HIZKUNTZAK

VII Batzarra: Ikastolok biharko herri erronkei erantzuteko indarra erakutsi dugu, Iruñean

Pasa den larunbatean, ekainaren 22an, egin genuen Iruñeko Baluarte Kongresu Jauregian Euskal Herriko Ikastolen VII Batzarra, Ikastolon hurrengo zortzi-hamar urteetarako ildo nagusiak adostu eta erabakitzeko biltzarra. Han izan ziren Orereta Ikastolako zuzendaritza-taldeko eta Artezkaritza Kontseiluko ordezkariak ere.

Biharko Ikastolak behar ditugu biharko Euskal Herria eraikitzeko. Esaldi horrekin laburbiltzen dira Ikastolon VII Batzarreko erabakiak. Besteak beste:

  • erabaki dugu Ikastola Eredua eguneratu, egonkortu, zabaldu eta aldarrikatzea,
  • Ikastolen Elkartea indartzea,
  • Euskal Herri osoko mugimendu-izaera indartzea,
  • pertsonak erdigunean jartzea,
  • Ikastolen irismena handitzea,
  • hezkuntza proiektua sendotzea,
  • euskal kulturaren sorkuntzan eta transmisioan lan-ildo berriak ezartzea,
  • eta Ikastoletako hizkuntza-proiektuak eguneratzea

Eta hori guzti hori ez dugu bakarrik egin nahi, ezta guretzat bakarrik ere. Hezkuntza, herrigintza, kulturgintza eta euskalgintzako eragileekin, tokian tokiko erakunde eta administrazio desberdinekin egin nahi dugu. Elkarlanean, elkarrekintzan, lankidetzan. Erronkak kolektiboak direlako, herriarenak, eta erantzunek ere halakoak izan behar dutelako.

Etorkizun hobea amesten genuelako jaio ginen Ikastolok eta etorkizun hobea nahi dugulako jarraituko dugu ameslari izaten. Amesten dugu izango dugula etorkizun oso hurbilean Ikastola berria Beskoitzen; euskara ofiziala izango dela Aturritik Barbaduneraino eta Kantauritik Bardearaino; burujabe eta ausartak izango garela amesten dugu; jendarte justuago eta kohesionatuago batean biziko garela; euskararen kontrako oldarraldiarekin baino euskararen aldeko adostasun sozial eta politikoekin amesten dugu; amesten dugu desobedientziara jo beharrik gabe gure ikasleek euskaraz burutu ahal izango dutela beraien ikaste-prozesu osoa. Eta amesten dugu hori guztia egingo dugula herriarentzat eta herritarrentzat; hezkuntzatik, euskalgintzatik eta herrigintzatik.

Ekainaren 22ko Euskal Herriko Ikastolen VII Batzarraren gaineko informazio gehiago, hemen.

Euskal Herriko Ikastolak VII Batzarra