HIZKUNTZAK

LH Asteko oharrak (23.06.02)


ETAPA MAILAKOAK


Mila kilo zorion

Mila kilo zorion

dizugu eskaintzen,

beste urte berri bat

duzulako hasten.

Baietz asmatu zenbat

dituzun betetzen,

zergatik ez ditugu

txaloka kontatzen?

  • Ekainak 3: Naroa Otamendi.
  • Ekainak 7: Miren Jauregi.

LH3 musikala

Datorren ekainaren 5ean, arratsaldean, LH3ko ikasleek Imanol Elizasurekin entsaioa egingo dute ekainaren 18an egongo den Broadway Musikalean parte hartzeko:

  • 15:00- 3A eta 3B gelak
  • 15:40- 3C eta 3D gelak

LH3 txangoa

Ekainaren 6an LH3ko ikasleak Bertizera joango dira egunpasa.

LH3 Antzerkiko entsegu orokorra

Ikasturte bukaerako emanaldirako entsegu orokorra ekainaren 6an hitzartua bazuten ere, Bertizera doazenez, astelehenean, ekainaren 5ean, 11:00etan egingo dute areto nagusian Lur Kortarekin. Beraz, antzerkia egiten duten ikasleak hara bideratu beharko ditu irakasleak.

LH2 ikastolan lotan

Ikasturte hasieran egonaldia Arritxulo aterpean egin zuten LH2koek. Garai hartan ikasle asko eta asko gaixotu eta egonaldirik gabe geratu ziren. Ikasturteari bukaera eman ahal izateko eta egonaldian egon ezin izan zutenen kopurua hain handia izanik, ekainaren 8an ikastolan bertan lo egiteko proposamena luzatu zaie ikasleei. Betiere salbuespenezko egoera bezala ulertuta. Halaxe adierazi genuen guraso batzordean ere.

Ekaineko elkarkidetza saioa LH 1eko ikasleentzat

Gogoratu, elkarkidetza saioa datorren ekainaren 8an izango dela, 9:45etik 11:45era DBHko eraikinean. Ikasle bakoitzak bere hamaiketakoa eraman beharko du.

Zuhatza, Lizarra eta Irrisarriland

Ekainaren 7an LH4, LH5 eta LH6 ko ikasleak maletak hartuta etorriko zaizkigu Ikastolara.

Maila bakoitzak autobusetik jaitsi eta non jarri zehaztua izango du maletekin nahasmen handirik gerta ez dadin. Egun horretan, Heltzeneko ikasle guztiak autobusetik jaistean goiko aterpean kokatuko dira maletekin batera, ondoren, autobusak hartzeko. Denon laguntza beharko dugu hau modu ordenatuan egin ahal izateko. Ikusi antolaketa hemen.

Praktika onak

Datorren astelehen arratsaldean, DBHko erreferente pedagogikoa den Maialen Garmendia 6. mailako saio bat ikustera etorriko da, ikasketa kooperatiboan nola aritzen garen behatzeko.

Plan estrategikoa

Ikastola mailako oharretan adierazten den bezala, plan estrategikoan 2022-2027 urteetarako helburu eta ekintzak identifikatu genituen eta orain 23-24 ikasturterako U.K.P (Urteko Kudeaketa Plana) zehazteko garaia iritsi zaigu.

Ekarpenak egiteko gogoa eta interesa duenak ekainaren 13an 11:30etatik 13:30etara zuzendaritza bulegora gerturatu eta bertan lanketa egiteko aukera izango du.

Ikasturte amaierako argazkiak

Gogoratu, ikasturte amaieran gurasoei taldeko argazkiak partekatuko zaizkiela; beraz, joan zaitezte dagokion karpetan sartzen 4-5 argazki. Jarraian duzue karpetaren esteka.

Asteko kanta

Ekainaren 5a ingurugiroaren nazioarteko eguna dela eta, datorren astean Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Largabista kanta entzungo dugu.


IKASTOLA MAILAKOAK


Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza berria

EHUko Udako Ikastaroen eskaintza berrituaren eta “Ikaskuntza Errazten Eta Berrikuntzan (Lit)” unibertsitate masterraren berri duzue langile atarian (prestakuntzen eta jardunaldien atalean).

