HIZKUNTZAK

“Etorkizuna marrazteko bidean protagonismoa ikasleei eman behar zaie"


Jose Mari Iriondo Mujika (Orereta Ikastolako DBHko orientatzailea)


Orereta Ikastolako ikasle gehienek HHko etapan hasten dute ikastolako ibilbidea. DBH4. mailan derrigorrezko etapa hau amaitzen dutenean, euren bideek norantza berria hartzen dute. Eta orain, zer? Erabaki horietan bidelagun izaten ahalegintzen gara, orientazioa eta informazioa eskaintzen. Ikasleekin eta familiekin egiten den lanketaz aritzeko, DBHko etapako orientatzailearekin aritu gara solasean, Jose Mari Iriondo Mujikarekin.

Urteak azkar pasatzen dira gero! Aurten ere, DBH4ko etapa amaituta, aurki joango zaigu beste belaunaldi bat. Ikastolan ia katuka sartu eta ederki koxkortuta agurtzen ditugu. Zer sentitzen duzu ikasle talde bat agurtzen duzun bakoitzean?

Ez dut agur sentsazioa izaten. Izan ere, ez ditugu erabat agurtzen: haietariko asko bisitan etortzen zaizkigu eta gainerakoen berri izaten ere jarraitzen dugu. Urrats garrantzitsu bat ematera doazela sentitzen dut, bizitzan beste urrats bat emango dutela. Landareak loratzen ari direla, kimu berri bat sortu da.

Nola bizi dute ikasleek DBHko etaparen bukaera? Eta gurasoek?

Aniztasun handia dago. Batzuek erabakia hartuta daukate, oso argi dute zein izango den euren bidea. DBH3 bukaeran ibilbidea aukeratzen hasten dira eta batzuek bide hori mantentzen dute. Beste batzuk edozein aukeraren aurrean oso zalantzati azaltzen dira, askotan haien izaera ere halakoxea delako, zalantzatia. Ikasle hauekin beste patxada batekin lantzen dugu gaia, elkarrizketa gehiago edukitzen ditugu, alegia. Badira, bestalde, oso desorientatuta egoten diren ikasleak ere, galduta. Zer egin, non egin, zergatik aukeraketa hori… noraezean daude. Normala ere badela uste dut, hamabost edo hamasei urterekin lan mundua oso urrun ikusten baitute. DBH4 bukatzean euren burua atari berri batean topatzen dute, eta urduritu egiten dira.

Gurasoei dagokienez, antzeko egoerak topatzen ditugu. Euren seme-alaben isla izaten dira: seme-alabek argi badute, haiek ere lasai egoten dira. Galduen egoten diren familiak Lanbide Heziketako hautua egiten dutenak dira, aukera askoz zabalagoa eta anitzagoa delako.

Zein izaten dira ikasle eta familien kezka nagusiak?

Galdera bat izaten da zientzien modalitateko batxilergoak letratakoak baino ate gehiago irekitzen ote dituen. Lanbide Heziketako irteera profesionalean zer portzentaje dauden ere jakin nahi izaten dute. “Zein irtenbide dauzka ikasketa honek? Eta beste honek?”

Oso zaila da epe luzerako erabakiak hartzea; batetik, lan mundua urrun ikusten dutelako, eta, bestetik, lan mundua oso aldakorra delako. Beharrak aldatzen diren neurrian lanbideen irteera portzentajea ere aldatu egiten da; gaur funtzionatzen duten ofizioak agian hemendik sei urtera ez dira hain beharrezkoak izango.

Gurasoen eta ikasleen kezka nagusia orain hartutako erabaki baten eraginez etorkizuneko ateren bat ixtea da. “Eta erabaki okerra hartzen badut?” Erabaki hauek ez dira behin betikoak izaten eta hori transmititzen saiatzen gara.

Nola lantzen da orientazioa DBHko etapan?

Hiru hanka dituen mahaia da: ikaslea, irakasleak, eta gurasoak. Hiru aldeen arteko komunikazioa behar-beharrezkoa da. Lanketa tutoreekin egiten da, horiek daukate giltza. Banakako elkarrizketen bidez gertuko jarraipena egiten diete ikasleei. Gurasoekin ere biltzen dira. Ni neu ere biltzen naiz interesa azaltzen duten gurasoekin, hitzaldi moduko bat egiten dugu.

Argi daukat etorkizuna marrazteko bidean protagonismoa ikasleei eman behar zaiela, euren prozesuan hitza eduki behar dutela. Haiek dira erdigune eta gu bidelagun. Lehen urratsa informazioa haien eskura jartzea da, informazio iturri egokiak ematea. Ondoren, galdetegiak eta jarduera-dinamikak ere egiten ditugu, baita hainbat ikastetxetara bisitak ere (Oiartzora eta Lanbide Heziketako ikastetxeetara, esaterako). Baina haiekin hitz egitea izaten da gakoetako bat, haien zalantzak argitzea eta beldurrak baretzen saiatzea.

Ikastolan eskarmentu handia duzu, Jose Mari. Zure esperientziatik abiatuta, zein gomendio emango zenieke ikasleei aurkezten zaien etapa berriari begira?

Beraien bizitza beraien eskuetan dagoela esango nieke. Arduratsuak izateko, eta bizitzari itxaropentsu begiratzeko. Marrazten dituzten helburuetara iristeko gai direla, bidea batzuetan aldrebesa izan badaiteke ere. Helburu bat lortzeko modu eta bide asko daudela eta bakoitzak berea topatu behar duela esaten diet: eraiki nahi duzuna zure esku dago, zuri dagokizu, zure txanda da, zuk erabaki. Hartu zure bidea eta jarri zure aletxoa jendarte hobe bat eraikitzen laguntzeko. Hartu eta eman: Mundua eskuetan eta eskuak Mundurako! 

orientazioa