HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 1. buletina (2023.10.11)

Oharrak:

  1. Artezkaritza Kontseiluak urriaren 11n egin du 2023-2024 ikasturteko lehen bilera. Normalean, lehen bilera irailean egin ohi da, baina Kilometroen azken asteak izanik, atzeratzea erabaki da.
  2. Ikasturte berriarekin batera, Olatz Mimendia Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zuzendari berriak eta Olatz Mitxelena Oiartzo batxilergo ikastolako zuzendari berriak hartuko dute parte Artezkaritza Kontseiluaren bileretan, gainerako etapetako zuzendariekin batera. Irakasleen ordezkariei dagokienez, Imanol Mitxelena izango da Lehen Hezkuntzako ordezkaria (gainontzeko etapetako ordezkariak iazko ikasturteko berberak dira).

Gai hauek landu dira 2023ko urriko Artezkaritza Kontseiluaren bileran.

Ikasturte hasierakoak

Ikasturtea normaltasunez hasi da etapa guztietan. Zuzendariek azaldu dute, etapaz etapa, nola hasi duten ikasturtea eta zein diren aurtengo erronka nagusiak. Horien berri emango zaie familiei ikasturte hasierako bileretan.

HAUR HEZKUNTZA

Berritasun handiena 2 urteko gelak ituntzea izan da. Horrek irakasleen ordutegian aldaketak ekarri ditu. Lehen asteetan, irakasleen eta jangelako langileen arteko harremana etengabea izan da, trantsizio horiek errazteko. 

Ikasturte honetan, HH3ko ikasleek aukera izango dute siesta Ikastolan bertan egiteko; etapa honetan berezibikoa den behatze lana egiteko, erregistratzeko eta partekatzeko modu sistematiko bat sortu da eta aplikatzen hasiko da; baso eskolan egun osoko saioen egutegia malgutasunez kudeatuko da, esperientzia ahalik eta onena izan dadin; eskolaz kanpoko ekintzetan, “MusikART” saioak eskainiko dira, Landarbasoren eskutik; eta Lino eraberritzeko proiektuari helduko zaio berriro, aurrez egindako proiektua gaur egun dauden beharretara egokitzeko.

LEHEN HEZKUNTZA

Ikasle etorri berri asko daude, gehienak Eskolatze Batzordetik bideratuak. Horrek hizkuntza indartzeko taldearen berrantolatzea ekarri du, denei ahalik eta modurik eraginkorrenean erantzun ahal izateko. Horrekin batera, “Familia Laguna” egitasmoa indartuko da.

LH5 eta LH6n, ikasleen arteko harreman gatazkatsuak eta komunikazio bortitza lantzeko, harremanak eta komunikazioa artea erabiliz landuko dira (LH5) eta sexu heziketako saioak egin dira harreman parekideak bultzatzeko (LH6). 

LH4-6an kirol hastapeneko saioak egin dira, urtero bezala. Baso eskolako saioak ere martxan jarri dira. LH5 eta LH6n gailu digitalen erabilera arduratsua lantzeko “Pantaila lagunak” eta “Orain prebentzioa” saioak egingo dituzte. Eta HHko proiektuari jarraipena emateko, LHko lehen mailetako ikasleak zirkulazio librean arituko dira tarte batzuetan. Horren inguruko hausnarketa egiten ari dira irakasleak, aditu baten laguntzaz.

DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA

10 ikasle etorri berri iritsi dira eta horiei laguntza emateko proposamenak landu dira. Gaitasun handiko ikasleen detekzioan eta atentzioan ere protokolo berria jarri da abian. 

OIARTZO

Olatz Mitxelenak hartu du zuzendaritzaren ardura, Gaskon Etxeberriaren ordez. Aitatasun baimena du irakasle batek eta eszedentzia hartu du beste batek; eta ikasturte hasieran, gaixotasunagatiko baja bat izan da. Hala ere, ordezkoak garaiz kontratatu dira eta klaseak normaltasunez hasi dira.

Lehen mailan hiru gela daude, oso beteta, guztira 101 ikaslerekin. Bigarrenean, 118 ikasle daude, 4 gelatan banatuta.

Aurten USE eredua ez da aldatuko, pandemia garaikoa izango da. Haztapen parametroak, ordea, aldatuko dira eta 2024-2025 ikasturtea aldaketa horiek kontuan hartuta planifikatuko da. 

Oiartzoko eraikinean igogailua jartzeko eta teilatua konpontzeko lanak egiten hasi ziren abuztuaren amaieran. Ongi ari dira moldatzen, langileak lanean ikasleek beren jarduna bukatzean hasten baitira. 

Oxfordeko ingeleseko testa egiteko aukera eskainiko da 2024ko lehen hilabeteetan. Oiartzoko ikasleei ez ezik, Oreretako eta Haurtzaroko DBH3 eta DBH4ko ikasleei ere eskainiko zaie azterketa egiteko aukera.

Ikastolak antolatzen dituen ekimenen inguruan

Izaskun Perezek, zerbitzuetako langileak, hartuko du Ikastolako ekimenen ardura ikasturte honetatik aurrera. Azken urteetan, Plan Estrategikoaren ildoetako bati jarraiki, Ikastolak ikastolakide eta herritarrentzat bere kabuz edo herriko eragileekin elkarlanean antolatzen dituen ekimenak ugaritu egin dira eta egoki ikusi da horietarako arduradun bat izendatzea. Artezkaritza Kontseiluak eskerrak eman nahi dizkio Izaskuni, ardura hori hartzeko erakutsi duen prestutasunagatik. Denon laguntza izango du bere lanean. 

Ikasturte honetako lehen ekimena Gau Beltza izango da, urriaren 31n. 

Kilometrok 2023

Urriaren 1eko Kilometroak Egunarekin, bukatu dira gure Kilometroak Urteko ekitaldi ofizial guztiak. Orain, batzorde bakoitzak memoria bat prestatu behar du eta, horietan oinarrituta, Gipuzkoako gainerako Ikastolei aurkeztu behar zaie urteko lanaren eta egunaren balorazioa. Horretarako, Gipuzkoako Lurralde Batzarra Añabitarten elkartuko da, datorren azaroaren 13an. 

Gipuzkoako Ikastolei ez ezik, Orereta Ikastolako Artezkaritza Kontseiluari ere aurkeztuko zaio balorazioa. Horretarako, Artezkaritza Kontseiluaren azaroko bilera erabiliko da.

Komunitatearen lana eskertzeko, ekitaldi xume bat antolatuko da Añabitarten, azaroaren 19an. Orduan izango dugu aukera lanean aritu diren boluntario guztiekin balorazio hori partekatzeko. 

Ikastolako irteeren inguruko hausnarketa

Ikastolako Pedagogia Batzordean landu dira Ikastolako irteerek bete behar dituzten irizpideak, gure heziketa prozesuaren helburu den pertsona ereduaren ezaugarriak kontuan hartuta. Ikasturte honetarako, irteerak egokituko dira, lanketa hori kontuan hartuta.

Aldaketak bereziki DBHko irteerei eragingo die, lanketa horri gehitu behar zaiolako aurten irakasleek lanordu gutxiago dituztela irteeretarako, etapa horretako lan egutegia berrantolatu egin behar izan delako.

Artezkaritza Kontseiluko bileran aldaketa horien oinarriak aurkeztu dira; xehetasunak etapa bakoitzeko guraso bileretan emango dira.