Ekainak 30: ikasturte amaierako langile batzarra

Kurtsoaren azken hilabetean sartuta, gogoratu nahi dizuegu aurtengo ikasturte amaierako langile batzarra ekainaren 30ean izango dela, 09:00etatik 13:00etara. Egun batzuen buruan helaraziko dizuegu gai-ordena.

Urteko Kudeaketa Plana 2023-24: ekarpenak egiteko epea

2023-24 ikasturteko Urteko Kudeaketa Plana definitzen hasteko ordua heldu da. Oinarria egina (hemen duzue ikusgai) eta ekarpenak jasotzeko epea irekita dago. Nola egin daitezke ekarpenak?

  • Batzorde gisa: MoreretaON, Ingurumena/Agenda 30, HIZPRO/Euskaraz Bizi, IKT eta komunikazioko lantaldeei egindako oinarria begiratu eta EKARPENAK EGITEA ESKATZEN zaie.
  • Norbanako gisa: hala nahi duen lankide oro EKARPENAK EGITERA GONBIDATZEN da.
  • Ekarpenak aparteko dokumentu batean egin behar dira, eginda dagoen oinarria kontsultarako da. Batzorde gisa egindako ekarpenak Egoitz Verdugori helarazi behar zaizkio; norbanako gisa egindakoak, berriz, norberaren etapako zuzendariari edo saileko arduradunari.
  • Ekarpenak egiteko azken eguna ekainaren 16a da.

Artezkaritza Kontseilua: maiatzeko bileraren deskargua

Asteazkenean, maiatzaren 31n, izan genuen Artezkaritza Kontseiluaren hil honetako bilera. Hemen duzue laburpena.

Hezkuntza Batzordea: azken bileraren deskargua

Maiatzaren 25ean egin zen Hezkuntza Batzordearen azken bilera. Hemen duzue laburpena.

Oiartzoren alboko eraikineko bizilagunen aferaz

Oiartzoren ondoko eraikinetik atera egin ditu Udalak azken hilabeteetan bertan bizitzen egon direnak. Aste Santuko oporren ondorenean nabarmen handitu ziren eraikineko mugimendua, zikinkeria, droga-kontuak… Udaletxearekin jarri ginen berriz ere harremanetan eta eraikina hustu eta ixteko asmoa zutela adierazi ziguten. Orain hamar bat egun egin zuten. Momentu honetan eraikina guztiz itxita eta hutsik dago. Udaltzaingoa egunean hiruzpalau aldiz igotzen da eraikina itxita dagoela eta berriz ez direla sartu egiaztatzera.

Eraikina jadanik Hezkuntza Sailari lagata dago eta egin beharreko obraren lizitazioa prestatzen ari dira bertatik.

Kilometroak 23

EKAINAK 4: ERRIOLA KONPARTSA KAPUTXINOETAKO FESTETAN

Ekainaren 4an, Erriola konpartsak Kaputxinoak auzoko kaleak girotuko ditu eguerdian, 12:00etan. Trikimakoak, buruhandiak, dantzariak eta trikitilariak arduratuko dira jai giroa jartzeaz. Gonbidatuta zaudete Kaputxinoetako festez eta Erriola konpartsaz gozatzera!

UZTAILAK 19: “GURE AÑABITARTE”, KOMUNITATEA OMENTZEKO MENDI IBILALDIAK ETA KONTZERTUAK URMUGA FESTIBALAREKIN ELKARLANEAN

Mendia eta musika batu eta Euskal Herria mendebaldetik ekialdera gurutzatzen duen Urmuga Festibalarekin elkarlanean, uztailaren 19a egun konpletoa izango da. Goizean, mendi ibilaldi musikatuak Hendaia eta Irun lotzen dituen Santiago Zubitik eta Endarlatsatik Oiartzungo Gurutze auzoraino. Arratsaldeko 17:00etan, errioan gora San Pedrotik etorriko den patatxan, musika emanaldia Lekuona Fabrikaren parean. 19:00etan, “Gure Añabitarte” kontzertu erraldoia Orereta Ikastolaren Añabitarte baserrian. Eta iluntzean, Añabitarte baserriaren erosketaren 50. urteurrena ospatzeko erromeria. Langile atarian duzue egitaraua ikusi, mendi-ibilaldietan izena eman eta “Gure Añabitarte” kontzerturako sarrerak erosteko aukera.

