HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 2. buletina (2021.10.27)

Gai hauek landu dira 2021eko urriko Artezkaritza Kontseiluan:

Eskola Kirola eta Urdaburuko mendi irteerak

Dagoeneko hasi dira Eskola Kiroleko saioak. COVIDari lotutako protokoloak eguneratuta, astean bi saio egin ahal izango dira.

Urdabururekin batera, mendi irteerei ere ekin zaie. Urriaren 24an egin da lehen irteera. Aurtengo ikasturteko irteerak Aiako Harriak Natur Parkean izango dira.

DBHko ordutegia 2022-2023rako: egungo egoera

2021-2022 ikasturte honetan, DBHn ordutegi jarraitua egiteko baimena eman zigun Hezkuntza Sailak, COVID egoeraren eraginez, jangela eta autobusak antolatzeko garaian, jangelako zerbitzua eskaintzeko arazoak genituelako. Hala ere, hasiera-hasieratik Hezkuntza Sailak argi utzi digu 2022-23 ikasturtean, egoera normala izango dela pentsatuz, ezin izango dela ordutegi jarraituarekin jarraitu.

Bai gure ikastolan eta bai beste ikastola eta ikastetxe askotan gai horren inguruko kezka dago. Izan ere, hezkuntza komunitatearen zati handi bat ordutegi horrekin jarraitzearen aldekoa dela dirudi.

Gure kasuan, eta hezkuntza komunitateko kideei (gurasoak, ikasleak eta irakasleak) iritzia eskatu aurretik, erabaki da Ikastolak ikuskariarekin bilera eskatzea, pandemia aurretik Hezkuntza Sailaren oniritziarekin ordutegi jarraitua egiten ari ziren ikastolak erreferentziatzat hartuta, baimen hori lortzera bideratutako prozesua abian jartzeko zein pauso eman behar ditugun argitzeko. Bilera horren ondoren erabakiko ditugu hurrengo pausoak.

Langileak: abian diren hautaketa prozesuak

Sukaldari buru berria hautatzeko prozesuaren azken fasera iritsi gara. Kanpoko aholkularitza batek egin du lehen hautaketa eta, ondoren, hautagai finalistei elkarrizketak egin dizkiete, ohi bezala, zuzendaritza, enpresa batzorde eta gurasoen ordezkariek. Datozen egunetan erabakiko da nor den hautatua.

COVID arduradunari dagokionez, finalistei elkarrizketak laster egingo zaizkie. Hala, espero da azaroan zehar bi prozesuak amaitzea.

Kooperatibako bazkide izatea

2019ko Batzar Nagusian erabaki zen seme-alabak ikastolara bidaltzen dituzten familia berri guztiak, nahitaez, kooperatibako bazkide izatea, nagusiki, Ikastolako parte sentitzeko eta Ikastola zerbitzu emaile hustzat ez hartzeko.

Dagoeneko seme-alabak ikastolan dituzten arren, oraindik kooperatibako bazkide ez diren familiak bazkide izatera animatzeko komunikazio kanpaina txiki bat egin zen orduan, bazkide izatearen abantailak azaltzeko.

2021eko Batzar Nagusiak erabaki zuen, bazkide ez diren familiak bazkide izatera bultzatzeko, bazkide ez diren familien eta bazkide direnen tarifetan aldea handitzea, bazkide izateak abantaila handiagoa ekar dezan. Erabaki hori jakinarazi ostean, beste familia batzuk ere egin dira bazkide, baina, nolanahi ere, oraindik 90 familia inguru ez dira bazkide. Komunikazio kanpaina pertsonalizatua egingo da familia horiengana iritsi eta, berriro ere, bazkide izatearen abantailak azaltzeko.

Baserriko lantaldea

Baserriko lantaldeak, Ikastolako IKTetako arduradunarekin eta mantentze lanetako arduradunarekin batera, Internet baserrira eraman du. Horri esker, elkarte gastronomikoetan erabili ohi den kudeaketa sistema jarriko da bertan. Kudeaketa sistema horrek ahalbidetuko du erreserbak online egitea. Era berean, baserriaren kudeaketa erraztuko du, biltegiaren inguruko informazio zehatza emango baitu. Pelet berogailu bat ere erosiko da, egoitza berotzeko, elektrizitate zama handirik gabe.

Gogoratu nahi dugu denon ardura dela baserria ahalik eta ongien zaintzea eta arduraz erabiltzea. Era berean, azpimarratu nahi dugu baserria bazkide boluntarioen talde batek kudeatzen duela eta edonork parte har dezakeela lantalde horretan. Artezkaritza Kontseiluak eskerrak eman nahi dizkio baserriko lantaldeari, urte osoan zehar egiten duen lanarengatik.

