HIZKUNTZAK

Euskal Herriko hezkuntza sistema propiorako bidean, eskola eredu berria aldarrikatu dugu

Ikastolen Elkartean batzen garen 113 ikastoletako ordezkariak elkartu gara, Donostian, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako garatzen ari den Hezkuntza Lege berriaren eta Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren inguruan egin ditugun hausnarketak plazaratzeko.

Aurrez, eskualdez eskualde elkartu gara ikastolok gaia jorratzeko, beronek etorkizuneko euskal hezkuntza sisteman izango dituen erronkei buruz hitz egiteko, bai eta ikastolen mugimendutik begira eraiki nahi dugun Euskal Herrirako Hezkuntza Sistemari begira urrats garrantzitsu bat izan daitekeen une honek duen garrantzi handia azpimarratzeko ere.

Udaberrian Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusiek erdietsitako Euskal Hezkuntzaren Eraldaketarako Oinarrien Akordioa baloratzean adierazi genuen, gure asetze eta kezkekin batera, hitzarmenean jasotakoak zehaztapen handiagoa beharko zuela legea bera idazteko orduan. Legearen lehen zirriborroa heldu zen irailean, iritsi dira momentu gorabeheratsuak. Aldi berean, ziur gaude (orain arte erakutsitako jarrera eraikitzaileari eusteko gai bagara) bizi dugun abagune historikoa arrakastaz gauzatzeko aukera dugula.

Ikastolon gogoetaren ondorioak:

  1. Lege honek Euskal Herriko Hezkuntza Sistema eraldatzen lagundu behar du.
  2. Euskal Herriko hezkuntza sistema bi estatuk eta hiru administraziok arautzen dute eta horrek zaildu egiten du euskal lurralde osorako proiektuak bideratzea. Instituzioek ez digute marko legal egokirik eskaini, eta, ondorioz, Espainiako edo Frantziako eskema dualean sartzera behartu gaituzte. Ikastolona Euskal lurralde osorako proiektu bakarra da eta administrazio ezberdinek bete ezin dituzten hainbat hutsune betetzen ditugu gure jardunarekin (elkarlana sustatuz, proiektu komunak landuz, elkartasun ekimenak bultzatuz…).
    Ikastolok bestelako eredu bat izan nahi dugu. Gaur egun, garaiak erabat aldatu diren arren, Euskal Herriarekin dugun konpromisoari eutsi eta gure ezaugarriak gizarte osoari eskaini nahi dizkiogu: euskara, euskal kultura eta euskal curriculum-a; materialgintza propioa Ikastolentzat zein hala nahi duten beste ikastetxeentzat; berrikuntza; parte-hartzea, elkarlana, auzolana eta gobernantza eredu demokratikoa… Gure indargune diren ezaugarri horiek mantentzeko eta zabaltzeko marko legal berri bat aldarrikatzen dugu.
  3. Gure helburua hezkuntza sistema propioa da. Ikastolon ezaugarri nagusietako bat da hezkuntza komunitatean oinarritzea; hezkuntza inklusibo eta euskaldunaren aldeko apustua egin nahi badugu komunitatean oinarritu behar dugu. Hori da Lege honi eskatu behar dioguna, eskolaren autonomia erreala bermatzea. Eta horretarako ezinbesteko iruditzen zaigu publiko-pribatu dikotomia gainditzea, eta Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa ardaztuko duen sistema arautzea.
  4. Segregazioa eta euskara eta euskal kulturaren transmisioa euskal jendartearen erronka potoloak dira. Eta horiei, herri moduan erantzun behar diegula argi dugu, modu kolektiboan eta eragile desberdinen arteko elkarlanaren bidez, herri gisara pentsatuz.
  5. Ikaslea da ardatza eta hezkuntza berrikuntzan jarri nahi dugu arreta. Horretarako, pedagogia eredu aurreratua, ebidentzia zientifikoan oinarritua, pertsonaren garapenean zentratua… aldarrikatzen dugu. Pertsona bere osotasunean, alderdi fisiko zein emozional-mentalean, orekatua izatea bilatuko duena.
  6. Gure jendartean dugun tradizioari jarraituz, eredu herritar baten alde egiten dugu. Zerbitzu publikoa ardatz, herritarra, udalen parte hartze zuzenarekinErabakietan komunitateak parte hartuko duen eredu baten alde egiten dugu, eragileen arteko elkarlanarekin elikatuko dena. Behar beharrezkoa baitugu euskalgintzan, kulturgintzan, aisialdian zein herrigintzan dabilen eragile ororekin diseinatzea gure etorkizuna.
  7. Une honetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan besterik ez bada ere, aukera ikusten dugu, alde batetik, bi estaturen marko duala puskatzekoa eta, bestetik, Euskal Herriko ikastetxeen arteko proiektu komunak bideratzekoa. Garbi adierazi nahi dugu ez dugula, inolaz ere, alde batera utziko, Iparraldean eta Nafarroan euskarazko irakaskuntzan ari diren ikastolekin dugun konpromisoa.

Ikastolon eskaera eta eskaintza alderdi politikoei, gizarte eragileei eta jendarte osoari:

  1. Zehaztu ditzagun Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan parte hartzeko ikastetxeek bete behar dituzten baldintzak eta izango dituzten eskubide eta betebeharrak.
  2. Bultzatu dezagun sistema euskalduna, integratzailea, ikastetxeen autonomia erreala bermatuko duena.
  3. Baliatu ditzagun orain arte egon diren esperientzia eta errealitate ezberdinak. Hezkuntza sistema berri baterantz egin nahi dugun bidean adostasunak bilatzeko ahalegina egin behar dugu. Momentu honetan gauzatu ezin dezakegunari (Euskal Herria, esperientzia eta errealitate ezberdinak elkartu) eman diezaiogun aukera etorkizunean gauza dadin. Uler dezagun legea Euskal Hezkuntza Sistema nazional propioaren bidean urrats garrantzitsu moduan

Bide horretan, ikastolok hor egongo gara, laguntzeko eta eztabaidatzeko prest, zintzo eta leial. Gu Euskara, Gu Euskal Herria, Gu Ikastola.

Irakurri adierazpena osorik | Ikusi agerraldia osorik

EAE hezkuntza legea Ikastolen Elkartea