HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 10. buletina (2021.05.26)

Gai hauek landu dira 2021eko maiatzeko Artezkaritza Kontseiluan.

Datorren ikasturteko egutegia eta ordutegiak

2021-22 ikasturteko egutegiaren proposamena Hezkuntza Batzordeko bilerara eramango da, irakasle, guraso eta ikasleen iritzia kontuan hartuta osatzeko.

DBHko ordutegiari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren jarreraren inguruko informazio ofizialik ez dago. Hedabideek zabaldu dute Hezkuntza Saila ez dela jardun jarraituaren aldekoa. Datorren ikasturteko plangintza egiteko aplikatiboan ere ez da horretarako aukerarik ematen. Datozen egunetarako espero da erabaki ofiziala.

Familiak kexu dira oraindik ez dakitelako beren seme-alabek zein ordutegi izango duten datorren ikasturtean eta horrek etxeko antolaketan ondorioak ditu. Eskola egutegia bidaltzearekin batera helaraziko zaie orain arte Ikastolak duen informazioa.

Eraikinen egokitzapena

Ikasturtea amaituta, uda partean eraikinetan egin nahi diren lanen berri eman da.

Haur Hezkuntzari dagokionez, Esmalterian hasitako lan ildoan eroso lan egiteko behar diren gutxieneko egokitzapenak egingo dira Linon: insonorizazioa, altzariak aldatzea txokoetan lan egiteko, txukuntzea… Jaiotza tasaren aurreikuspenak ikusirik, ez da erabateko birmoldaketarik egin nahi, eraikin guztien banaketaren inguruko gogoeta orokorra egin arte (Plan Estrategikoaren barruan egingo da gogoeta hori, 2021-22 ikasturtean).

Lehen Hezkuntzan, aldaketa batzuk egingo dira, batez ere irakasle geletan, 3 ziklotik 2 ziklora pasatzearen eraginez. Etorkizunean, kanpo espazioak birmoldatzeko proiektu parte-hartzailea bideratu nahi da.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, gutxieneko aldaketak egingo dira, eraikin guztien inguruko gogoetara arte. Baso Eskolarekin inguruan mugimendu handiagoa dagoenez, aztertuko da nola uztartu inguru hori eta DBHko eremua.

Plan Estrategikoa berritzeko prozesua diseinatzea

Plan Estrategikoa 2021-22 ikasturtean berritzeko prozesua diseinatzeko, aholkulari batekin jarri da Ikastola harremanetan, prozesu parte-hartzaile eta dinamikoa bidera dezan. Ekaineko Artezkaritza Kontseiluko bilerarako prozesuaren nondik norako nagusiak eta aurrekontua aurkeztea espero da. Horrela, 2021-22 ikasturtea hastearekin batera helduko genioke prozesuari eta 2022ko lehenengo hilabeteetarako bukatuta egongo litzateke.

Komunikazio arduradunaren aldaketa

Leire Agirrezabala komunikazio arduradunak eszedentzia eskatu du beste proiektu bati heltzeko, Ikastolen Elkartearen barruan. Haren ordezkoa bilatzeko prozesua jarriko da abian, Ikastolako komunitatean eta komunitatetik kanpo.

Ikastolaren Eguna

COVID-19aren eraginez, aurten ez da Ikastolaren Eguna familiekin ospatuko. Ekainaren 4an, ostirala, etapa bakoitzak bere modura ospatuko du. Egun horretako argazki eta bideoak webgunearen bidez zabalduko dira.

Oiartzoko berriak

Aurtengo ikasturteko azken ebaluazioa amaituta, batxilergoko 2. mailan emaitzak onak izan dira. Hala, ikasle gehien-gehienek egingo dute selektibitatea lehenengo deialdian. Batxilergoko 1. mailan, ordea, emaitzak kaxkarragoak izan dira; ezohiko deialdia falta da oraindik, hala ere.

Maiatzean, Oiartzok heldutasun teknologikoko maila ertaineko ziurtagiria eskuratu du.

Datorren ikasturteari begira, aurrematrikula-garaiko datuak eskuetan, 110 ikasletik gora edukitzea aurreikusten da batxilergoko lehenengo mailan. Horrek ekarriko du lau lerrorekin lan egitea. Plangintza hipotesi horren arabera egingo da.

Kilometroak 2023

Maiatzaren 20ko Gipuzkoako Lurralde Batzarrean ontzat eman zen Orereta Ikastolak 2023ko Kilometroak antolatzeko eskaria. Hurrengo egunean, Ikastolako ordezkariak herriko arduradun nagusiekin eta Ikastolarekin harremana duten kultur eragileekin harremanetan jarri ziren, erabakia jakinarazteko. Oro har, elkarrekin lan egiteko prestutasuna azaldu zuten guztiek. Eskualdeko egunkarietan ere eman zen erabakiaren berri.

Ikasturtea amaitu aurretik, Ikastolako komunitate osoari bilera baterako deia egingo zaio, erabakiaren arrazoiak eta helburuak azaltzeko. Datorren ikasturtea hastearekin batera, Hastapen Taldea osatuko da, egitura eta proiektuak zehazten hasteko.


Artezkaritza Kontseilua: 10. buletina (pdf-a)