HIZKUNTZAK

Ongi etorri, aurrera, zuei ere!

Orain bi urtetik gaur arte Orereta Ikastolara iritsi diren jatorri atzerritarreko familiekin elkar ezagutzeko bilera egin berria dugu; urtarrilaren 22an elkartu ginen Esmalterian. Badira bizpahiru ikasturte askari-bilera hau egiten hasi ginela. Jatorri, hizkuntza eta kultura desberdinak dakarzten familia horiei harrera abegikor eta goxoa eskaini nahi izaten diegu; eta bide batez, Orereta Ikastola zer den eta zerk ezaugarritzen gaituen azaldu ere bai, gehientsuenetan ikasturtea hasita etortzen baitira familia horiek gurera. Bide batez, zer egiten dugun egoki eta zer hobetu behar dugun ere galdetzen diegu.

Ikusmira etorkizunean jarrita, kulturartekotasuna sustatzeko bideak jorratzea dagokigu Ikastoloi (Orereta Ikastolari ere bai), eta familia horiek horretarako aukera aparta eskaintzen digute. Beren izate eta sustraiei eutsiz gurea ezagutu, ikasi eta beren egiteko gogoa erakutsi zuten pasa den asteko bileran. Beren seme-alaben integrazioa eta Euskal Herritar bilakatzeko gogoa azaldu zuten bidean izan dituzten zailtasun eta oztopo guztien gainetik.

Familia batek eskainitako Aljeriako te goxo, fruitu lehor eta galletekin aritu ginen berriketan. Giro atseginean, ezin hobeto! Ongi etorri denei, aurrera, zuen etxea duzue Orereta Ikastola!

inklusioa kulturartekotasuna