Ikastola Mailakoak
Hezkuntza Batzordea (maiatzeko bilera)
Maiatzaren 20an egin zen Hezkuntza Batzordearen azken bileran hainbat gai landu ziren. Gabon kanten errepertorio berria adosteko bi saio egingo dira ekainaren 3an eta 10ean, Esmalterian. Era berean, kulturartekotasunaren inguruko hausnarketa zabaldu eta guraso batzordeetan ere gaia lantzea proposatu zen, datorren ikasturtean ekimen berriak sustatzeko aukerak aztertuz.
2026-27 ikasturteko eskola-egutegiaren proposamena ere aztertu zen. HH eta LHn, iraileko ordutegi trinkoa aste bat laburtzea onartu da, gurasoek egindako proposamenari jarraituz; DBHko egutegia, berriz, aurkeztu bezala onartu zen. Halaber, LH4 eta DBH2ko ebaluazio diagnostikoaren emaitzak aurkeztu ziren.
Taldekatzeei dagokienez, ikasleen antolaketan kontuan hartuko diren irizpide akademiko, sozial, kultural eta linguistikoak azaldu ziren. Oro har, gaur egungo taldekatze-tarteak mantenduko dira, baina datorren ikasturtean LH3n ez da taldekatzerik egingo eta LH6n bai.
IKAMAren ekarpenen artean, ikastolako agenda propioa erabiltzeko proposamena jaso zen; horren bideragarritasuna aztertuko da. Bestalde, DBH3-4 eta Batxilergoko ikasleek osatutako antolakundeen aitortzarako irizpideak aurkeztu ziren, ikasleen parte-hartzea, ardura kolektiboa eta pentsamendu kritikoa sustatzeko helburuarekin. Azkenik, DBH2ko ikasle ordezkariek kalifikazioak 1etik 10erako eskalan emateko egindako proposamena ez zen onartu.
Xenpelar bertso eskolarekin gertatutakoaren inguruan adierazpena
Azken orduotan Xenpelar Bertso Eskolari lotuta publiko egin diren salaketek kezka eta oihartzun handia sortu dute gure herri eta eskualdean eta gure hezkuntza komunitatean ere. Hori dela eta, Haurtzaro Ikastolak, Oiartzo Ikastolak eta Orereta Ikastolak adostutako adierazpen instituzionala partekatu nahi dizuegu.
Komunikatu honen bidez, egoerak eragindako pertsonei elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu, eta, aldi berean, haur, nerabe eta gazteentzako espazio seguruak eraikitzeko dugun konpromisoa berretsi.
Blaitu Kluba
Ikasturtea bukatzen ari denez, badator azken traka. Geletan 3 ekimen hauen berri ematea eskatzen dizuegu:
Erronkak
Pasa den astelehenean amaitu zen Erronkak saioan parte hartzeko epea. Sarituen izenak iragartzen dituen albistea gelan proiektatzera eta elkarrekin irakurtzera animatzen zaituztegu, Txalentxean jasotako argazkiak ikusiz eta Lehiaketaren hitz ezkutua zein zen deskubrituz. Amaieran, LHko ikasleen kasuan, txapak jasotzeko aukera izango dute.