HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (24.04.12)


ETAPA MAILAKOAK


Calendarrari lotutakoak

Ikasleekin

  • Hitza ikastetxeetan: Herri Arte Eskolatik Arte Plastiko Ikusizkoetako irakaslea etorriko da 1. mailako ikasleekin esku-hartzea egitera gelaka. Xehetasunak Calendarren dituzue ikusgai.
  • Inmaculadara bisita: 4B eta 4E geletako ikasleek Lanbide Heziketako Inmaculada ikastetxearen eskaintza ezagutzeko bisita egingo dute ostegunean. Trenez egingo dute joan-etorria eta goiz osoko irteera izango denez, ez dira Ikastolara etorriko.

Irakasleak

  • Ikastolen VII. Batzarra: asteazkenean, 14:05ean, Ikastolen Elkarteak egin duen proposamenari ekarpenak egiteko bilduko gara DBHko irakasleak. Parte-hartzea borondatezkoa da.

Berrikuntza: 10.02: ELKARBIZITZARAKO KONPETENTZIA GELETAN

Apirilaren 8ko Berrikuntza saioan azaldu genizuen bezala, datorren asteartetik aurrera, behin Tutoretza gauzatu ondoren, maila guztietako gela bakoitzak BI KONPROMISO hartuko ditu 10.02 konpetentziaren harira.

Gogoan izan 10.02 konpetentziak hauxe jasotzen duela: Oinarrizko elkarbizitza-arauak errespetatzea elkarrekin ikasteko eta giro onean bizitzeko.

Hortaz, GUZTIOI dagokigu horiek lantzeko ardura hartzea, baita ebaluatzea ere. Bakoitzak bere irakasgaiaren ikuspegitik, jakina!

Saia gaitezen geratzen zaizkigun aste hauetan “fokoa” 10.02 konpetentzian jartzen eta ahalduntzen: guk geuk sinesten badugu, ikasleek ere sinetsiko dute-eta.

Edozein zalantza baduzue, badakizue non gaituzuen. Ongi izan eta animo!

Oharra: gelan landu duguna ikusi nahi izanez gero, bertan duzue euskarria.

DBHko berrikuntza taldea


IKASTOLA MAILAKOAK


Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua

Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. Berritasuna Larramendi Ikastolak (Mungia) hezkuntzako profesionalentzako antolatutako Edcamplarramendi ekitaldi berezia da. Apirilaren 27an egingo da. Langile atarian dituzue xehetasunak.

Ikastolen VII. Batzarra: emendakinak/ekarpenak langile ataritik egiteko aukera

Dakizuenez, ekainaren 22an, Iruñean, VII. Batzarra egingo dugu Euskal Herriko Ikastolek hurrengo zortzi-hamar urteetako Ikastolen erronkei aurre egin eta xede nagusiak ezartzeko. Gaurtik begiratuta, biharko Ikastolak irudikatzeko ahalegina egitea dagokigu.

Horretarako, Ikastolen Elkarteak egin duen proposamenari ekarpenak egiteko aukera dugu Orereta Ikastolako hezkuntza komunitate-kideok. Eta horretan gabiltza: aste honetan egin da ikastolakide ororentzat irekia izan den bilera/dinamika eta klaustroetan ere landu duzue edo landuko duzue gaia egun hauetan.

Horrez gain, jakizue, langile ataritik ekarpenak edota emendakinak inprimaki bitartez egiteko aukera ere zabaldu dugula. Ekarpenak ahalik eta emankorrenak izan daitezen, begiratu aurrez, mesedez, 7batzarra.ikastola.eus webgunean eskegita dagoen informazioa.

Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorra irakurgai

2023ko irailean aurkeztu zen Ikastolen ikasturte hasierako ekitaldian Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorra. Ikastolon xede nagusia ikasleei pertsona-eredu bat garatzen laguntzea da. Eredu horren zerbitzura daude hezkuntza-ildoak, printzipio psikopedagogikoak, metodologiakoak eta curriculuma. Hauei guztiei buruzko azalpenak ematen ditu Hezkuntza Marko Orokorrak.

Liburu formatuko ale fisiko bakan batzuk bagenituen Ikastolan, eta orain pdf-an argitaratu dute dokumentua. Langile atarian duzue irakurgai.

