HHko Guraso Batzordearen 2024-2025 ikasturteko lehen bileran ondorengo gaiak landu dira:
Guraso Batzordearen osaera eta 2024-25 ikasturteko egutegia
Ikasturte hasiera izanik, Guraso Batzordeko kideen aurkezpena egin eta ikasturteko egutegia adostu da. HHko Guraso Batzordeko bilerak hilabeteko hirugarren astelehenean egingo dira.
Guraso Batzordeko talde eragilea osatu da eta Jarraipen Batzordeko (ikas-etapako guraso eta zuzendaritza-taldeko ordezkariek osatzen duten organoa) eta Hezkuntza Batzordeko (Artezkaritza Kontseiluko ordezkariek, zuzendaritzak, zerbitzuetako ordezkariek, irakasleek, ikasleek eta gurasoek osatzen dute, Ikastolako zuzendari pedagogikoa buru) HHko partaideak zein izango diren ere definitu da.
Batzorde eta organo ezberdinetako aipatzekoen deskargua
Iraileko Artezkaritza Kontseiluaren bileran hitz egindakoak aipatu dira. Hezkuntza Batzordeko eta Jarraipen Batzordeko bilerarik oraindik egin ez denez, ez da besterik aipatu.
Jangela: galera ekonomikoak arintzeko aukeren azterketa
Ikastolako jangelak galerak ditu eta Guraso Batzordeetan ere gaia lantzeko eskatu dute zuzendaritza-taldeak eta zerbitzu-arduradunak, galerak arindu eta jangela bideragarria izateko helburuz. Balizko proposamen batzuk atera dira Guraso Batzordearen bileran. Guraso Batzordearen hurrengo bilerara Ikastolako zerbitzu-arduraduna etortzea eskatuko da egoera hobeto azaldu eta balizko proposamenak aproposak diren aztertzeko.
Haur eta nerabeen mugikorra izateko eta erabiltzeko adina: talde eragile bat Ikastolan
2023-24 ikasturtearen amaieran LHko guraso talde eragile bat sortu zen seme-alaben mugikorra izateko adinaz eta erabilera egokiaz hausnartu eta ekintzak proposatzeko. Iazko ikasturtearen amaieran bertan sentsibilizazio-saio bat egin zen eta aurten, azaroan, bi saioko formazio saio bat antolatu da.
HHko familiak ere antolatzeko saiakera egitea eta gaiaren gaineko informazioa HHko familiei ere helaraztea erabaki da HHko Guraso Batzordearen bileran.
HH2ko ikasgelak: Guraso Batzordearen aurkezpena eta eta Whatsapp-taldeak
Zaila izaten da Ikastolako familia berriengana iristea. Aurten, talde eragileko guraso bat HH2ko ikasturte hasierako bileretan izan da Guraso Batzordea zer den azaltzen eta bere garrantzia azpimarratzen. Bertan, gelako whatsapp taldeak sortzeko gomendioa eman da eta orri bat pasa da telefono-zenbakiak biltzeko. Zerrenda hori ikasgela bakoitzeko guraso ordezkariari pasa zaio, hark taldea sortzeko.
HH2ko guraso berrien artean guraso ordezkariak lortzeko eta Guraso Batzordea zer den azaltzeko modu eraginkorra dela iritzi da. Hurrengo urteetara begira, berdin jokatzea egokia dela uste da.
HH3ko siesta
Familien eskakizunari erantzunez, HH3ko ikasleei bazkalostean siesta egiteko aukera ematen zaie (HH2koek ere badute aukera hori). Hasierako urteetan, siestan geratzen ziren haurrak gutxi ziren, baino gutxinaka, kopuru hori handitzen ari da. Aurten, 2024-25 ikasturtean, 33 haurrek eman dute izena. Haur kopuru handiak logistikan eta antolaketan aldaketak eragiten ditu. Ikusi egin behar da zein den siesta-garaiaren ibilbidea urtean zehar, eta aurrerantzeko joerak aurtengoaren tankerakoa izaten jarraituko duen ala ez.
Gaixoaldien protokoloa: informazio-txostena
Aurten, HHko gurasoei kurtso hasieran helarazten zaien gaixotasunen gaineko txostena aldatu egin da: Gaixotasun (batzuk gehitu eta beste batzuk kendu) eta jokabide batzuk aldatu dira. Garrantzitsua da guraso guztiek zintzotasunez jokatzea haurren gaixoaldien aurrean. Iazko kurtso amaieran gai honi lotutako arazo dezente egon zirela ikusita, aurten, tutoreek garrantzia eman nahi izan diote ikasturte hasierako guraso bileretan.
Aurten iazko bidetik jarraitzen bada, Inikaz gaixoaldien informazio-txostena gogoratzea eta ikasgeletako whatsapp taldeetan ere irizpide batzuk zabaltzea aproposa izan daitekeela aipatzen da.
HH2ko irakasle-laguntzaileak egokitzapen-aldian eta jangela-garaian
Aurten lehen aldiz, ikasturte hasierako lehen hilabetean (egokitzapen-aldia) irakasleekin egon diren laguntzaileak eguerdian jantokian egongo diren berberak dira. Oso esperientzia positiboa izan da.
Gau Beltza
Antortxak (lastargiak) eramateko eta desmuntaiarako gurasoak eskatu dira: 15 + 10 bat guraso. Aste honetan deialdia egingo da whatsappez boluntarioak eskatzeko.
Galde-eskeak
- Gabon abestien laikotasuna: urtez urte ateratzen den gaia da. Guraso batzuk prest azaldu dira gaiari heltzeko (zein da gaia aurrera eramateko bidea? Batzordea sortu? Nork erabaki behar du?).