Pasa den abenduaren 11n egin zen Elkartasun Ikastolen azken Batzar Nagusia. 2026an, 1.094.072 € banatuko dira sei Ikastolaren eta Kanboko (Lapurdi) Ikastolen Etxearen artean, Euskal Herriko 115 Ikastolok Elkartasun Kutxari egiten diogun ekarpenari esker. Hori ere bai baikara Ikastolak: elkartasuna, komunitatea eta naziogintza.
Euskal Herrian euskararen normalizazioaren bidean ezinbestekoak diren egitasmoak laguntzeko eta euskal Herria eraikitzen jarraitzeko, Nafarroako Argia (Tutera) eta Ibaialde (Lodosa) Ikastolek; Iparraldeko Kattalin Elizalde Kolegioak (Senpere), Lizeo berrirako proiektuak (Donapaleu) eta Ikastolen Etxeak (Kanbo); Bizkaiko Bihotz Gaztea Ikastolak (Santurtzi) eta Gipuzkoako Zubimusu Ikastolak (Amasa-Villabona/Zizurkil) jasoko dute 2026ko Elkartasun Kutxaren besarkarda.
Zer da Ikastolon Elkartasun Kutxa?
Elkartasun Kutxa 1992an sortu genuen Ikastolek, gure artean beharrik handiena zuten proiektu eta Ikastolei laguntzeko. Urteetan egindako jardun hori elkarte bihurtzea erabaki zen, eta 2012. urtean jaio zen Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartea.
Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkarteak Euskal Herriko Ikastola guztietatik jasotzen du dirua kapital moduan (Ikastola bakoitzak ikasle kopuruaren baitako ekarpena egiten du), eta beharrik handiena duten Ikastolen artean banatzen du (eskaerekin heltzen diren txosten teknikoetan oinarrituta). Mailegu edo ekarpen bezala ematen dira laguntzak.
Azken hamarkadan, hamar milioi euro pasa banatu ditugu. Eta Elkartasun Kutxa sortu genuenetik, 1992tik, berriz, hogei milioi eurotik gora. Maiz, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako Ikastolek jasotzen dute dirua, beharrak hala behartuta. Izan ere, halako ekimen baten atzean ez baitaude datu ekonomikoak soilik, elkartasuna, lurraldetasuna eta taldekotasunaren praktika ere bada ekimen hau; Ikastolon ezaugarri eta oinarri aipatutako guztiak.