Geroz eta homogeneoagoa den gizarte globalean, haren parte, geroz eta anitzagoak diren tokian tokiko testuinguruek erronka berriak sortzen dituzte. Euskal Herriko hezkuntza komunitatean ere, aniztasun kultural eta linguistikoaren areagotzeak erronka eta aukera berriak ekarri ditu mahai gainera, kulturartekotasuna xede duten praktika on eta konpetentzien lanketaren beharra agerian utziz. Beharrak agerian utziz, erronka eta aukera berriak irekiz; elkarri eskutik helduta ulertu nahi baititugu beharrak, erronkak eta aukerak (ez elkarri bizkar emanda).
Errenteriako Udalak eta Garabide Elkarteak hizkuntza eta kultura aniztasuna zein kulturen arteko elkarbizitzaren sustapenean sakontzeko programa bat eskaintzen digute herriko ikastetxeei: Garabide programa.
Garabide, bide gara? Bide izan nahi dugu, baita ongietorri ate edota leiho ere. Orereta Ikastolan DBH 3. mailako ikasleekin egiten dugu lanketa, ikasleei zuzendutako lau sentsibilizazio-saio eta irakasleentzako den beste bat eginez.
Garabide proiektuak ikastetxeko eta herriko aniztasuna ezagutzeko eta diagnostikatzeko baliabideak eskaintzen dizkigu, kultura aniztasunaren ezagutza hutsetik haratago, kontzientzia kritikoa garatzea sustatzen delarik. Horretarako, mundu mailan eta hezkuntza komunitateetan dauden komunitate kultural desberdinen arteko ezagutza sustatzeko neurriak eta ekintzak garatzen dira, etorkizuneko bizikidetza hobeago baten alde.
Ikasleen eta hezkuntza profesionalen konpetentzia multzoa areagotzea lortu nahi da, norberak mundu plural batean bizitzen ikasteko edota ingurune plural horiek kudeatzeko begirada eta estrategiak bereganatzea.
- Aniztasunarekiko errespetua sustatzen da, beste ikuspegiekiko irekitasuna lantzen da, justiziaren aldeko jarrera bultzatzen da, giza eskubideen ikuspegia txertatzen da, fenomeno globalen eta lokalen arteko lotura aztertzen da, eta ikuspegi intersekzionala txertatzen da.
- Kulturalki askotarikoak diren ikasle, familia eta herritarren ezaugarri eta esperientziak ezagutaraztea eta ezagutzea nahiz horiei garrantzia ematea lortu nahi da. Besteak beste, diskriminazio iturri izan daitezkeen baldintzak, migrazio prozesuen kausak eta giza eskubideen urraketak analizatzen dira. Garabide prgoraman, ikasgelan egon daitezkeen identitate anitzei eta familia errealitateei ere lekua egiten zaie, gure herriak izandako bilakaera historikoari erreparatuz: diktadura garaia, euskal herritarren emigrazioa, 60-80. hamarkadetako immigranteak, egungo migrazioak eta munduko gertaerak, etab.
- Toki berezia egiten zaio Garabide programan euskal kulturari eta euskarari, egoera eta bilakaera aztertzen delarik. Hortaz, hizkuntza hautuen inplikazioaz pentsatzea, euskalduntasunari buruz hausnartzea, euskararekiko sentipenak adieraztea eta euskal hiztun komunitatearen kezkei heltzea lortu nahi da, munduko hizkuntza eta kultura gutxituen ikuspegitik.
Mila esker munduko hizkuntza guztietan eta munduko kultura guztietan egiten den modu denetan Errenteriako Udalari eta Garabide elkarteari!