Orereta Ikastola Kooperatiba Elkarteak egin berri du, otsailaren 26an, Urteko Ohiko Batzar Nagusia. Kooperatiba-izaera da Ikastolon bereizgarrietako bat eta Batzar Nagusia gure erabaki-organo gorena, bazkideen urteko hitzordu nagusia. 80 bazkide izan dira aurtengo bilkuran eta Ikastolak eskerrak eman nahi dizkie guzti-guztiei, etorri eta parte hartu izanagatik. Denona baita eta denok baikara Ikastola.
Orereta zein Oiartzo Ikastoletako proiektu pedagogikoa, hainbat barne araudi, kontu eta egoera ekonomikoak, egungo aurrerapauso zein etorkizuneko erronkak, eta eguneroko funtzionamendua izan dira hizpide Batzarrean. Etorkizuneko bidea eta Ikastola bera egiten jarraitzeko hainbat erabaki ere hartu dira, bozketaz.
EAEko Hezkuntza Lege berria ahotan eta matrikulazio-kanpaina pasa berritan, besteak beste, Ikastola denona eta denontzako izateko bidea sendotzean azpimarra jarriko dela eta doakotasun errealagatik borroka egingo dela ere aipatu da; herritik herrirako sortutako hezkuntza-eredu publikoan sinesten dugulako Ikastolok: eredu publiko komunitarioan. Herritarra, herri onurakoa, irabazi asmorik gabea, euskalduna, Euskal Herrikoa, komunitarioa, berritzailea eta eraldatzailea den hezkuntza-ereduan, hain justu.
Horren guztiaren gainetik eta horren guztiaren oinarri nahiz fruitu komunitate osoaren ahalegina, inplikazioa, konpromisoa, borondatea eta elkarlanerako jarrera daudela azpimarratu nahi du Ikastolak. Hezkuntza-eragile izatetik haratago, herriari eta herritarrei ekarpena egiten jarraitzeko ahaleginean segiko du Ikastolak.