu.

Egoera horren aurrean, Eguberri inguruan ikastolak antolatu ohi dituen ekintzak moldatu dira, eta iazko ereduaren arabera egingo dira: Mari Domingi baserrian bisitatzeko, aldez aurretik hitzordua eskatu behar da; San Tomas egunean, hamaiketakoa burbuilak errespetatuz egingo da, eraikinetako bakoitzean; hilaren 24an ez da Olentzerorik egongo; eta Oiartzoko ekitaldi akademikoa segurtasun neurriak errespetatuz eta mokadurik gabe egingo da.

Eusko Jaurlaritzako diru laguntza ordenagailuak erosteko

Eusko Jaurlaritzak diru laguntza deialdi bat argitaratu du ikastetxeek 2021ean eta 2022an gailuak erosteko. Ikastolen Elkarteak bideratuta, 2021 urte honetan ordenagailua erosi eta dagoeneko ordainduta duten familiei ere emango zaie aukera deialdi horretaz baliatzeko.

Baina laguntza ikastetxeentzat denez, lehenengo, ikastolak ordenagailu horien jabetza eskuratu behar du. Horretarako, ikastolak familiei ordenagailua erosiko die eta, ondoren, ikasleen eskuetan utziko du, orain arte bezala erabiltzeko (etxera eramateko aukera barne), ikasketak amaitu bitartean. Erabilera horren truke alokairua kobratuko die, diru laguntzak estaltzen ez duen zatirako.

2022an, ikastolak zuzenean erosiko ditu ordenagailuak, gero familiei uzteko.

DBHko balizko ordutegi jarraituaren prozesua

Dagoeneko hasi dugu Hezkuntza Sailari datorren ikasturtetik aurrera DBHn ordutegi jarraitua edukitzeko eskaera egiteko prozesua. Zuzendaritzak proposamen zehatz bat landu du, LH eta zerbitzuak ere kontuan hartuta, eta proposamen horren inguruko iritzia eskatu zaie irakasleei, ikasleei eta familiei. Guraso Batzorde bateratua deitu da, proposamenaren inguruko xehetasunak emateko eta egon daitezkeen zalantzak argitzeko.

Prozesuak Ikastolako gehiengo handi baten babesa behar du Hezkuntza Sailera eramateko, beraz, oso garrantzitsua da ahalik eta jende gehienak bere iritzia ematea.

Kontratazio berria

COVIDari lotuta diru laguntzari esker, egoera kudeatzen lagunduko digun pertsona bat kontratatu du Ikastolak abendutik ikasturte amaierara arte. Gainera, pertsonen kudeaketan ere lagunduko du. Naroa Susperregi izan da zeregin horietarako hautatua. Ongi etorri gurera, Naroa!

Kilometroak 2022 Ibarran: arropa salmenta eta Tanta zozketa

Dagoeneko hasia da Ibarrako Uzturpe ikastola 2022ko Kilometroak antolatzen. Azaroaren 26an aurkeztu zuten logoa eta leloa, oso egokia bizi dugun garai honi itxaropenez eta ilusioz aurre egiteko: irribarra.

Kilometroen eredu berrian, antolaketaren gidaritza Gipuzkoako ikastola batek hartzen badu ere, gainerako ikastola guztiek laguntzen dugu urtean zehar egiten diren ekimenetan. Bi ekimen jada abian dira: arropa salmenta eta Tanta zozketa.

Arropa salmentari dagokionez, ikastola bakoitzak bere inguruan egiten diren ekitaldietan arropa saltzeko postua jarriko du. Gurean, irteera gehienak udaberri aldera izango dira eta horretarako, maila jakin batzuetako gurasoei eskatuko zaie laguntza. Horrekin batera, abenduaren 20an postua jarriko da Esmalteriako eraikinean, 16:30etik 19:30era, familiaren batek Olentzerok opari egiteko arropa aukeratu nahi badu ere. Diseinu eta kolore erakargarriak prestatu dituzte Ibarrako lagunek, animatu erostera!

Tanta zozketako txartelak aurrerago banatuko dizkizuegu familiei, urtero bezala.

 

Artezkaritza Kontseiluak Eguberri jai zoriontsuak eta 2022 urte berri osasuntsua opa dizkizue guztiei.