HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (23.06.02)


ETAPA MAILAKOAK


Elkarkidetza 2023

HH-LHrekin egingo den elkarkidetza dela eta, datorren ekainaren 6tik 9ra beheko sarrera ezingo da erabili. Beraz, sarrera-irteera guztietan goiko sarrera erabiltzeko eskatu nahi dizuegu. Gainera, solas gela, musika gela, gimnasioa eta korridorea bera, ezingo ditugu erabili. Arazorik izango bazenute, hurbildu Haizea edo Marijorengana eta saiatuko ginateke moldatzen. Xehetasun guztiak, ikasle taldea barne, Calendarren dauzkazue. Eskerrik asko!

Berreskurapen egunak direla eta, antolaketa

Mintegika duzuen ikasle kopurua kontuan hartuz, eta zaintza lanak bideratze asmotan, zehaztu mesedez dokumentuan zein den proposatzen duzuen antolaketa, gerora Zuzendaritzak zaintza horiek esleitzeko aukera izan dezan, eta Inika bitartez zaintza egin behar duenari jakinaraziko genioke, ohi dugun moduan.

GenEroa DBH3-4, antzerkia

Kultura eskolari esker, jakizue ekainaren 7an berreskurapenik ez duten ikasle horiek estalpean antzerki ikuskizuna izango dutela. Ordu horretan saioa dutenek, eta berreskurapenik ez duten irakasleek, bertan egon beharko dute; arazorik izanez gero, aurrez jakinarazi, mesedez.

Berrikuntza pedagogikoa: Buletina

Asteazken eguerdiko tartean, Berrikuntza erreferenteek bideratuta, buletin berriari dagokion saioa izango dugu, irakasleok egin beharrekoak zehaztuko dira bertan. Beraz, bertaratzea garrantzitsua izango da. Xehetasunak Calendarren zehaztuko dira.

Proiektu berezia

Ebaluazio bileran eginiko eskaera kontuan hartuz, tutoreen eta zuzendaritza taldearen artean adostutako proposamena duzue honako hau. Horretarako jakina da klaustro guztiaren inplikazioa beharrezkoa izango dela proiektu hau aurrera eramateko. Denon artean egoerari aurre egitea lortuko dugu, animo.


IKASTOLA MAILAKOAK


Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza berria

EHUko Udako Ikastaroen eskaintza berrituaren eta “Ikaskuntza Errazten Eta Berrikuntzan (Lit)” unibertsitate masterraren berri duzue langile atarian (prestakuntzen eta jardunaldien atalean).

Ekainak 30: ikasturte amaierako langile batzarra

Kurtsoaren azken hilabetean sartuta, gogoratu nahi dizuegu aurtengo ikasturte amaierako langile batzarra ekainaren 30ean izango dela, 09:00etatik 13:00etara. Egun batzuen buruan helaraziko dizuegu gai-ordena.

Urteko Kudeaketa Plana 2023-24: ekarpenak egiteko epea

2023-24 ikasturteko Urteko Kudeaketa Plana definitzen hasteko ordua heldu da. Oinarria egina (hemen duzue ikusgai) eta ekarpenak jasotzeko epea irekita dago. Nola egin daitezke ekarpenak?

  • Batzorde gisa: MoreretaON, Ingurumena/Agenda 30, HIZPRO/Euskaraz Bizi, IKT eta komunikazioko lantaldeei egindako oinarria begiratu eta EKARPENAK EGITEA ESKATZEN zaie.
  • Norbanako gisa: hala nahi duen lankide oro EKARPENAK EGITERA GONBIDATZEN da.
  • Ekarpenak aparteko dokumentu batean egin behar dira, eginda dagoen oinarria kontsultarako da. Batzorde gisa egindako ekarpenak Egoitz Verdugori helarazi behar zaizkio; norbanako gisa egindakoak, berriz, norberaren etapako zuzendariari edo saileko arduradunari.
  • Ekarpenak egiteko azken eguna ekainaren 16a da.

Artezkaritza Kontseilua: maiatzeko bileraren deskargua

Asteazkenean, maiatzaren 31n, izan genuen Artezkaritza Kontseiluaren hil honetako bilera. Hemen duzue laburpena.

Hezkuntza Batzordea: azken bileraren deskargua

Maiatzaren 25ean egin zen Hezkuntza Batzordearen azken bilera. Hemen duzue laburpena.

Oiartzoren alboko eraikineko bizilagunen aferaz

Oiartzoren ondoko eraikinetik atera egin ditu Udalak azken hilabeteetan bertan bizitzen egon direnak. Aste Santuko oporren ondorenean nabarmen handitu ziren eraikineko mugimendua, zikinkeria, droga-kontuak… Udaletxearekin jarri ginen berriz ere harremanetan eta eraikina hustu eta ixteko asmoa zutela adierazi ziguten. Orain hamar bat egun egin zuten. Momentu honetan eraikina guztiz itxita eta hutsik dago. Udaltzaingoa egunean hiruzpalau aldiz igotzen da eraikina itxita dagoela eta berriz ez direla sartu egiaztatzera.

Eraikina jadanik Hezkuntza Sailari lagata dago eta egin beharreko obraren lizitazioa prestatzen ari dira bertatik.