LEHEN ALDIZKARI GEHIGARRIA OARSO-BIDASOKO HITZAREKIN ELKARLANEAN

Oarso-Bidasoko Hitzarekin elkarlanean 12 orrialdeko gehigarria argitaratu dugu Kilometroak 23 jaiaren inguruan.

Erriolaren sorrera ez ezik, Orereta Ikastolaren hastapenak kontatzen dituen erreportaje bat dago aldizkarian, DBHko ikasle eta irakasleek osatua. Eta nola ez, kantuaren aurpegi bilakatu den Janus Lester taldeko Jokin Pinatxori egindako elkarrizketa ere aurki daiteke. Erriola abestiaren letragile izan den Jon Maya Soriarekin izandako solasaldia ere irakur daiteke, baita aurreko Kilometroak jaietako abestien letragileak (Julian Albistur eta Antton Kazabon) izan direnekin izandako elkarrizketak ere; Kilometroak 84 et 99 urteak oroituz.

Langile atarian irakur dezakezue gehigarria osorik. Ale bat ere jasoko duzue etapako edo zuen saileko arduradunen eskutik.


ETAPA ARTEKOAK 


LH6 | Juneren Hegoak elkartearen alde martxoaren amaieran egindako azoka solidarioan ateratako dirua, June Sanchez Tolaretxipi ikerketa bekarako

Aurrez egindako lanketa guztiaren emaitza gisa, martxoaren amaieran, LH 6. mailako ikasleek Juneren Hegoak elkartea laguntzeko egindako azoka solidarioan lortutako dirua elkarteak haur onkologiaren alorreko ikerketa-proiektu bat diruz laguntzeko antolatzen duen June Sanchez Tolaretxipi bekarako erabiliko da. Hala adierazi berri du elkarteak eta publikoki eskertu nahi izan du Ikastolak egindako ekarpena. Zorionak, beraz, berriz ere, LH 6. mailako ikasle eta lantaldeari!

DBH | Ikastolako bi ikasle talde sarituak Ikastolen bost jaiek elkarrekin antolatzen duten komiki lehiaketaren III. edizioan!

Ikastolen bost jaiek urtero antolatzen duten komiki lehiaketaren III. edizioa izan da aurtengoa, euskara batua gai izan duena. Gaur jakin berri dugu DBH 3. mailako ikasle talde batek irabazi duela aurtengo lehiaketa “Zazpiak bat” lanarekin. Hirugarren saria ere Ikastolara etorriko da, “Jon eta euskal mamuak” komikiak lortu baitu postu hori. Zorionak, beraz, sortzaileei eta bidelagun izan duten lantaldeari! Datozen egunetan emango dizkizuegu sormen-prozesuaren, bestelako xehetasunen eta komiki sarituen beraien berri.

Zerbitzuak | Ikastolako jangela, Errigora jangela

Orain bizpahiru urte irekitzen hasitako bidezidorrek bide zabalagoaren traza hartu dute. Orain bizpahiru urte erein genuen Ikastolako jangela eta Errigora lotu nahi zituen hazia, batak bestea elikatzen zuela pentsatuta. Orain, Orereta Ikastolan ez ezik, Euskal Herriko txoko askotan hasi dira loratzen hazi horiek. Datorren ikasturtetik aurrera, Euskal Herriko 20 ikastetxe eta lantokietako jangeletan (Ikastolakoan ere bai, noski) Errigora Balioekin bat egiten duten Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko zazpi ekoizleren produktuak izango dira mahaian. Aste honetan egin dugu denok elkar ezagutu eta esperientziak trukatzeko bilera, eta jarraian, prentsa agerraldia eta argazkia. Irakurri hemen proiektuaren eta aste honetan egindakoaren xehetasunak bildu dituen berria.