2026-27 ikasturterako matrikulazio-kanpaina otsailaren 2tik 13ra egongo da martxan, bereziki, 2023an edo 2024an jaio diren haurrak eskolatzeko.
Orereta Ikastolak urtarrilaren 20an eta 22an (euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren) egingo ditu Ikastola ezagutzeko ate irekien saioak, 17:30ean, Esmalteriako eraikinean. Haur Hezkuntzako familiei zuzendutako saioak izango dira horiek. Horrez gain, jada egin daitezke talde txikitako bisitetan parte hartzeko eta bakarkako hitzorduetarako eskaerak hemen (HH, LH eta DBHko familiek eska ditzakete azken horiek). Informazio gehiagorako edota zalantzak argitzeko, 943 52 03 97 telefono-zenbakira dei daiteke edo mezua idatzi matrikulazioa@oreretaikastola.eus helbide elektronikora.
Esmalteria Berria 2019 – Lino Berria 2025: HHko espazioak hezkuntza beharretara egokitzeko bideari ginga
Espazioak hezkuntza-beharren mesedetara jartzeko azterketa eta hausnarketa prozesu mamitsuaren ostean, 2019-20 ikasturtearekin batera heldu zen Esmalteria Berria. Pasa den kurtsoan, 2025eko urtarrilean, Esmalteriari segida emanez eta helburu berberekin, ireki zituen ateak Lino Berriak. Hala, Haur Hezkuntzako ziklo guztia eraberritua eta haurren garapen-beharretara egokitua du Orereta Ikastolak. Espazioak hezkuntza-beharretarako egokituak, eta ez hezkuntza-beharrak espazioek baldintzatuak.
Orereta Ikastolaren Haur Hezkuntzako proiektu pedagogikoaren oinarriak haurren ongizatea eta konfiantza dira; haien autonomia, berriz, helburua. Ikasleen beharretatik, nahietatik, gustuetatik, jakin-minetik abiatuta egiten dugu lan; haurrak erdigunean jarrita. Konfiantzaren eta integrazioaren pedagogia abiapuntu, beste zenbait korronte ere kontuan hartuta, haurraren senetik eta erritmotik abiatuta aritzen gara: bera da bere bizitzako protagonista, gu bere bidelagun gara; haurrak gaitasunez betetako pertsonak direla eta ikasteko berezko gaitasuna dutela sinetsita baikaude.
Profesionalen formazio jarraiaz eta behatzeko eta lan egiteko modu berritzaileak jorratzeaz gain, esan bezala, Orereta Ikastolako espazioak ere erronka horri erantzuteko prestatuta daude.
Hezkuntza beharretara egokitutako eraikin eraberrituak, etxeko jatorduak, tutoretza- eta orientazio-proiektu sendoak, baso-eskola propioa eta DBHn CAG ikasgelak ditu Orereta Ikastolak, besteak beste.
Orereta Ikastola: Euskal Herrikoa, eraldatzailea, komunitarioa eta berdea
0-18 urte arteko kalitatezko hezkuntza-proiektu propio euskalduna, Euskal Herrikoa, eraldatzailea eta burujabea da Orereta Ikastolarena, Euskal Herrian, euskaran zein euskal kulturan oinarritua eta beste hizkuntza nahiz kulturei irekia. Irabazi asmorik gabeko herri onurako kooperatiba izanik, etengabeko hobekuntzaren eta Ikastolako komunitate osoaren elkarlanaren fruitua da; herritik herriarentzat sortua.
Egunero berri. Egunero herri. Zatoz Ikastolara!