Kilometroak 23

EKAINAK 4: ERRIOLA KONPARTSA KAPUTXINOETAKO FESTETAN

Ekainaren 4an, Erriola konpartsak Kaputxinoak auzoko kaleak girotuko ditu eguerdian, 12:00etan. Trikimakoak, buruhandiak, dantzariak eta trikitilariak arduratuko dira jai giroa jartzeaz. Gonbidatuta zaudete Kaputxinoetako festez eta Erriola konpartsaz gozatzera!

UZTAILAK 19: “GURE AÑABITARTE”, KOMUNITATEA OMENTZEKO MENDI IBILALDIAK ETA KONTZERTUAK URMUGA FESTIBALAREKIN ELKARLANEAN

Mendia eta musika batu eta Euskal Herria mendebaldetik ekialdera gurutzatzen duen Urmuga Festibalarekin elkarlanean, uztailaren 19a egun konpletoa izango da. Goizean, mendi ibilaldi musikatuak Hendaia eta Irun lotzen dituen Santiago Zubitik eta Endarlatsatik Oiartzungo Gurutze auzoraino. Arratsaldeko 17:00etan, errioan gora San Pedrotik etorriko den patatxan, musika emanaldia Lekuona Fabrikaren parean. 19:00etan, “Gure Añabitarte” kontzertu erraldoia Orereta Ikastolaren Añabitarte baserrian. Eta iluntzean, Añabitarte baserriaren erosketaren 50. urteurrena ospatzeko erromeria. Langile atarian duzue egitaraua ikusi, mendi-ibilaldietan izena eman eta “Gure Añabitarte” kontzerturako sarrerak erosteko aukera.

LEHEN ALDIZKARI GEHIGARRIA OARSO-BIDASOKO HITZAREKIN ELKARLANEAN

Oarso-Bidasoko Hitzarekin elkarlanean 12 orrialdeko gehigarria argitaratu dugu Kilometroak 23 jaiaren inguruan.

Erriolaren sorrera ez ezik, Orereta Ikastolaren hastapenak kontatzen dituen erreportaje bat dago aldizkarian, DBHko ikasle eta irakasleek osatua. Eta nola ez, kantuaren aurpegi bilakatu den Janus Lester taldeko Jokin Pinatxori egindako elkarrizketa ere aurki daiteke. Erriola abestiaren letragile izan den Jon Maya Soriarekin izandako solasaldia ere irakur daiteke, baita aurreko Kilometroak jaietako abestien letragileak (Julian Albistur eta Antton Kazabon) izan direnekin izandako elkarrizketak ere; Kilometroak 84 et 99 urteak oroituz.

Langile atarian irakur dezakezue gehigarria osorik. Ale bat ere jasoko duzue etapako edo zuen saileko arduradunen eskutik.


ETAPA ARTEKOAK


LH6 | Juneren Hegoak elkartearen alde martxoaren amaieran egindako azoka solidarioan ateratako dirua, June Sanchez Tolaretxipi ikerketa bekarako

Aurrez egindako lanketa guztiaren emaitza gisa, martxoaren amaieran, LH 6. mailako ikasleek Juneren Hegoak elkartea laguntzeko egindako azoka solidarioan lortutako dirua elkarteak haur onkologiaren alorreko ikerketa-proiektu bat diruz laguntzeko antolatzen duen June Sanchez Tolaretxipi bekarako erabiliko da. Hala adierazi berri du elkarteak eta publikoki eskertu nahi izan du Ikastolak egindako ekarpena. Zorionak, beraz, berriz ere, LH 6. mailako ikasle eta lantaldeari!

DBH | Ikastolako bi ikasle talde sarituak Ikastolen bost jaiek elkarrekin antolatzen duten komiki lehiaketaren III. edizioan!

Ikastolen bost jaiek urtero antolatzen duten komiki lehiaketaren III. edizioa izan da aurtengoa, euskara batua gai izan duena. Gaur jakin berri dugu DBH 3. mailako ikasle talde batek irabazi duela aurtengo lehiaketa “Zazpiak bat” lanarekin. Hirugarren saria ere Ikastolara etorriko da, “Jon eta euskal mamuak” komikiak lortu baitu postu hori. Zorionak, beraz, sortzaileei eta bidelagun izan duten lantaldeari! Datozen egunetan emango dizkizuegu sormen-prozesuaren, bestelako xehetasunen eta komiki sarituen beraien berri.

Zerbitzuak | Ikastolako jangela, Errigora jangela

Orain bizpahiru urte irekitzen hasitako bidezidorrek bide zabalagoaren traza hartu dute. Orain bizpahiru urte erein genuen Ikastolako jangela eta Errigora lotu nahi zituen hazia, batak bestea elikatzen zuela pentsatuta. Orain, Orereta Ikastolan ez ezik, Euskal Herriko txoko askotan hasi dira loratzen hazi horiek. Datorren ikasturtetik aurrera, Euskal Herriko 20 ikastetxe eta lantokietako jangeletan (Ikastolakoan ere bai, noski) Errigora Balioekin bat egiten duten Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko zazpi ekoizleren produktuak izango dira mahaian. Aste honetan egin dugu denok elkar ezagutu eta esperientziak trukatzeko bilera, eta jarraian, prentsa agerraldia eta argazkia. Irakurri hemen proiektuaren eta aste honetan egindakoaren xehetasunak bildu dituen berria.