HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 2. buletina (2023.11.29)

Gai hauek landu dira 2023ko azaroko Artezkaritza Kontseiluaren bileran.

Kilometroak 23

Urrian egin zen Kilometroen balorazioa Batzorde Iraunkorrean (koordinatzaileek eta batzorde guztietako arduradunek osatzen duten batzordean) eta azaroaren 13an aurkeztu zen balorazio hori Gipuzkoako gainerako Ikastolen aurrean. Hilaren 19ko eskertza aperitifan ere egin zen aipamen txiki bat. Orain, Artezkaritza Kontseiluaren aurrean aurkeztu dira bai datu ekonomikoak eta bai balorazio kualitatiboa.

Oro har, Kilometroak Urtearen eta Egunaren balorazioa positiboa da, hobetzekoak ere badiren arren.
Azpimarratzekoa da urte osoan zehar komunitateak egin duen lana eta erakutsi duen konpromisoa. Guraso, ikasle, langile, bazkide asko ibili dira bai urtean zeharreko ekimenetan eta bai urriaren 1eko jaian ilusioz eta gogoz lanean. Kilometroak antolatzearen helburuetako bat komunitatea sendotzea zela jakinik, urtea emankorra izan dela esan daiteke. Ikusi da komunitatean badagoela Ikastolaren alde lan egiteko nahia eta borondatea.

Horrekin batera, Kilometroen beste helburu bat Ikastola zer den eta bere ezaugarriak zein diren erakustea zen eta horretarako ahalegina egin da urte osoan zehar antolatu diren ekimenetan eta Kilometroak Egunean bertan: euskara eta euskal kultura, auzolana, herrigintza, nazio ikuspegia eta elkartasuna, herriko eragileekiko harremana…

Emaitza ekonomikoari dagokionez, urteak 220.000 euroko etekinak utzi ditu. Aipatzekoa da etekin hori jende askoren artean lortu dela, diru-sarreren iturri nagusiak Tanta zozketa-txartela eta arropa salmenta izan baitira.

Etekin horren % 20, urtero bezala, Ikastolen Elkartearentzat da eta, hortaz, Orereta Ikastolarentzat 180.000 euro geldituko dira, hasieran zehaztu ziren asmoetarako: Añabitarte ingurua egokitzea, Zubiak Eraikiz egitasmoa sendotzea eta herrian euskarari lotutako proiektu bat bideratzea. Asmo horietako bakoitzean, proiektu bat definitu eta irudikatzeko lantaldeak antolatuko dira eta, egin nahi dena kontuan hartuta erabakiko da irabaziak zer proportziotan banatu. Ikastolakide guztiak gonbidatzen dira lantalde horietan parte hartzera, Erriolak, gure komunitateak bizirik iraun dezan.

Ikastolen Hezkuntza Markoaren aurkezpena

Azaroaren 16an eta 17an izan ziren Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko Jardunaldi Pedagogikoak. Bertan aurkeztu zen Ikastolen Hezkuntza Marko Orokor berria, prozesu zabal eta parte-hartzaile baten fruitua. Marko horrek Euskal Herriko Ikastola guzientzako ikuspegi pedagogiko komun bat ekarriko du, gerora, Ikastola bakoitzak, bere errealitatetik abiatuta eta bere errealitatera egokituta, berea garatu dezan. Marko hori izango da, beraz, Orereta Ikastolaren hezkuntza proposamenaren eta eguneroko lanaren iparrorratza.

Ikastolako hizkuntza politika eguneratzea

Orain dela urte batzuk berritu zuen Orereta Ikastolak bere hizkuntza politika, komunitateko hainbat adituren laguntzaz. Joan den ikasturtearen amaieran, politika horren printzipio nagusiek orain ere egokiak izaten jarraitzen dutela ondorioztatu zen: Ikastolaren eguneroko komunikazioan eta organo nagusietako bileretan hizkuntza nagusia eta lehenetsia euskara da, Ikastolako familia ororen informazio eskubidea bermatuz. Euskaraz ulertzen ez duten familien informazio eskubidea bermatzeko erabil daitezkeen baliabideak zehaztu dira orain, sortzen ari diren errealitate berriak ere kontuan hartzeko.
Hala, ahalegin berezia jarriko da estrategia hauetan: bileretako eduki nagusiak aurretik jakinaraztea (webgunean edo dokumentu idatzien bidez), pantailetako informazioa bi hizkuntzetan ematea, xuxurlatze teknikak erabiltzea, atal bakoitzearen amaieran gaztelaniaz laburpen bat egitea, bilerak amaitutakoan ulermen arazoren bat izan duten familiekin egoteko tartetxo bat hartzea, eta, egoeraren arabera, aldi bereko itzulpen sistema erabiltzea (Telegram bidezkoa, adibidez). Aukera bakoitza hala dagokion testuinguru eta irizpideen baitan erabiliko da.

Hori guztia behar bezala antolatu ahal izateko, besteak beste, guraso bakoitzaren hizkuntza gaitasunaren inguruko informazioa jaso eta tutoreen eskura jarriko da.

Familia berriei Ikastolaren hizkuntza politikaren edukien berri emango zaie, Ikastola zer den uler dezaten, eta Ikastolan egiten den lanaren osagarri eta biderkatzaile izan daitezen.

Ikastolaren hurrengo ekimenak

Abendua ekimenez beteta dago: Mari Domingiren Errepublika Magikoa, abenduaren 1etik 17ra, Añabitarte Baserrian; Negulekuak, Zirimolaren eskutik; eta Eguberri bezperako kalejira, hilaren 24an.
Era berean, Esmalteriako Ostiralak ere martxan dira: dagoeneko jakinarazi dira azaroan hasi eta otsailera arteko hitzorduak.