HIZKUNTZAK

Paparazzi lanetan, Erronkak saioko txalentxerako argazki bila

Udarako oporrak ate joka ditugun honetan egin dugu 2025-26 ikasturteko Blaitu Klubaren azken Erronkak saioa, eta baditugu dagoeneko irabazleen izenak: alde batetik, Xune Zapirain eta Ane Gonzalez, eta bestetik, Orhi Urrestarazu.

Saio honetako txalentxak kalera begira jarri ditu parte-hartzaileak. Herriko hizkuntza-paisaian euskarak duen presentzia behatzea izan da helburua, eta horretarako, euskarazko kartel, seinale edo horma-irudi baten argazkia bidali behar izan dute. Irudi interesgarri ugari jaso ditugu, eta benetan pozgarria izan da zuen begiradaren bidez gure herriko euskararen aztarnak ezagutzea. Hemen ikus ditzakezue jaso ditugun argazkiak. 

Parte hartu duten guztien artean egindako zozketan, Mitologik ihes-gelarako 5 lagunentzako bonoa eskuratu dute Xune Zapirain eta Ane Gonzalezek. Zorionak eta gozatu esperientziaz!

Lehiaketari dagokionez, gure inguruan gero eta gehiago ikusten dugun “Zimitz kirasduna” izan da asmatu beharreko kontzeptu ezkutua. Zuzen erantzun dutenen artean egindako zozketan, Orhi Urrestarazu izan da irabazlea. Berarentzat izango da Blaitu kantinplora esklusiboa. 

Datorren ikasturtean izango dira euskararekin jolasteko, gozatzeko eta sariak irabazteko aukera berriak Blaitu Klubean. Mila esker parte hartu duzuen guztioi; jarrai ezazue euskaraz bustitzen eta gogoratu: blaitu mingainak eta busti euskaraz!