Eraldaketa pedagogikoa Orereta Ikastolaren orainaren parte da, eta lehenarena ere izan da. Pasa den mendeko 70. eta 80. hamarkadetan, besteak beste, paper garrantzitsua jokatu zuen Orereta Ikastolak Ikastolen mugimendua hezkuntza-ziklo guztietan (baita Bigarren Hezkuntzan ere) sartu, sendotu zein garatu zedin.
Ildo horri jarraiki, garai jakin bateko eraldaketa prozesuaren gaineko jardunaldia antolatu dugu: “Orereta Ikastolako mugimendu pedagogikoa 1970-1985”. EHUko doktoregaia den Peio Manterolak gidatuko du saioa, eta bertan izango dira orduan Orereta Ikastolako irakasle ziren Anton eta Mikel Mendizabal anaiak eta EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko katedraduna izan den eta gure Ikastolarekin harreman estua izan duen Itziar Idiazabal, baita garai hartako zenbait ikasle ohi ere. Entzule eta hizlarien arteko solasaldirako tartea ere izango da.
Hala nahi duen herritar orok har dezake parte jardunaldian. Anima zaitez!