Eskuko telefono eta erloju adimendunen ikastola eremuko erabilera arautzeko jarraibideak
Zer dira eskuko telefono eta erloju adimendunak? Zein gailu kontsideratzen ditu Orereta Ikastolak eskuko telefono eta erloju adimendun?
- ESKUKO TELEFONO ADIMENDUNA (smartphone): deiak egin eta jasotzeko aukera soilik eskaintzen duten telefonoetatik harago, eskuko telefono adimendunak eskuko telefono eta ordenagailu baten funtzionalitateak uztartzen ditu: interneterako sarbidea, telefono-deiak egiteko eta jasotzeko aukera, mezu elektronikoak eta SMSak bidali eta jasotzeko aukera, jakinarazpenak jasotzeko aukera eta sare sozialak kontsultatzeko aukera. Horrez gain, irudiak eta soinuak jasotzeko aukera ere eskaintzen du.
- ERLOJU ADIMENDUNA (smartwatch): erloju adimenduna eskumuturreko erlojua da, eta ohiko erlojuetatik harago, ondorengo funtzionalitateak ditu: interneterako sarbidea, telefono-deiak egiteko eta jasotzeko aukera, mezu elektronikoak eta SMSak bidali eta jasotzeko aukera, telefono adimendunetik jakinarazpenak jasotzeko aukera eta sare sozialak kontsultatzeko aukera. Horrez gain, inguruneko irudiak eta soinuak jasotzeko aukera ere eskaintzen du.
Testuingurua
Azken bi hamarkadetan, eta aurrekaririk gabeko erritmo esponentzialean, teknologia digitalek erabat aldatu dute pertsonek komunikatzeko, sortzeko, partekatzeko eta ikasteko dugun modua. Teknologia digitaletan egindako aurrerapen handiek berresten dute beharrezkoa dela erantzuna ematea berrikuntzekin lotutako erronka teknologiko, etiko eta sozialei; izan ere, aldatzen ari dira bizimodua eta lan egiteko era.
Komunikazio-teknologien aurrerapenak, bereziki sakelako telefonoen erabilerak, eragin zuzena du ikasleen garapenean eta elkarreraginean. Alde horretatik, beharrezkoa da esparru digitalean ere bizikidetza positiboa erraztuko duten ohiturak, jarrerak eta estrategiak bultzatzea; izan ere, teknologiak, aukera- eta hobekuntza-iturri izan arren, arrisku- eta mehatxu-iturri ere badira, eta horiei aurre egin behar zaie.
Ziberbizikidetza posible izan dadin, beharrezkoa da hezkuntza-maila guztietako ikasleak informazio- eta komunikazio-teknologien erabilera seguruan heztea, batez ere haien erabilera arautu behar duten printzipio moral eta etikoetan.
Horregatik guztiagatik, beharrezkotzat jotzen da neurri eta erabaki pedagogikoak hartzea sakelako telefono eta erloju adimendunen erabilerari dagokionez, haien erabilera egokia sustatzeko; eta horretarako, beharrezkoa den prebentzioa, segurtasuna eta kode etikoa azpimarratzen dira.
Irakaslearen autoritatea
LOMLOEren 124. artikuluko 3. puntuak (abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoa) hala ezartzen du: zuzendaritza-taldeko kideak eta irakasleak agintaritza publikotzat hartuko dira. Neurri zuzentzaileak hartzeko prozeduretan, ikastetxeetako irakasleek eta zuzendaritza-taldeko kideek egiaztatutako gertakariek froga-balioa izango dute, eta “iuris tantum” egiazkotasun-presuntzioa izango dute, edo, kontrako frogarik ezean, ikasleek, dagozkien eskubideak edo interesak defendatzeko, adierazi edo aurkez ditzaketen proben kalterik gabe.
Sakelako telefono eta erloju adimendunen erabilera-irizpideak ikastola eremuan
Ondorengoak dira Orereta Ikastolako Hezkuntza Batzordeak onartutako irizpideak gailu digitalen ikastola eremuko erabilpenaz:
1. Orereta Ikastolak, eskola-jardunean gailu digitalen erabilera arautzeko, hau da, eskola-ordutegia, jolas-orduak, ikastolak eskainitako zerbitzuak (jantokia, garraioa…), eta jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak barne hartzen dituen denbora-tartea arautzeko, hurrengo neurriak hartzen ditu:
-
- Ikastolako kide guztiek norberaren irudia babesteko duten eskubidea bermatzeko, ez da onartzen inolako grabaketarik egitea zuzendaritzaren berariazko baimenik gabe.
- Ez dago sakelako telefono edo erloju adimendunik erabiltzerik eskola-jarduerek (jolasaldiak barne) edo jarduera osagarriek dirauten bitartean.
- Eskola-jardueretan (jolasaldiak barne) edo jarduera osagarrietan, itzalita eta motxilan gordeta eduki behar dira telefono mugikor edo erloju adimendunak (baita musika entzuteko gailu partikularrak ere), irakasleak haien erabilera berariaz baimendutakoan izan ezik.
