Abian da Errigoraren udaberriko “Nafar Hegoaldeko uzta eskutik eskura” kanpaina, “Beste modura, denona da onura” lemapean. Eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko jaio zen kanpaina honetan Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta, lekaleak, arbendolak eta ardoa eska daitezke. Auzolanari esker, norbere herrian euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Olioa bidoietan banatzen da; ardoa sei botilako kutxetan; pasta, lekaleak eta kontserbak hamabi ontziko sortetan; eta arroza hamabi edo sei poltsako sortetan. Izan ere, proposamena urte osorako beste eskatzea da.
Eskaerak www.errigora.eus webgunetik egin daitezke. Eskaera horrela eginez gero, Ikastolan bertan (Esmalteriako eraikinean) jaso ahal izango da eskatutakoa. Maiatzean jarriko da Orereta Ikastola eskatzaileekin harremanetan banaketa-eguna eta -ordua zein izango diren adierazteko. Herrian, Ikastolaz gain, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartean ere jaso ahal izango dira kutxak.
Ohi bezala, aurten ere, saskietatik lortutako diruaren %25a Agerraldia indartzeko eta Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko euskalgintza laguntzeko erabiliko da; tartean, bertako Ikastolei laguntzeko. Anima zaitezte kanpainan parte hartzera eta zuen ekarpena egitera!