Goienerrekin lankidetza

Goiener taldeko Nafarkoop kooperatibak plaka fotovoltaikoak jarri ditu udan DBHko eraikineko teilatuan. Orereta Ikastolako instalazioaz gainera, Pasaia-Lezo Lizeoan, Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan eta Martin Ugalde kultur parkean egin ditu lanak. Proiektu horiek eta esku artean dituen beste zenbait finantzatzeko, Nafarkoop ekarpenak biltzen ari da. Kooperatiba horretako bazkide guztiek dute ekarpen bat egiteko aukera, interes jakin baten truke. Finantzaketa gutxi batzuen eskuetan utzi nahi ez denez, bazkide bakoitzak egin dezakeen gehieneko ekarpena mugatu da.

Orereta Ikastola Goienerreko eta Nafarkoopeko bazkide denez, ekarpena egin dezake, interes baten truke. Artezkaritza Kontseiluak hala egitea erabaki du, proiektua gure balioekin bat datorrelako. Erakundeak ez ezik, komunitateko beste edozein kidek ekarpena egin dezakeenez, proiektuaren inguruko informazioa zabaldu eta sentsibilizatzeko hitzaldi bat antolatuko da aurrerago.

Kilometroak

Kilometroak jaiaren eredu berrian, arropa saltzeko irteerak Gipuzkoako ikastola guztien artean banatzea erabaki zen. Hala, ikastola bakoitzak bere herrian edo inguruan egiten diren ekitaldietako batzuetan jarriko luke arropa saltzeko postua. 2019-2020 ikasturtean, pandemia iritsi aurretik, halaxe egin genuen. Orain, Ibarrako ikastolak, 2022ko Kilometroetako antolatzaileak, eskatuta, Orereta Ikastolak 2021-22 ikasturte honetan egingo dituen irteerak adostu dira. Eginkizun horren ardura lantalde batek hartuko du.

2023ko Kilometroei dagokienez, hasiak gara Kilometroetako antolatzaileen bileretara joaten, aurreko antolatzaileekin eta ikasturte honetako antolatzaileekin batera. Azaroan zehar, Kilometroetako arduradunaren laguntzaz, 2023ko urrira bitarteko kronogramaren lehenengo bertsioa zehaztuko da eta, horretan oinarrituta,  guk emango ditugun pausoak aurreikusten joango gara. Lehenengo aste hauetan aztertuko da, halaber,  nolako komunikazio euskarriak erabiliko ditugun 2023ko urrira bitarte Orereta Ikastolako komunitate guztiari unean uneko egoeraren berri emateko.

Gau Beltza 

Urriaren 31n egingo da Gau Beltza, egoerak ahalbidetzen duen neurrian: Kalabazaren ibilbidea egingo da, Santa Klara kaletik hasi eta Zumardira. Zumardian, ikasleek dantza egingo dute eta beldurrak sutara botatuko dituzte. Amaitzeko, zezen suzkoa izango da.

Gure herrietan aspaldian egiten zen tradiziotik abiatuta antolatu da ekitaldia, herriko zenbait eragilerekin batera.

Errigoraren aurkezpena

Azaroaren 2an Errigorak proiektua aurkeztuko da Niessen aretoan, Orereta, Haurtzaro, Pasaia-Lezo eta Oiartzo ikastoletako langileentzat eta gurasoentzat. Herriko beste zenbait eragile ere gonbidatu dira. Errigorari lotutako hainbat eragilek proiektuaren xehetasunak azalduko dituzte bertan. Hain zuzen ere, gurekin izango dira Lodosako eta Tuterako ikastoletako ordezkariak, Agerraldia ekimeneko partaide bat eta nafar produktuen ekoizle bat, Errigorako kanpainen koordinatzailearekin eta Ikastolen Elkarteko ordezkariekin batera. “Ikastolatik ikastolara” azaldu nahi digute zein onura ekartzen dien Errigorak Nafarroako eremu ez euskaldunetako ikastolei eta herritarrei.

Herriak egiten du herria lelopean, Errigorako kanpaina urriaren 23tik azaroaren 11ra bitarte izango da aurten. Nafarroako hegoaldeko eta erdialdeko produktuz osatutako 3 saski daude salgai eta saskien balioaren % 25 inguru horretako euskalgintza proiektuetara bideratuko zaio. Erosketak webgunean egin daitezke eta Ikastolan bertan jaso ahal izango dira, azaroaren amaieran-abenduaren hasieran.

Ikastolako komunitate osoa animatu nahi dugu auzolaneko ekimen erraldoi honetan parte hartzera.


Artezkaritza Kontseilua: 2. buletina (pdf-a)