- Haur eta Lehen Hezkuntzan, ez da onartzen ikasleek gailu elektronikoak (sakelako telefono, erloju adimendun, musika entzuteko gailu, kontsola edo antzekoak) ekartzea ikastolara, irakasleak berariaz onartu ez badie.
2. Neurri horiek hezkuntza-komunitateari jakinarazi beharko zaizkio. Aldi berean, sakelako telefono eta erloju adimendunak gehiegi erabiltzearen arriskuei buruzko sentsibilizazio-ekintzak sustatuko dira; bereziki, ziberjazarpenaren prebentzioari buruzkoak.
3. Ikastolak eskolako ziberjazarpena edo abusu-egoerak prebenitzeko jarduerak aurreikusi behar ditu baliabide teknologikoen bidez, bizikidetza-planean, orientazio- eta tutoretza-planetan, eta ikastolako proiektu digitalean, prebentziozko jarrera proaktiboak eta mekanismoak areagotzeko.
4. Ikastolako Zuzendaritzak jarraibide horiek betetzen direla zainduko du.
Arau-hausteak: ezarriko diren neurriak
1. Ikasle batek gailu digital partikularren erabilerarako arauak urratuko balitu, irakasleak jasoko du (gutun-azal batean sartuko du irakasle eta ikaslearen izen-abizenak, ikastaldea, data, tokia eta ordua idatzita). Irakasleak gailua zuzendaritzan utziko du eta tutoreari jakinaraziko dio.
2. Tutoreak ohartarazpena idatziko du Inika bidez (jokabide desegokia) eta familiari deituko dio telefonoz aparatuaren bila etortzeko.
3. Ikaslea arau-hausteren berrerorlea balitz gauza bera egingo da, baina tutoreak Inikako ohartarazpenean bizikidetzarako aurkakoa dela adieraziko du. Tutoreak familiari berriz telefonoz jakinaraziko dio.
4. Hirugarren aldia balitz, bizikidetzarako larriki kaltegarria dela ipiniko da. Kasu honetan, Zuzendaritzak Ikasleen Eskubide eta Betebeharren Dekretuari jarraituz ezarriko ditu neurriak.
5. Betiere, guraso edo lege arduradunen gain gelditzen dira gailuen erabilpen okerrak ekar ditzakeen ardura eta ondorio legalak.
Familia eta hezitzaileentzako aholkuak
BIHUR ZAITEZ TEKNOLOGIA BERRIEN ERABILERA ZUZENAREN EREDU
- Ikasleei eskatzen diezunaren eta zure mugikorra edo Internet erabiltzeko moduaren artean koherentzia egotea garrantzitsua da.
- Partekatu denbora eta informazioa ikasleekin. Posible bada, lagun iezaiezu konektatzen eta irakatsi ikasleei erabilera jarraibide egokiak. Hitz egin haiekin ahal bezainbat.
- Interesa zaitez erabiltzen dituzten sareko tokiez, zer egiten duten eta norekin erlazionatzen diren jakiteko, baina ikasleen pribatutasuna inbaditu gabe.
- Sustatu segurtasun ohiturak ikasleen artean: informazio pertsonalik eta pasahitzik ez ematea, kreditu txartelik ez erabiltzea, ezezagunekin ez geratzea.
- Sustatu ikasleen intimitatearen babesa teknologia berriak erabiltzean: argitaratzen dutenaren gaineko erantzukizuna hartzea, informazio eta datu pertsonalak inoiz ere ez ematea, web-kameraren erabilera saihestea, argazkiak ezezagunekin ez partekatzea, etab.
- Sustatu Interneten ageri denaren gaineko pentsamendu kritikoa.
- Irakatsi ziberbizikidetza eta netiketa arauak.
- Ezagutu eta zabaldu sareko jokabide egokiak eta errespetuzko arauak: erabilera egokia eta besteekiko begirunea azpimarratu behar dira, baita argitaratu aurretik hausnartzearen komenigarritasuna eta gehitzen ditugun kontaktuekin zorrotzak izatearen garrantzia ere.
- Nori eskatu laguntza behar izatekotan? Argi utzi ikasleei zer edo zer arraroa edo desatsegina jasotzen edo aurkitzen badute, guraso edo hezitzaileekin hitz egin behar dutela. Komunikazio-kanal bat irekita uztea komeni da, behar izatekotan laguntza eska dezaten. Horretarako, arazoren batekin guregana jotzen dutenean, gehiegizko erreakzioak alde batera utzi behar ditugu. Lasai eta baretasunez erantzun behar dugu kasu horietan. Argi utzi hezitzaile gisa beren eskura zaudela edozein arazoren aurrean laguntza eskaintzeko.
Edonola ere, badira doako telefono konfidentzialak ere nerabeei eta familiei larrialdi kasuetan aholku emateko. Esaterako, IS4K laguntza telefonoa: 017.