HIZKUNTZAK

"Zinemaldi Arkeologikoan parte hartzeak arkeologiaren beste ikuspegi bat eman digu"

DBH 4. mailako ikasle talde batek Arditurriko trenbidea film laburra egin eta Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoan parte hartu du, ARK MO sailean. Iaz hasitako bideari jarraiki, Orereta Ikastolako ikasle talde batek zinemaldi honetan parte hartzen duen bigarren aldia da.

Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoak 24. edizioa du aurtengoa. FEDARCINE elkarteko (Arkeologia eta Kultura Ondarearen Zinema Jaialdien Europako Federazioa) kide da eta bertan biltzen diren festibal guztien helburua hainbat herrialdetako gizarteetan lehengo zibilizazioen ezagutza hedatzea da, lehenak etorkizuna eraikitzeko duen garrantziaren jakitun.

Kazetari-arkeologo edo arkeologo-kazetari, ez dakigu oso ongi zein paper jokatuz, zizela eta mailua hartuta, Arditurriko trenbidea film laburraren egileekin egon gara hemendik eta handik beren aztarnak eta bitxikeriak ezagutzeko gogoz.


Arditurriko trenbidea. Horixe da FICAB festibalean, Bidasoko Nazioarteko Zine Arkeologikoaren Jaialdian, aurkeztu duzuen film laburraren izena. Nola heldu da Arditurriko trena zuen bidera edo zuek Arditurriko trenaren geltokira?

[Irakaslea] Hasteko, aurten FICABen bigarren aldiz parte hartu dugula esan nahiko nuke. Aurreko ikasturtean Latineko ikasleek egindako “Scripta manent” proiektua aurkeztu genuen, non erromatarren aztarnak gure toponimian azaltzeaz gain, Orereta-Errenterian ikusgai diren Latineko esaldiak jaso genituen. Hura oso esperientzia aberatsa izan zen, eta bide batez, ikasle batentzat erabakigarria bere ikasketen bidea aukeratzerakoan: gaur egun Andoainen ikus-entzunezko ikasketak egiten ari da.

Oraingo honetan, DBH4ko ikasle talde batek hartu du proiektuaren protagonismoa, gela desberdinetako ikasleek modu boluntarioan parte hartu dute, eta haien interes handia nabaria izan da. Lana aurrera eramateko tarteak bilatu behar genituen eta horretarako Hedatze saioez baliatu gara, batez ere. Hamaika gauzatan dabiltzan ikasleak izan arren, honetarako ere denbora bilatu dute, eta, nire ustez, hori ere azpimarratzekoa da, konpromisoa seriotasun handiz bete baitute.

Film laburraren gaiari dagokionez, “Arditurriko trenbidea”k gu aukeratu gintuela esan genezake. Hasieratik gai hori proposatu nuen, eta ikasle taldeari ongi iruditu zitzaion. Badakigu lehenengo gaia aukeratzea ohikoa izaten dela eta gero dokumentazio lana datorrela, baina gure kasuan alderantziz izan da. Gure eskuetara “altxor” bat iritsi zen, hau da, Pasaiako portutik Arditurrirainoiko burdinbidearen trazadura, 1901ekoa, garai hartan oraindik proiektu hutsa besterik ez zena, eta nolabait aurkikuntza hori ezagutzera eman nahi genuen.

Erromatarrak, meatzeak, Aiako Harria… Zer du inspiragarritik Arditurriko trenak ikus-entzunezko baterako?

[Irakaslea] Oarsoaldean Arditurriko bidea oso ezaguna eta preziatua da; adineko jendeak oraindik trenaren joan-etorriak edota haren inguruneko jolas-uneak gogoratzen ditu, eta gaur egun guztiontzako aisialdirako gune paregabea bihurtu da.

Bestalde, lurrun-trenak, meategiek edo, Arditurriren kasuan, parajeak berak guztion iruditegian xarma berezia hartzen dutela esan liteke Erromantizismo kutsu batez, elementu hauek guregan erakarpen lilugarria sorrarazten dute.

Oinarri historikoa izanik, ikerketa eta dokumentazio lana ere egongo da atzean. Erronka handia izan da lan hori bera egitea eta ostean film batera eramatea?

[Irakaslea] Ideia bagenuen, eta gauzatzeari ekin behar genion. Arestian aipatu bezala, abiapuntua trenbidearen mapak izanik, filmean azalduko zirela oso argi genuen, gero bestelako dokumentazioa bilatzen hasi ginen. Oso artikulu interesgarriak aurkitu genituen, besteak beste, Jose Angel Rodriguezen “Errenteria y el ferrocarril” artikulua Oarso aldizkarian argitaratua; Manchester Txikian jasotako materialak; eta “Historias del Tren” blogean argitaratutako “El ferrocarril minero de Arditurri y la Real Academia Asturiana de Minas” testua. Horretaz gain, garai hartako Arditurriko trenbiadearen irudi bitxiak ere topatu genituen.