2024ko apirilean, Ikastoletako arduradun pedagogikoak hasiko dira Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorra lantzeko dinamikak egiten. Datorren ikasturtetik aurrera helduko da Ikastoletako gainontzeko langile eta familien txanda. Bien bitartean, aurrez esan bezala, langile atarian duzue eskura Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorra, hala nahi duena, aurrez eta garaiz irakurtzen eta lantzen has dadin.

Ikastolako udalekuak 2024

Urtero legez, Ikastolak aurten ere antolatuko ditu Udalekuak. Ekainaren 24tik uztailaren 19ra izango dira, 2 eta 12 urte arteko haur eta gaztetxoentzako (HH2-LH6). Maiatzaren 13ra arteko epea dago izena emateko. Langile-atarian (albisteen atalean) topatuko dituzue xehetasun gehiago eta izena emateko aukera, hala nahi izanez gero.

Zubiak Eraikiz: mus txapelketa Ziburuko Kaskarotenea Ikastolaren alde

Zubiak Eraikiz egitasmoan bidelagun dugun Ziburuko Kaskarotenea Ikastolak mus txapelketa antolatu du apirilaren 28an (igandea), 10:00etan. Sariak izango dira irabazle eta finalistentzat. 06 33 07 18 92 telefono-zenbakira deituta eman behar da izena (12€).


ETAPA ARTEKOAK


[LH5] “Ann Weberren bidezidorretatik” erakusketa, Xenpelar etxean

LH5. mailako ikasleek Ann Weber artista estatubatuarraren lana oinarri hartuta sortu dituzten eskulturak egongo dira ikusgai Xenpelar Etxean, apirilaren 15etik 20ra (17:00-20:00) eta bisita egitera gonbidatu nahi zaituztegu. Jakizue, hala nahi izanez gero, lehen egunean, apirilaren 15ean, inaugurazio-ekitaldi txiki bat egingo dugula 17:30ean. Langile atarian (agendaren sailean) topatuko dituzue xehetasun gehiago.

[LH-DBH] Juul kanpaina, irakurzaletasuna sustatzen

Juul kanpainak Euskal Herriko Ikastoletan irakurzaletasuna bultzatzea du helburu. Orereta Ikastolan aurten ari gara lehenengoz parte hartzen LH 3. eta 6. mailako eta DBHko ikasleekin:

  • LH3 eta LH6: ikasturtean zehar, ikasleek gutxienez bost liburu irakurri dituzte proposatu zaien zerrendatik (zerrendako proposamen gehienak, Galtzagorri Elkartearen liburu kanonetatik hautatuak).
  • DBH: bigarren hiruhilekoan, DBHko ikasleek liburu bana aukeratu dute zerrenda batetik. Gaztetxoei saio batzuk eskaini zaizkie liburua Ikastolan irakurtzeko, eta jarduera horri saio bateratu batekin eman zaio bukaera.

Aste honetan heldu da Juul kanpainaren hauteskunde-eguna. Atzo eta herenegun, LH3, LH6 eta DBHko ikasleek gehien gustatu zaien liburuari botoa emateko aukera izan dute. Laster jakingo dugu Orereta Ikastolako nahiz Euskal Herri osoko Ikastoletako aurtengo libururik gustukoenak zein diren.

Irakurzaletzeak ikasleengan dituen onurak ukaezinak dira, ez soilik irakurketa-idazketa prozesuari dagokionez, baita irudimenaren estimulatzaile eta plazer eragile gisa ere. Eskaini diezaiegun, beraz, gure haur eta gaztetxoei, bai etxean baita Ikastolan ere, kalitatezko literaturaz gozatzeko aukera!


BESTELAKOAK


Deskontua Eroski Bidaiak-en Ikastolako langile izateagatik

Konfekoop-ek, Euskadiko kooperatiben konfederazioak, lankidetza-hitzarmena du Eroski Bidaiak-ekin eta jakinarazi digute kooperatibetako langile direnek %7ko deskontua dutela 2024ko udako, kostalde eta uharteetako, Karibeko, Europako eta distantzia luzeko bidaietarako. Kanpainaz baliatu nahi dutenek egiaztatu egin beharko dute Konfekoop-eko kooperatiba bateko (Orereta Ikastola bada) langile direla, hori ziurtatzen duen agiri bat aurkeztuz Eroski Bidaiak-en.

Hainbat artikulu interesgarri