Seigarren urtez, haur eta gazteen aisialdirako jardueren dinamizatzaile titulua ateratzeko aukera eskainiko du Oiartzo Ikastolak (Haurtzaro eta Orereta Ikastolen batxilergo-ikastolak), Ikastolen Elkarteko Aisiola hezitzaile eskolaren eskutik. Aisialdiko taldeetako, udalekuetako, eskolaz kanpoko ekintzetako, jangelako… hezitzaile izateko aukera eskaintzen du aipatu tituluak. Lanbidek homologatua da eta 2023an hamasei urte (batxilergoko lehenengo maila edo baliokidea) edo gehiago bete edota beteko dituen herritar orok eman dezake izena.
Ikastaroa Ikastolan bertan egingo da. Datorren urriaren 20an hasiko da eta ikasturte bateko (2. batxilergoa egiteko adina dutenentzako edo helduagoentzako) iraupena izango du (2024ko maiatzera artekoa). Bi urtean (1. batxilergoa egiteko adina dutenentzako) egiteko aukera ere badago. Kasu horretan, ikastaroa 2024ko urtarrilean hasiko da eta bi urteko iraupena izango du (2025eko maiatzera arte). Aukera batean zein bestean, atal teorikoa eta praktikoa izango ditu ikastaroak eta ostiral arratsaldetan emango da, 15:30etik 20:30era.
Izena emateko epea: urriak 2
Aisialdiko hezitzaile titulua orain, urrian, ateratzen hasteko izen-emate epea urriaren 2an amaituko da. 2024ko urtarrilean hasiko den bi ikasturteko ikastaroan izena emateko epea azaroaren 1etik abenduaren 1era artekoa izango da. Batean zein bestean, www.zirimola.eus webgunearen bitartez egin behar da matrikula. Ordainketa izena emateko momentuan bertan egin behar da. Ikastola bateko bazkide direnek 430€ ordaindu behar dituzte eta hala ez direnek, berriz, 450€.