Hortik aurrera ikasleek lan bikaina egin dute: gidoia sortu, sekuentziak eta planoak antolatu, grabaketa-lana, soinua eta edizioa… Lan guztia epe laburrean entregatu behar genuen, eta neska talde hau hamaika saltsatan sartuta badago ere, primeran koordinatu dira. Lan handia egin dute, zalantzarik gabe, sorkuntzari astinaldi ederra eman diote. Azkenik erronka honetan ikasleek ez ezik, nik ere beraiekin batera asko ikasi dudala esan behar dut. Gozamena izan da prozesu osoa bizitzea.

Arkeologiak eta historiak lehenera, zaharrera, garamatze. Eta zuek, denak gazte-gazteak. Lehenak nola seduzitu du oraina? Eta zer du lehenak etorkizunari jantzipetik erakusteko?

[Irakaslea] Zinemaldi Arkeologikoan parte hartzeak arkeologiaren beste ikuspegi bat eman digu. Askotan arkeologoaren irudia idealizatua izaten dugu buruan: Indiana Jones abenturazale gisa edota indusketetan aritzen den arkeolologo makurtu moduan irudikatzen dugu, baina arkeologia nolabait, denon esku dagoen zerbait da, sarritan gure begien aurrean aztarnak egoten direlako, eta inguruari jakin-minez begiratzea nahikoa izan daiteke haiek aurkitzeko eta interpretatzeko.

Gure oraina ulertzeko, iragana aztertu behar dugu eta Arditurriko trenbidearen kasuan, iragana desagertu ez dela konturatu gara, baizik eta bilakatu egin dela. Adi egonez gero, gaur egungo bide berdeak burdinbidearen historia konta diezaguke, horixe izan da film laburraren helburua: lehena eta oraina espazio berean uztartzea. Horregatik, hemendik aurrera guretzako zaila izango da bide berdean ibiltzea burdinbidearen historian pentsatu gabe.

Proiektu gehiago etorriko direla pentsatu nahi dut, eta ziur nago ikasle talde hau, behintzat, edozein erronkari heltzeko gai izango dela, egin duten lanak argi erakutsi baititu haien konpromisoa, sormena eta gaitasuna. Talde hau aipatu dudan arren, Ikastolan sonkuntzarako potentzial handia dagoela uste dut, lehengo ikasleek eta oraingoek urteetan zehar erronka eta proiektu ezberdinetan hori erakutsi digute, eta etorkizunean ere bide beretik jarraituko dugula seguru nago.

Etorkizunean nora eramango gaituen Arditurriko trenbideak? Ez dakit, baina beti bidaiatzeko prest egongo gara.

Eta lanak bukatuta, aurkezpena. Nola joan zen eguna FICABen? Kontatu, kontatu…

[Ikasleak] Ikastolan autobusa hartu genuen, eta hala, Irungo zinema aretora iritsi ginen. Bertan, sartu bezain pronto, argi ikusten zen zein zen gaia: Arkeologia. Dena gai horri lotuta dekoratuta zegoen, eta pare bat argazki atera genituen. Gero, aurkeztutako lana pantaila handian jarri zuten. Zirraragarria izan zen. Bukatzeko, hainbat film labur ikusi genituen, baita horietako baten zuzendaria ezagutu ere (hainbat galdera eginez). Horrez gain, hurrengo urtean gurea bezalako bideoak bidaliko dituzten ikasle batzuk zeuden. Azkenean, emanaldiari amaiera eman, autobusa hartu, eta hainbeste disfrutatu dugun proiektu honi bukaera eman genion.

Zuen lanak harrera oso ona izan duela esan digute Irun aldetik. Eta hemendik aurrera zer? Zein dira zuen Arditurriko trenaren hurrengo geltokiak? Eta bidea, norainokoa?

[Ikasleak] Egia esan, badakigu antzeko bideoak eginez, lehiaketa batzuetan parte har dezakegula, eta pentsatu dugu ez dela aukera txarra gure abileziak beste bideo edo dena delako batean islatzeko. Hala ere, ez gaude erabat seguru, aurkezten diren aukerak aztertu, baloratu eta zerbait egiteko prest zeintzuk dauden ikusiko dugu, ea horrelako beste proiektu polit bat sortzen dugun!


ARDITURRIKO TRENBIDEA FILM LABURRA


FICAB zinemaldia